BIDEGURUTZEAN. Berria egunkarian argitaratua, 2013ko Martxoaren 17an.

Aste honetan bertan aurkeztu da Eusko Legebiltzarrean 2013ko aurrekontuen lege proiektua eta berau osatzen duten ia atal guztiak gastu murriztea proposatzen da. Alabaina, Enplegu eta Gizarte Politiken Sailean, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) bere horretan mantentzea erabaki da.

Eusko Jaurlaritzak 2012ko urte bukaeran argitaratu zuen Pobrezia eta Gizarte Desberdintasunaren gaineko Inkestak, agerian utzi du DBE eta bestelako prestazio batzuen indarra. Izan ere, datuen arabera, gutxieneko errentek %37an murrizten dute pobreziaren hedadura; hau da, pobreziaren atalasetik behera bizi diren pertsonen ehunekoa.

Gogora dezagun, bada, 2012rako prestazioaren zenbatekoak %7an murriztu zirela eta 2011n aurrera eramandako erreformak prestaziora sarbidea izateko baldintzak zorroztu zituela. Besteak beste, erroldatze epea hiru urtera arte luzatzearen ondorioz, heldu berriak diren etorkinak kaltetzen dira zuzenean. Gisa honetako aldaketek, aurrezki ekonomikoa baino berez ahulagoa den kolektibo baten estigmatizazioa biziagotzen dute.

Gaur egungo krisi testuinguru honetan, giltzarria da, beraz, gutxieneko errenten inguruko auziari dagokion garrantzia ematea. Egoerari aurre egiteko aukeratutako neurrien arabera, krisi aro hau, DBE politiken ibilbidean haustura edo aukera une gisa uler daiteke. Urte honetarako, prestazioaren zenbatekoa mantendu egin bada ere, murrizketa, inplizitua da; krisia eta iruzurra aitzakia hartuta, 2011an egindako erreforma mantendu egiten baita, unean-unekoa zirudien neurria betikotuz. Argi dago beraz, zein den krisiaren bidegurutzean gobernuak hartutako bidea.

Bestalde, 2011ko azken erreforma horrek, lan merkatuan txertatzeko prestutasunari zentraltasun handiagoa eman dio, onuradunek gizartean pairatzen duten estigmatazioa areagotuz. Bide batez,  onuradunen artean dualizazioa indartzen du; diru-laguntzarekin batera enplegu prekarioa uztartzen dutenen eta ez dutenen artean, alegia.

Dualizazio horrek daukan esanahiaz hausnartzen hasita, baliagarri gerta daiteke Frantziako erreformaren aurrean planteatu diren auziak gurera ekartzea. Hain zuzen ere, Frantziako RSAren ezarpenak, hurrengo kezka piztu dio Paugam soziologoari: «gizarteko pobreenak, lan merkatuko sektorerik degradatuenetan» kokatzeko prozesuan izan dezakeen eragina. Izan ere, ekonomiaren sektore jakinetan gisa honetako lanpostuak mantentzea zilegiago izango da eta prestazioaren onuradunen artean, zenbait lanpostu baztertzea ez da onartuko.

Azken batean DBE prestazioaren onuradunak lan merkatura lotzerakoan, prekarietate eta pobrezia egoeran harrapatuta  geratzeko duten arriskua handitu egiten da. Horixe da, Robert Castel soziologoak prekarietatearen instituzionalizazio ideiarekin islatu nahi duena.

Horrek guztiak, Ingalaterrako 1834 urteko Pobreen Lege Berria gogoratzera garamatza, zeinak langabetu eta txiroak aukeratzera behartzen zituen: miseria baten truke edozein enplegu onar zezaketen, edo, bestela, babes-etxeen babesera jo zezaketen, gizartearen aldetik jasoko zuten iraina eta bazterketa bere eginez. Tony Judt historialariaren hitzetan, Pobreen Lege hau berau zen iraina: legeak eskainitako babes-mailaren aldean,  beste edozein alternatibak –enpleguk- erakargarriago izan behar zuen.

Gara hartako teoria ekonomikoek gainera, langabeziaren existentzia bera ukatzen zuten; eraginkorra den merkatuan lanaren ordez beste aukerarik ez balego,  mundu guztiak aurkitu beharko luke enplegua,  lansariak behar beste murriztuko balira.

Gaur egun ere, eraginkortasun engainagarri honetan fedea dutenek sinetsi arazi nahi  digute Espainiako Gobernuaren lan erreformak, enplegua sortzea duela helburu. Aldiz, langabeziak gora egiten jarraitzen du, lansariak eta lan baldintzak okertuz doazen bitartean. Bide beretik, DBEren zenbatekoa bere horretan mantentzea, garaipen gisa saldu nahi digute. Baina, zalantzarik gabe, 2011ko erreforma murriztailea iraunaraztearekin batera, guzti honek nabarmen uzten du gobernuaren jarrera: gutxieneko errentak garatzearen aldeko apustu eza, alegia.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: