Izan eta ibili

Gara, 2012/12/07

Euskararen nazioarteko eguna dela eta, ospakizun eta ekimen anitz ospatu ziren astelehenean, batean eta bestean. Euskara buruan, ibili munduan. Joan den larunbatean Donostian egindako manifestazioa ere hortxe dugu, sare sozialetan hedatu den #euskarazbizinahidut esaldia lelopean hartuta. Horrelako egunetan pentsatu ohi dugu euskararen nazioarteko eguna ez dela urtean behin aldarrikatu beharreko kontua, egunero-egunero landu beharrekoa baizik. Norbere identitatearen eraikuntzari buruz hausnartzen hasiz gero, eraikitze horrek duen prozesu izaerarekin egiten dut topo. Poetaren batek ere, esan izan du euskaraz, «zu ez zara aldatzen, zu aldakorra zara». Beste era batean, «ni ez naiz, nabil» esaldiarekin adierazi ohi dut nik. Nabil, erdal hizkuntzetara itzultzeko zail xamarra den aditz horrexekin.

Identitateaz baino identitateez ari gara, ez baita bakarra gure izatea definitzen duena. Identitate horien guztien artean, euskalduna naizela sentitzen dut, eta, euskaldun sentitze horretan, aurretik proposatutako esaldiarekin kontraesanean dagoen beste bat otutzen zait: «Euskaraz naiz, eta nabil».

Euskararen nazioarteko egunaren biharamunean, zaplazteko ederra jaso dugu espainiar Estatuko hezkuntza ministerioaren eskutik. Eskumatik jo diguten belarrondokoa izan da, baina hori baino garrantzitsuagoa da, gure identitatearen aurka emandako kolpea izan dela. Nazionalista, abertzale, independentista, ezkerzale, internazionalista, sozialista edota dena delakoa izanik ere -edo izan gabe ere- euskaldun izan eta euskaraz ibili nahi duen ororen aurka doan zartada mingarria. Bihar ere argituko du, eta egun arrunta izango da. Bihar, etzi, eta hurrengoetan ere, egin dezagun bada, euskararen eguna. Izan eta ibili, aditzak bezala, trinko!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: