Hondamendia eta kaosaren aurrean, badaude oraindik ere erabakitzeko eta merkatu eta gobernuen jokaerak zigortzeko mekanismoak. Nahikoa da horretarako herriari galdetzea. Estrategia neoliberala nolabait zigortuz, Islandiako herriak dagoeneko birritan esan dio ezetz diru publikoekin banka pribatuaren zorra kitatzeko galderari. Bestalde, natur baliabide eta energia iturriekin lotuta, Italiako herria izango da udaberri honetan zehar erreferendum bidez erabakitzera doana. Ura ondasun publikoa den ala merkatu pribatuen esku laga daitekeen salgaia den ebatziko dute alde batetik. Bestetik, energia nuklearraren produkzioaren debekua mantentzeko aukera izango dute, bigarren aldiz (1987an, Chernobileko istripuaren ondoren herriaren erabakiz ebatzi zen energia nuklearra ekoiztearen debekua). Inbidiagarria da, epaitegietara azaltzen ez den lehen ministro horren herrialdean, erreferendumek duten potentziala. Gure auzoko katalanen artean, oraintsu amaitu da duela urte eta erdi abiatutako independentziaren inguruko kontsulta (ez-ofizial) olatua. Ez zaie ezertxo ere galdetu ostera, sektore publikoan (eta bereziki osasun arloan) ematen ari diren murrizketa latzen inguruan. Gurean ez zaigu ezer galdetzen, ez ingurumenaren, ez politika sozio-ekononomikoen, ezta herri nortasunaren inguruan ere. Kontsultarik ez…eta gainera, hilabete bukaeran hautesontziekin dugun zitan, herriaren ahotsetako bat ixilarazi nahi da. Demokrazia ero, demokrazia zero.
Utzi erantzun bat