Ni ez naiz… nabil! (2008an idatzia)

Kaletik goazela, sarritan egiten dugu topo batekin edo bestearekin. Batzuei eskuekin egingo diegu agur. Beste askorekin, pare bat esaldi baino ez: Aspaldiko!, Dena ondo?,  edo Goraintziak etxekoei! Beste zenbaitekin ostera, luze arituko gara, berriketan, edozein gairi buruz. Halakoetan, elkarri galderak eginez bideratzen dira elkarrizketak. Lagunari, nondik datorren galdetzen diogu, edo asteburuan zelan pasatu dugun galdetzen digute guri. Baina zenbait kasutan, galdeketarekin itota sentitu gaitezke, erantzun ezinik. Orduan zu zer zara, irakaslea edo ikertzailea? Egoeratik ihes egitearren erantzun egiten dugu: A edo B esanez. Egia esan, galdera bota digunak, ezin baitu asmatu guk, gure baitan eduki dezakegun kontraesan-korapiloa. Parean dugun pertsona horrek galdetuko baligu zein den irakurri dugun azken liburua edo zein ikusi dugun azken filma, gutaz irudi fidelago bat jaso lezake. Errazagoa da beti ere, gizartean markatuta dauden ohiko galdera-sortak egitea. Gero, erantzunen arabera, gu eta ingurukoak sailkatu eta kategorietan kokatu ahal izateko. Bestela, gure inguruko pertsona guztiak sakonki ezagutzea nekeza litzateke, informazio saturazioa.

Kontuz ibili behar dugu norbere identitatea kategoria bakar batean definitzeko erosotasunean ez erortzeko. Identitatea, bakarra baldin bada, milaka elementuz osatuta dagoelako da. Amin Maalouf-ek Identidades asesinas liburuan esaten duen moduan:

“Mi identidad es lo que hace que yo no sea idéntico a ninguna otra persona…….La identidad de una persona está constituida por infinidad de elementos…no todas tienen la misma importancia…ninguna carece por completo de valor”

Delako modernotasun likido honetan, bigarren modernotasun edo posmodernotasun honetan, (eta ideia hauek bereizten hasi gabe) agerian geratzen den ezaugarri bat, erakundeen indarraren galera da. Uste dut Ulrick Beck-ek bete-betan asmatu zuela Zombie-Kategorien, edo “erakunde zonbiak” terminoarekin.  Lanak, lanbideak, pertsona baten identitatea zehazterakoan zuen gaitasuna, erabat ahuldu da. Gaur egun, ez dugu betirako iraungo digun eta gure nortasuna definituko duen lanpostu bat espero, ezta nahi ere. Ezegonkortasunak kezkatzen gaitu, baina predeterminazioak ito. Ezin dugu gure identitatea lanbide batean definitu, baina erreferentziak nahi ditugu. Zimenduek egitura sostengatzen dute, ez lurzoru euskor batean, zoru likido batean baizik. Uko egin nahi diogu bizimodu erabat normalizatu edo hermetiko bati. Aukeratzeko eta gure bidea egiteko askatasuna exijitzen dugu. Baina eredurik gabe galduta gaude.

La tendencia totalitaria, tan prominente en la modernidad “sólida”, se marchita y se disipa en la variante “líquida” de la condición moderna….La posmodernidad, la modernidad en su fase “líquida”, es la época de desincrustar sin reincrustar, de desarraigar sin plantar…en la “modernidad líquida” el secreto del éxito reside en…ser móvil y estar siempre a mano...”  (Bauman, 2001)

Testuinguru honetan, lanbide desberdinak “dastatuz” mugitzen gara. Orain hau, gero beste hori. Ez dakigu kontratua berriztatuko diguten ala kale gorrian utziko gaituzten. Ez dakigu ere, langabezi-laguntza jasotzeko betekizun guztiak konplitzen ditugun. Noraezean bizi gara. Aldi berean, beldurra ematen digu erantzukizunak eta epe luzeak. Nonbaitera heldu nahi dugu, baina ez edonora. Helmugak zehaztu nahi ditugu, baina aurrean bide anitzak ditugula.

La consigna “nada a largo plazo” desorienta la acción planificada, disuelve los vínculos de confianza y compromiso y separa la voluntad del comportamiento”  (Sennet, 2002).

Beraz, ziurgabetasun egoera horretan oso zaila da gure bidea planifikatu eta eman beharreko pausuak lehenagotik zehaztea. Aurrera begira ortzemuga zabal-zabala ikus dezakegu, aukera aniztasun itzela parez-pare. Baumanen “likido” berba berreskuratuz, ingurune “likido” batean mugitzen garela esan dezakegu. Igerian bai, baina “likidotasun” horretan ere, harri-koxkor batetik bestera salto eginez gabiltza. Hurrengo pausua emateko zalantzan gaude. Badago harritxintxar bat gugandik oso hurbil, jauzi txiki bat eginez bertara iristeko moduan. Baliteke ostera, urrunago dagoen harri bat begiz jota edukitzea. Zangokada bakarra nahikoa izango al da?Aldi berean, gerta daiteke harrietakoren bat kolokan egotea. Orduan, oreka galdu eta uretara eroriko ginateke. Prozesu horretan desio eta abagune berriak soma ditzakegu, eta horrek, norabidez aldatzera bultzatuko gaitu, edo bidean atzera egitera.

Hanka bat harri batean dugula eta besta erdi-zintzilik non kokatu ez dakigula, konpromisoa eskatzen zaigu. Eusten gaituen harriak leialtasuna eskatzen digu, inplikazioa. Lanean, %100ean murgiltzea exijitzen digute. Edozertarako prest egon behar dugu, beti apustu egiteko prest.  Guk berriz, ez dakigu noiz arte eutsiko dion harriak gure pisuari.

Gure gurasoen belaunaldiari begiratzen badiogu, harrituko gaitu euren lanarekin daukaten lotura mailak. Pertsona eta bere lanbidearen arteko identifikazioa erabatekoa dela esan daiteke, kasik bere identitatea definitzeraino. Haiek ere gurekin ikaratuko dira; gure ausardia faltarekin, inplikatzeko gaitasun gabeziarekin.Horregatik, kalean topo egiten dugunean geratu egingo gaituzte. Belaunaldien arteko ulertezintasun horretan, oraindik ere galdetuko digute:

– Orduan, zu zer zara?

– Ni…ez naiz,….nabil.

2008ko urtarrila

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: