BAROMETROA (2013KO Ekainaren 30ean Berrian argitaratua)

Langile-klaseak pairatzen duen madarikazioaren inguruan saiakera oso interesgarria idatzi du Owen Jones britainiar gazteak. Erresuma Batuan langile-klasea irain eta  mespretxuen jomuga bihurtu da. Azken hamarkadetan deliberatuki hartu diren neurri ekonomiko eta politikoen emaitza dugu hau, beti ere neoliberaslimoaren bozeramaile diren  komunikabideen elkarlanari esker lortu dena. Klase arteko borroka  agortu ez dela diosku Jonesek.  Aitzitik, aberatsenak ari dira garaile ateratzen borroka honetan,  langile klasearen kalterako.

Liburuan aurkezten den egoera, oso estu lotuta dago  Thatcherren garaipenaren ondoren gauzatu den ongizate estatuaren suntsipenarekin. Hain zuzen ere, Ken Loachen azken lanak (The Spirit of ’45) taxuz dokumentatu du, 1979az geroztik eta oso abiada azkarrean desmuntatu den estatu sozialaren afera. Dramatikoa, oso.  Zinema generoa? Ez, guzti horrek maila sozialean daukan inpaktua da dramatikoa. Eraginen artean daukagu Owenek erretratatzen duen langile klasearen debaluazioa, edo bere hitzetan esanda, demonizazioa.  Guzti horretan, interes ekonomikoek eta nola ez, unean-uneko ziklo ekonomikoak, zeresan handia dute.

Informazio-desinformazio zurrunbilo bortitzek kolpatuta bizi gara. Komunikabideetan entzun-irakurtzen dena, estatistikek diotena, politikariek esaten dituztenak, eta ezartzen diren neurriak.  Iturri guzti horietatik edanez, iritzi publikoa eraiki eta trinkotu egiten da. Era berean,  iritzi publikoak korronte politiko eta mediatiko berriak elikatu ditzake, sorgin gurpil baten legez.  Garai batean pentsaezinak liratekeen neurriak legitimatu daitezke horrela.

Egunotan, Inmigrazioaren Euskal Behatokiak urteroko Barometroa argitaratu du. Azterketa honek, EAEko biztanleek atzerriko etorkineko duten jarrera eta pertzepzioa neurtzen du. Besteak beste, krisi ekonomikoak herritarrek etorkinengan duten ikuspegian eraginik ba ote duen  jorratzen du  txostenak. Eztabaida handiena pizten duen auzia, immigrazioak ongizate-estatuan duen eragina da, batik bat, gizarte-laguntzen esparruan. Honen harira, lauzpabost  datu ekarri nahi nituzke mahai-gainera.

Hasteko, duela zortzi urte gizartearen %80k uste zuen atzerriko eskulana behar zela ekonomiaren zenbait sektoretan lan egiteko, baina, 2012an ehuneko hori %36,36ra erori da. Ildo berean, etorkinek bertako jendeak nahi ez dituen lanak betetzen dituen ideiarekin lotuta, %63tik %40,6ra murriztu da immigrazioak bertako ekonomiari laguntzen diola pentsatzen duen biztanleriaren portzentajea.

Honenbestez, agerian geratzen da krisiaren eraginez etorkinen kolektiboarekiko  hedatuta zegoen ikuspegi funtzionalista, murriztu egin dela. Esango nuke, ez dela kolektibo honekiko jarrera utilitarioa murriztu egin delako, baizik eta, lan merkatuaren egoerak izan duen bilakaera zor zaiola: langabeziaren gorakadak eta zenbait sektoretan izan den lanpostu murrizketarekin  eskaintzarekin lotuta dagoela, alegia. Jada, antza etorkinak ez dira hain beharrezkoak gure ekonomiaren hainbat desoreka doitzeko.

Ondo dago etorkinek ekonomiara egiten duten ekarpena bistaratzea, baina Gizarte-segurantzan uzten duten edo uzten ez duten saldoa neurtzeak, bere arriskuak izan ditzake. Zer gertatzen da, datuek saldoa negatiboa dela erakusten dutenean? Hori al da pertsonek aurpegian  idatzita daramatena, gizarte segurantzarekiko daukaten saldoa?

Nolanahi ere, Barometroak jaurtitako emaitzen artean hurrengoek deitu didate arreta gehien. Izan ere, euskal gizarteak jada ez ditu lehen bezain beste,  hezkuntza eta osasun-arreta jasotzeko eskubideak unibertsaltzat aintzat hartzen. Urte bakarrean ia bikoiztu egin da eskubide horiek egoera administratibo erregularrarekin lotzearen alde dagoen biztanleriaren portzentajea.

Azken batean, joera hau bat dator maila politikoan iragartzen eta aplikatzen ari diren zenbait neurrirekin, eta baita, zenbait komunikabidek sustatzen dituzten ideiekin. Gizartean etorkinen demonizazioa sustatzen duten neurri ekonomikoak, eta aldi berean, neurri are zorrotzagoak legitimatzeko balio dezakeen iritzi publikoa. Bitarte horretan, ziklo ekonomikoa argudiotzat erabiltzea, aitzakia baino ez da.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: