Eraldaketa Handia (2014ko Martxoaren 23an Berrian argitaratua)

Gauzarik ederrenak esanda daude eta poemarik ederrenak idatzita. Politika ekonomikoaren inguruan idatzi diren harribitxiak, ez daude poesiatik hain urruti. Izan ere, aztertu nahi dena azaltzeko eraikitzen den eredua biribila denean, poesia bilakatzen da.

XX.mendearen lehen erdia amaitu baino lehen idatzi zuen Karl Polanyik “The Great Transformation” maisulana. Eraldatze Handia, alegia. Gizarte Kapitalista prozesu historiko multifazetiko gisa jorratzen du; XIX. mendean Ingalaterran abiatutako Industri iraultzarekin hasi eta 100 urte baino gehiagoren ostean mundu osora hedatu dena. Prozesu historiko honek, aldizkako atzeraldiak, gerra hondamendiak eta inperialismo-menderatzeak gordetzen ditu bere baitan.

Image

Analisi honen arabera, Krisi Kapitalistaren muinean ez dago inongo “matxura ekonomikorik”, baizik eta komunitatearen desintegrazioa, elkartasunaren haustura eta naturaren kontrako erasoa. Hau da, krisiaren jatorria ez dago ekonomiaren baitako kontraesanetan baizik eta Ekonomiak Gizartean hartzen duen lekuan. Historikoki merkatuak gizartean txertatuta egon izan dira, ekonomikoak ez ziren arauen menpe.

Eraldaketa Handiaren garaian, Merkatuen Autorregulazioaren dogma finkatu zen; hala, gizartean errotuta zeuden merkatuak gizartetik erauzi ziren. Merkatuen deserrotze prozesu horren ondorioz, gizartea, morala eta etika, merkatuen menpe geratu ziren. Hortaz, merkatuak gizartean txertatuta eta araututa egotetik, gizartetik askatu eta arau ekonomiko hutsen menpe egotera pasatzen dira. Prozesu horren ondorioz, historikoki edozein gizarteren oinarri izan diren elementuak -lurra, lana eta moneta- merkatugai bihurtzen dira; “fikziozko merkatugaiak”.

Fikziozkoak, zihoen Polanyik, jatorrian ez zirelako sal-erostekoak. Monetaren inguruan, gaur egungo aditu baten hitzak ekarriz, hauxe Torres Lopezek egindako metafora: moneta eta merkatuaren arteko dibortzioa. Beste puntu bat poesiaren alde. Historikoki ekonomia batean dabilen diru kantitateak harreman proportzionala gorde izan du elkar-truke ekonomikoekin; merkatuekin alegia. Baina oreka hori hautsi egin da, dirua dirua erosteko erabiltzen hasi denetik.

Krisi garai honekin, beste behin ere argi geratu da zein den moneta politikaren pribatizazioaren prezioa. Banku Zentralen independentziaren dogmaren ordaina zein den. Independentzia politikoaren ezkutupean erabaki oso politikoak hartzen dituzte, izan ere, haien erabakiek munduko herrialde ezberdinetan eta gizarteko talde desberdinetan eragiten baitute. Hauxe dugu Eraldaketa Handiaren beste elementu giltzarri bat.

Polanyik eraikitako eredua gaurko egoera ulertzeko erabat baliagarria izateaz gain, erabat berriztagarria ere bada. Esate baterako, zenbait feministek genero emantzipazioaren ideiak barneratu dituzte Polanyiren munduan. Horixe da Kari Polanyi Levitt-en ekarpenetako bat (honen abizena ez da kasualitatea). Bere lanetan, ekonomia eta gizartea birpentsatzeko dagoen beharra aldarrikatzen du. Oinarri-oinarrizko galdera batzuk erantzuteko beharra. Merkatuak zainketa lanei ematen dion balio hutsaren aurrean, finantza zerbitzuak gainbaloratuta dauden gizartean bizi gara. Kari Polanyik, muinera itzul gaitezen nahi du: ondasun eta zerbitzuen balio erreala zein den aztertzera.

Egungo egoerari buelta emateko, derrigortuta gaude Gizarte Eraldaketa Handi bat aurrera eramatera eta horretarako, teoria ekonomia kritikoak eraikitzea ezinbestekoa zaigu. Eraikitzea edo berreraikitzea, gauzarik ederrenak esanda daude eta. Sarrik ere ederto esan zuen…

Zer iruditzen zaizue poesia egiten hasten bagara?

One thought on “Eraldaketa Handia (2014ko Martxoaren 23an Berrian argitaratua)

Add yours

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: