Lurrikara indar harremanetan (2014ko Ekainaren 6an, Berrian argitaratua)

2012ko lan erreforma eraso bortitza izan da; urteetan eta nekez lortutako garaipenen kontrako eraso bortitza. Oldar gogorra, baita ere, erreforma horrek ekarri duen ultraaktibitatearen galera.

XX. mendeko azken hamarkadetatik gaur arte, aberastasunaren banaketak kapitalaren alde egin duela ikusi dugu. Hau da, kapital-errentek pastelaren —aberastasunaren, ekoizpenaren, BPGaren— geroz eta zati handiagoa eramaten duten bitartean, geroz eta gutxiago dagokie lan-errentei. Errenta-banaketaren desoreka hori, hein batean, lan merkatuaren barruko desoreketatik elikatzen da. Lan-merkatuko indar-banaketa ez da batere parekidea; langilea ahulagoa da patroia eta, beraz, kapitala baino. Asimetria hori ez da iragazgaitza; lan esparrua gainditu, eta beste esparru batzuetara gailentzen da.

Lan-erreformak bete-betean jo du langileriaren boterea are gehiago ahultzera. Langileriari negoziazio-ahalmena ematen dioten elementuak ezabatu nahi ditu eta zuzen-zuzenean jo du negoziazio kolektiboaren aurka. Negoziazio kolektiboa edukiz eta mamiz hustu asmoz, ultraaktibitatearekin akabatu dute.

Ultraaktibitatearen heriotzarekin, langileak biluzik daude lan hitzarmenak negoziatzeko orduan. Erreformaren aurretik, aurreko lan-hitzarmenak indarrean jarraitzeak —ultraaktibitateak— nolabaiteko sostengua ematen zien langileei hitzarmen berria sinatu ahal izateko. Aurreko belaunaldien garaipenak, aurreko gatazketan izandako lorpenak, iraunarazteko. Kontratatzen diren pertsona berriek gutxienez aurrekoen eskubide berak izango dituztela bermatzeko. Ultraaktibitatearen galerak negoziazioak hutsetik abiatu beharra dakar.

Aldaketa honekin, duela gutxira arte kolokan ez zegoen auzia, edozein lan-hitzarmen negoziatzeko orduan, gai erabakigarria bilakatu da. Lehen emandakotzat zetorren ultraaktibitatea negoziazio bakoitzean sutsuki borrokatu beharreko elementua da.

Langileriarentzat sekulako indar galera izan den hori garaipen galanta izan da patronalarentzat. Azken urteetan eskatu izan dutena, horixe eman die erreformak enpresariei. Kanpora begiratu gabe, bertako patronalari begiratzea nahikoa dugu. Eduardo Zubiaurrek Adegiko buru zela bota zuenean «hitzarmenek lan-baldintzak petrifikatzen dituzte», oso argi utzi zuen erreformak zein norabide hartu beharko lukeen. Espainiako Gobernuak desira horiek egia bihurtu ditu, lan-esparruko indar-desorekan bere posizioa boteretsuenekin finkatuz.

Ideologia neoliberalaren aldarri nagusietako batek gobernuak estutzen ditu ekonomian eta gizartean eskurik har ez dezaten. Ideologia eta praxis horrek politika interbentzionistei prestigioa kentzen die, esku-hartzea gizartearen alde egiten denean. Gobernuak kapitalaren aldeko politikak eta neurriak hartzen dituenean, aldiz, esku-hartzeaz hitz egin ordez, liberalizazioaz hitz egiten dute. Lan-erreforma gobernuak azken urteetan lan merkatuan egin duen interbentziorik handiena izan da.

Desarautzea, neoliberalismoarekin eskutik helduta doan beste eufemismo bat. Indar-asimetrian abantaila dutenen alde arauak aldatzen dituenean, gobernua ez da ezer desarautzen ari. Ez gaitzaten engaina: kapital-jabeek errenta globalen portzentaje geroz eta handiagoa eskuratzearekin batera, geroz eta eskubide gehiago bereganatzen ari dira. Langileria pairatzen ari den desjabetze hori fronte askotatik dator. Horregatik, eraso hauek guztiak gizartearen zati handi baten gainean piztu duten ezinegona eta haserrea kanalizatu beharra dago. Protesta-bide berriak garatzea bezain garrantzitsua da hain berriak ez diren beste bide batzuk indartsu mantentzea. Borroka sindikalaren premia ulertzeko, nahikoa da ultraaktibitatearen galerak indar-korrelazioan eragin duen sismoa nabaritzea.

One thought on “Lurrikara indar harremanetan (2014ko Ekainaren 6an, Berrian argitaratua)

Add yours

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: