Erreskatearen atzaparrak

Berrian argitaratua 2010/12/31

Greziaren ostean, Tigre Zeltiarrari egokitu zaio. Erreskatea heldu da, eta otso atzaparrak ditu: Nazioarteko Moneta Funtsa (NMF) eta Europako Banku Zentralarenak (EBZ). Irlanda onik ateratzera datoz, baina ez herritarrak lagundu asmoz, baizik eta banka-sektorea salbatu asmoz: Alemania, Frantzia eta Erresuma Batuko bankuak daude honen atzean, Irlandako kredituaren hartzekodun garrantzitsuenak, beraien dirutzak berreskuratu nahian1

Interbentzio honen trukean, Irlandako gobernuak, erreforma sakona aplikatzea onartu du, datozen lau urteetarako aurrekontu defizita 15.000 milioi eurotan murriztuko duela aginduz. Beste hitz batzuetan esanda, gobernuak, inongo herritarrek hautatu ez duten erakundeen esku utzi du herriaren etorkizuna. Gastuen aldetik 10.000 milioi eurotako murrizketa aurrikusten da, eta 5000 milioi euroko hazkundea zerga-bilketaren aldetik.

Zifra potolo hauen itzulpena herritarren ongizatearen terminoetan latza da oso, hain zuzen ere neurri hauekin kolektiborik ahulenak zigortzea erabaki delako: prestazio sozialen 3.000 milioi eurotako murrizketa, soldata minimoaren merketzea, erretiro adinaren atzeratzea, 25.000 funtzionarioren kaleratzea, unibertsitate-tasen garestitzea…

Dean Baker amerikar ekonomialariak2 ez du inolako zalantzarik, Irlandako langile-klaseak, eta Espainia, Portugal, eta beste zenbait herrialdetako langileriak krisia “ordaindu behar” izatea erabaki erabat politikoa dela esatean. Bere hitzetan, NMF eta EBZ bezalako erakundeei buruz sarritan azpimarratu ohi den izaera ez-politikoa,

“ klinikoki hilda dagoen pertsona batek baino ez luke sinetsiko ”. Langileriak norbere herrialdeetako banka-sektoreak egindako sarraskia ordaindu beharra, ez da inondik inora derrigor bete beharreko formula ekonomikoa, erakunde hauen deliberamendu politikoa baizik.

Errezeta neoliberal hauek ez dira berriak. Urteetan, Irlandako ekonomiaren miraria goraipatua izan da, laudatua: 90 hamarkadaz geroztik izan duen goraldi ekonomikoa (1994-2004 bitartean Barne Produktu Gordinaren %7ko batazbesteko hazkundea) eta aplikatutako politika-ekonomiko liberalak eredugarri izan dira. Mirari ekonomiko honen oinarrian bi izar nagusi azpimarratu behar dira. Alde batetik, Sozietateen gaineko zerga, %12,5eko tasa nominalera hondoratu dena3 eta atzerriko kapital inbertsio gosetiari ateak ireki dizkiona. Bestalde, eraikuntza sektorean oinarritu den hazkunde espekulatiboa, zorraren hedapen esponentzialaren eskutik etorri dena4.

Honen harira, Vicenç Navarrok, azpimarratzen du bai Irlanda eta baita Estatu Espainolaren kasuan ere, banka eta eraikuntza sektoreen arteko bategitea izan direla delako mirariaren motore nagusia. Ez da hau bi herrialde hauek konpartitzen duten ezaugarri bakarra: biek dauzkate EB-15eko zerga kargarik baxuenetakoak (eta gastu sozialik baxuena ondorioz). Datuak, gurera ekarrita, ez dira hobeak: EB-15eko batazbesteko presio fiskala BPGaren %39,8koa den bitartean, EAEn eta Nafarroan %33,7koa eta %32,5ekoak dira hurrenez hurren, espainiar batazbestekoaren azpitik, eta soilik, Irlanda eta Greziaren aurretik.

Hona oraingoz, ez da erreskaterik heldu, baina krisiak eztanda egin aurretik eta ostean ere, korronte neoliberaleko politikak aplikatu dira eta aplikatzen ari dira. EAEn eta Nafarroan, erreforma fiskal garrantzitsuak eraman dira aurrera, bietan ere, errenta altuenak eta kapital errentak desfiskalizatu asmoz. Sozietateen gaineko zerga %28ra murriztu egin da, Irlandan baino maila apalagoan, baina Estatu Espainolean baino gehiago (kontuan hartu behar da %28a tipo nominala dela, eta kenkari guztiak aplikatu ostean zerga likidatzen denean ordaintzen dena, zergaren tipo efektiboa, 12 puntu txikiago dela estimatzen dela). Horretaz gain, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren dualizazio lotsabakoa burutu da: lan errenten gainean tasa hazkorra aplikatzen da, eta baxuenek %23ko zergak ordaintzen dituzten bitartean (%45 ordaintzera iristen dira altuenak), kapital errentek %18 tasa finkoan tributatzen dute.

Krisiari aurre egiteko neurrien artean ez dira aipatzen kapital errentak eta errenta altuenak gehiago zamatzea, azken urteeotako desfiskalizazioa zuzentzeko. Irlandaren kasuan ere “ez dira negoziagarri” eta halaxe esan du Mary Coughlan, Irlandako lehen ministro ordeak %12,5eko sozietateen zergei buruz. Aitzitik, BEZ bezalako zergaren igoera izan genuen joan den uztailean5, (Irlandan ere iragarri dute), lan erreforma ere onartu zen, eta hortxe dugu erretiroen erreforma ate joka…Urtero argitaratzen dira enpresen eta kapital errenten fraude fiskalari buruzko estimazioak, zifrak zeharo beldurgarriak dira. Baina Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako kontseilariak berriki adierazi du noren atzetik joango diren: Eusko Jaurlaritzak laguntza sozialak jasotzen dituzten pertsonen espedienteak aztertuko ditu, zorrotz, eta formazio edo enpleguren bati uko egiten dietenei, Dirusarrerak Bermatzeko Errenta erretiratuko zaie.

Ziria sartu nahi digute izkina guztietatik. Erabaki politikoak direnak, erremedio teknikoak direla sinestarazi nahi digute, eta gainera, erreskaterik heltzen ez zaigun bitartean erreformak begi onez hartu behar ditugula. Ziria sartu nahi digute globalizazioaren izenean, erabaki guneak gure eskuetatik at daudela esaten dutenean. Baina badira erabaki guneak gugandik gertuago, eta hauek ere erantzule dira hein handi batetan. Eta hau gutxi ez bada, krisitik atera ahal izateko gizarteko sektorerik ahulenak zigortzen eta kriminalizatzen ari dira, gaitz guztien errudunak, langabetuak, laguntza sozialak jasotzen dituztenak, erretiratuak edota etorkinak direla aditzera emanez.

1 Financial Times-en, Nazioarteko Ordainketen Bankuak publikatutako datuen arabera, dirutza hauek, hiru herrialde hauen Barne Produktu Gordinaren gainean duten pisua, %2koa da Frantziaren kasuan, %4,5 Alemaniarentzat, eta %7 Erresuma Batuarentzat. Finantza krisiaren nondik norakoak ulertzeko, Juan Torres López “La crisis financiera”, eta autore berak Lina Gálvezekin batera argitaratutako “ Desiguales. Mujeres y Hombres en la crisis financiera”, genero ikuspegia barneratzen duena

2 Arruinada por los rescatadores, Dean Baker, The Guardian. Itzulpena Rebelionen argitaratuta, 2010eko azaroaren 25ean).

3 1990ean %40koa zen zerga, eta gaur egun, %12,5ean, Europako batezbestekoaren %23,2 oso azpitik dago

4 Zor publikoa eta zor pribatuak, neurrigabeko mailetara iritsi ziren, eta Irlandan, BPGaren %700eko gailurra pasatu zuen. Vicenç Navarro, “¿Qué pasa en Irlanda y en los otros PIGS, incluida España?, Sistema aldizkari digitala, 2010eko azaroak 26

5 BEZaren igoera neurri erregresiboa da, zergaren igoera pertsona guztiengan aplikatzen delako, norbanakoaren errenta maila kontutan hartu gabe, eta errenta-maila baxuagokoak zigortzen dituelako, proportzioan, errenta maila altukoak baino

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: