AUSTERITATEAREN DOGMA (Berria-n argitaratua, 2013-05-26)

dogma
Europako Caritasek argitaratu berri duen txosten batek, beste behin ere, baieztatu egiten digu honezkero bagenekiena. «Europan nagusitu diren doikuntza-politikek ez dute arrakastarik esparru ekonomikoan; ez dute funtzionatzen. Gizarte esparruan,berriz, kohesioa eta Europako Batasunaren beraren zilegitasuna kolokan jarri dituzte zorroztasun neurriek».

Adierazpen irmo horri ñabardura bat erantsi nahiko nioke: ez da guztiz egia doikuntza-politikek porrot egin dutenik. Aitzitik, garaipena erabatekoa izan daitekeela pentsa dezakegu, neurri horien guztien atzean dagoen ideologiaren sakon-sakonera bagoaz: austeritate hedakorraren dogma ekonomikoa, horrelaxe bataiatu du Vicenç Navarrok. Adituaren ustetan, erabateko engainua da austeritateak hedaldia ekarriko duela sinetsaraztea, eta hortxe dago dogmaren arrakasta.

Aipatutako txostenak GIPSI herrialdeen egoera aztertzen du. Grezia, Irlanda, Portugal, Espainia eta Italiako gobernuen zorpetze maila, azken urteotan inposatutako murrizketak eta neurriok enpleguan eta pobrezian izandako inpaktua jasotzen ditu besteak beste. Zeharkako zergen igoera (BEZa batez ere), osasun eta hezkuntza gastuen murrizketak, pribatizazioak, lan erreformak, gizarte politiken txikiagotzea, menpekotasun legearen desagerpena, langabezia sarien urritzea … Dosi txikietan iragarri izan dituzten erreformak bata bestearen atzean irakurtzeak zorabioa ematen du.

Txostenean Espainiaren kasurako zerrendaratzen direnek, aldakuntza txikiren batekin, Euskal Herriko Hegoaldean ere erasan dute. Salbuespenaren adibide gisa, EAEn egoera irregularrean dauden etorkinek badute oraingoz mediku arreta izateko eskubidea, Espainiako Estatuan baino era unibertsalagoan behintzat.

Hala ere, SOS Arrazakeriak salatu egin du irregulartasun egoeran dauden etorkin guzti-guztiek ez dutela mediku arreta bermatua. Bestetik, Etxebideko zerrendetatik kanpo geratu dira haien egoera erregularizatzea lortzen ez duten etorkinak. Jaurlaritzak egoitza bidez eskatu die egoitza txartela daukatela frogatu behar dutela. Argi dago egoera irregularrean dagoenari ezinezkoa eskatzea dela hori. Eta eskakizun horrek etorkinek etxebizitzaren esparruan dituzten zailtasunak areagotu baino ez ditu egiten.

Azkenik, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren azken erreformak diru-laguntza jaso ahal izateko baldintzak zorroztu ditu, eta, beste behin ere, aldaketetako batzuk etorkinen kalterako dira. Gogora dezagun, bada, erroldatze epea urte batetik hirura luzatu zuela 2011ko erreformak. Begi-bistakoa da norengan pentsatuta diseinatu zen aldaketa.

Berez ahultasunak dituen kolektiboaren kontra egiten duten erreforma horien jatorria ez dago inongo Atzerritartasun Legeren eraldaketan. Izan ere, austeritate hedakorraren dogma ekonomikoak zirrikitu eta zoko asko eskaintzen ditu, austeritatearekin batera ideia xenofoboak zabaltzeko.

Doikuntza neurriekin gertatzen den bezalaxe, aipatutako azken hiru neurri horiek ez dira aurrera eraman aurrezki ekonomikoa ekarriko dutelakoan. Zertan dago orduan arrakasta? Neurri ekonomikoen atzean, bestelako izaera daukaten neurriak sartu nahi dizkigutela.

2 thoughts on “AUSTERITATEAREN DOGMA (Berria-n argitaratua, 2013-05-26)

Add yours

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: