Apaiçak obeto!

Apaiçak obeto!

Halaxe erantzuten zieten Ternua eta Labradorko amerindiarrek, Zelan? galderari Euskal Herritik hurbildutako baleazaleei entzunda. Gaur egun, kaleko eguneroko hizketaldietan gehien entzuten den erantzuna, «badakizu, krisia…» edo tankerakoa izan ohi da. Elkarrizketa arruntenetan, solasaldi arin edota sakonetan, kaleko topaketa laburetan, errotik sartu zaigu hitz madarikatu hau: krisia.

Eskuartean, Caritasek berriki kaleratutako txosten bat dudala, denon ahotan den krisi honen ondorio iraunkorrei buruzko analisiari begiratu bat ematen hasi naiz. Caritasen aterpera doazen pertsonen artean, 322 eurokoa da batazbesteko hileroko diru-sarrera espainiar estatuan. Erne! Hori batazbestekoa da, izan ere heren batek ez baitu etxean inolako diru-sarrerarik… Lekutan geratzen da 650 euro inguruan finkatuta dagoen pobrezia atalasea. Joan den urtean, EAEn 42000 pertsonari eman zien arreta Caritasek, aurreko urtean baino %5,4 pertsona gehiagori. Azken hamarkadari begiratzen badiogu berriz, espainiar estatuan zifra hori hirukoiztu egin dela ikusiko genuke. Igoera honek pobreziaren hedapena islatzen du baina horri pobreziaren intentsitatea eta kronikotasunaren areagotzea ere gehitu behar zaizkio. Caritasera jotzen dutenetako askok hiru urte edo gehiago daramate laguntza eskatzen eta gainera, pobreziaren atalaseak ere behera egin duela kontuan hartuta, pobre direnak erlatiboki geroz eta pobreago ere badirela irakurri behar da hortik. Hortaz geroz eta pobrezia bortitzagoa, hedatuagoa eta luzarorakoa.

Krisiak ekarri dituen ondorioak gainditzeko saiakeran, familiek nagusiki hiru zailtasun egoerari egin behar diete aurre. Batetik, epe luzeko langabezia eta gizarte prestazioak jasotzeko eskubidearen galera dauzkagu. Bestetik, likidezia faltarekin lotuta, hipoteka eta hornikuntza gastuei aurre egiteko ezintasuna. Azkenik, hirugarren arazo potolo bezala, azken lau urteetan (2008-2011) udal eta autonomia mailan kudeatzen diren prestazio publikoen gutxiegitasuna identifikatzen da. Gutxiegitasun honetaz gain, diru-laguntzen kobrantzan dauden atzerapenak, aurrekontu eskasa eta prestazioetara jo ahal izateko baldintzen areagotzea salatzen dira.

Oztopo egoera hauek ez dira inolaz ere unean-unekoak, egiturazkoak baizik eta gurean geratzeko prest datoz. Izan ere, gaurkoan hizpide dugun txosten honek krisiaren ondorioei buruzko zertzelada nagusiak ematen dizkigun arren, zer da epe luzera espero duguna? Zalantzarik gabe, krisiaren ondoriorik larrienak hemendik urte batzuetara nozituko dira, esparru sozialean gehien bat. Gaur egun politika ekonomiko egoki batekin bideratzen ez direnak, nekez konpondu ahal izango dira krisiaren ondorioak gizartearen muinetaraino sartzen direnean. Orduan gaixotasun kronikoa izango da eta ez da balioko digun errezetarik egongo.

Eusko Jaurlaritzak ere ondotxo daki Caritas bezalako erakunde baten lanak, laguntza humanitarioaren eremuan gizarteari dakarkion onura. Lan eta Gizarte Politika Sailak erakundearekin ekainean sinatutako lankidetza akordioak, onespen horri keinu instituzionala eta monetarioa luzatu dio. Sailburu andreak, egoeraren gordintasunari egin zion erreferentzia, abagunearen krudeltasunari. «Ez dadila familia bakar bat ere babesik gabe geratu.» Antza, lankidetza akordioak sinatu bitartean, gobernutik hartutako neurri murriztaileak ere helburu berarekin egiten al dira? Ala, Zabaleta anderea -oraindik karguan daudenei galdetu beharko-Ternuan bezala erantzuten al duzu zeuk ere: Apaiçec obeto!

 2012ko Abenduaren 2an Berrian argitaratua.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: