Aukera kontua

Egungo krisiak zerbaitetan lagundu badu, ekonomia -eta politikaren- finantzarizazio zoro honen munstrokeria ageri-agerian uzten izan da. Munduko ekonomiaren zentzugabekeria nabarmen geratu da: baliabide gehienak espekulazio mugimenduetara bideratzen dira, finantza-kasinora alegia.

Finantza-sistema gaixo dago eta pozoitsua da, oso. Hilgarria izatera ere irits daiteke, nekazaritza produktuen finantza-eratorrietan inbertituz Afrikan elikagai-krisia pizten denean, edota zuzenean armen industrian inbertitzen denean. Hori salatu du hain zuzen ere uda honetan bertan argitaratu den ikerketa batek: arma sektoreak banka pribatuarekiko duen menpekotasuna. Espainiar estatuan sektore honetan inbertitzen duten 42 entitate ezberdin antzeman dira, eta horien artean Euskal Herriko zenbait kutxa aski ezagun ere badago. Fundazio batek kaleratutako dokumentu honexek, banka-sektorearen tripak erakusten dizkigu. Azken bost urteotan, 1372 milioi inguruko ziztada jaso dute arma ekoizpenean diharduten 30 bat enpresek. Akzio-partaidetza, kreditu edota inbertsio-fondoen bidez, arma industria denetan gehien lagundu duen bankua, espainiar estatuan erreskatatua izan den banku erraldoi bera izan da. Ezusteko bitxia!

Mesfidantza hedatu da gizartean, eta jendea beldur da norbere diruarekin bankuek zer negozio klase egiten duten. Krisiarekin batera, bankuen mozkinen beherakada, sukurtsalen ixtea eta bategiteen berri izan dugu. Baina aldi berean, bada goraldian dagoen sektore bat: banka etikoa. Euskal Herrian indar gehien duten bi entitateek ibilbide desberdina dakarte, baina biak ala biak ere lurraldean hedatuz ari dira. Batak Holandan du jatorria eta 80ko hamarkadan abiatu zenetik, gaur egun Europako banku etikorik handiena izatera iritsi da. Bigarrena berriz, 2003an sortu zen Bilboko hainbat elkarteren ekimenez eta gaur egun, Italiako kreditu-kooperatiba garrantzitsu batekin lan egiten du. Espainian ere sektore honek azken urtean izan duen hazkundea apartekoa izan da eta geroz eta gehiago dira haien aurrezkiak banka etikora eramaten dituztenak.

Sektore honek pizten duen konfiantza, gardentasunean oinarritzen da, haien jardueren nondik norakoak eta kontuak argitaratzen diren heinean. Finantza jarduera espekulatiboak eta eskandaluzko hipoteka kredituak baztertuta, ekonomia errealean zentratzen dira, ingurugiro eta gizarte esparruko beharrizanak kontuan hartzen dituzten ekimenak finantzatuz. Esate baterako, adineko pertsonen zainketekin lotutako egitasmoak edota gizarteratzearekin lotutako proiektuei ematen diete kreditua. Bestela esanda, gizartearentzat nolabait mesedegarri diren egitasmoak bultzatzen dituzte, sarritan tokian tokiko elkarte-sareak indartuz.

Zertan inbertitzen duten jakitea bezain garrantzitsua da, zertan jarduten ez duten jakitea. Horretan ere gardentasuna da nagusi, eta esplizituki jakinarazten dute zer nolako ekintzak alboratzen dituzten. Besteak beste armagintzari, energia nuklearrari, lan-eskubideak urratzen dituzten lantegiei, edota ustelkeria kasuetan murgilduta egon diren enpresei jartzen diete betoa.

Kontu bat irekitzean, ez digute inolako etxetresna elektrikorik ezta maletarik oparitzen, eta gordailuen errentagarritasuna, ohiko banketxeena baino apalagoa da. Baina era berean, banka etikoan langile arrunt baten eta kontseilari-delegatu baten soldataren arteko harremana 1-10ekoa den bitartean – hau da, gehienez hamar aldiz gehiago irabazi dezake kontseilari batek-, gainontzeko bankuetan soldata-abanikoa 1-1000koa izatera irits daiteke.

Ohiturak ez dira erraz aldatzen, baina azken finean aukera kontua da. Bankuek haien hautua egiten duten modu berean geuk ere erabaki dezakegu gure sosak non utzi, eta non ez. Aukera eta etika kontua. Testuan inolako bankuren izenik aipatu ez izana ere hautu pertsonala izan da, estetikoa kasu honetan, baina ez da hain zaila zeintzuez ari naizen asmatzen.

2012ko Irailaren 23an Berrian argitaratua.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: