Itomena

Hilabetea bukatzear dago, eta gaur jaso dut hile honetako oinarrizko errenta. 862 euro, ez da 900ra iristen. Hau lasaitua! Zenbateko horrek etxebizitzarako laguntza osagarria ere barne hartzen du.   Dena den, alokairua ordaindutakoan erdiarekin geratuko naiz. 400 euro, arnas dezaket oraindik. Irratia piztu dut: Euskadi pobrezia zero plataformak atera duen txosteneko datuak entzuten ari naiz. Erkidegoko biztanleriaren %4,1 bizi da pobrezia edota bazterkeria egoeran, eta beste %15 pobrezian erortzeko arriskuan dago. Ez dakit ni bigarren taldean sartuko ote nauten, baina hilabetea hasi besterik ez da egin eta 300 euro ditut kontuan. Arnasestua.

Tira! Behingoagatik, ulergarriak diren datu ekonomikoak ekarri dizkigu txosten honek. Ez da arrisku-primari buruz ari, aberastasunaren bidegabeko banaketaz baizik. Adi, EAEko biztanleriaren %1,3k aberastasunaren %44 pilatzen du. Latza gero! Latza, bai. 180 euro kontuan eta ez da oraindik hilea amaitu. Batzuetan pentsatzen dut eskerrak seme-alabarik ez dudan. Ez dakit besteek nola egiten duten, ez dakit. Zu bakarrik zarenean kezka handia da, baina umerik izatekotan, zoramena izan behar du. Infernua?

Bestelako datu ekonomikoen arabera, Espainian, bai. Eta infernuan, amildegia: geroz eta tarte handiagoa dago aberatsenen eta pobreenen artean. Kontzeptualki behintzat, datuak oraindik ere ulergarriak dira. Eurostat-en arabera, Espainia da Europako Batasuneko 27 kideen artean errenta banaketarik bidegabeena duena. Halaxe dio Gini indizeak. Wikipedia: Indize honek 0 eta 1 arteko balioak hartzen ditu: 0 balioak berdintasun perfektua irudikatzen du, eta 1ak berriz, desberdintasun absolutua. Espainiak, bada, estatistika hau jasotzen denetik,  inoiz izan duen emaitzarik kaxkarrena lortu du: 0,34. Alemaniari 0,29 balioa dagokio eta Norvegiari, 0,22.

Kiribildu dezagun apur bat gehiago, datuak ulertzeko gai garen bitartean. 80/20 ratioak, biztanleriaren %20 aberatsenaren sarrera maila alderatzen du, %20 pobreenarekiko. Xapó! 7,5  dio ratioak. Beste edozein herrialdek baino zifra handiagoa atera du Espainiak berriro ere, Europako  batazbestekotik urruti,  desberdintasun handienaren seinale. Orain bai, arnasa falta zait, larrialdia.

100 euro ditut kontuan: alerta gorria! Prestazioa jasotzea hiritar gisa dagokidan eskubidea da,  nik ondo barneratu dut. Baina nire inguruan horixe etengabe defendatu beharrak zalantzan jartzen nau. Ez naiz ez alperra, ezta  sistema honetaz elikatu nahi duen bizkarroia ere. Gaztea naiz, 40 urte bete berri ditut, baina ez dut lanik aurkitzen. Eskerrak familia hor dudan, benetan. Inoiz beharko banitu…Beno, pisuko asegurua ordaindu ahal izateko dirua eskatu diet aste honetan. Jendeak galdetzen dit, ea zergatik ez naizen gurasoenera bizitzera itzultzen. Hain zaila al da ulertzen? ez dut haien kontura bizi nahi, nire bizitza neuk gidatzeko gai izan nahi dut.

Baina zertan huts egin dut? Frustragarria da batzuetan. Nirea al da porrota? Begira, Estefania ekonomialariaren artikulu bat irakurri dut gaur trenean. Estatubatuar aditu bik, herrialdeen Porrotaren zergatia aztertu dute, Adam Smithek Nazioen Aberastasuna jorratu zuen moduan. Emaitza interesgarriak ekarri dizkigute: gizarteek eratzen dituzten erakunde artifizialak dira herrialde bat aberatsago edo pobreago egiten dutenak. Hau da, hiritarren eskura jartzen diren erakunde politiko eta ekonomikoak dira arrakastaren -edo porrotaren- giltza. Gaitasun indibidualek ere badute bere garrantzia, baina erakunde-esparru egokia behar da hauek garatu ahal izateko. Prozesu politikoek erabakitzen dute neurri handi batean zein erakunderen gerizpean bizi garen. Zein erakundek gidatu, eutsi eta eraldatuko duten gu bizi gareneko gizartea. Porrota, politikarena da beraz.  Lasaitua? Itomena, sei eurorekin amaitu dut hilea, eta egia esan ez dakit nola egin dudan. Uste dut arrisku primak berriz egin duela gora, edo behera. Akaso, IBEX35a izango zen. Libreta egunean jartzera noa, ea hilabete honetakoa kobratu dudan.

2012ko Urriak 28an Berrian argitaratua.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: