Bizitza heldu da eta zure begiak ditu…

begiak arkatz

Azken urte hauetan larrutik ikasten ari gara, bermatutzat genituen hainbat eta hainbat eskubide kolokan jar daitezkeela. Ongizate estatuaren pilareak sendotasuna galtzen ari dira. Imajina itzazue marmolezko itxura duten hiru zutabe -dorikoa, jonikoa ala korintiarra, zuen esku utziko dut-. Gerturatu zaitezte, egizue zoom! Ikusten dira arrakala sakonak, ezta? Barrutik ere, gero eta hutsago daudela soma daiteke.

Ongizate estatuaren laugarren pilarea eraikitzen hasi orduko, behera bota zuten: ezagutzen dugu denok Menpekotasunaren legearen ibilbide laburra. Gainera bidean, beste “hiru klasikoak” -hezkuntza, pentsio-sistema eta osasuna- erortze-arrisku larriko egoerara pasatu dira. Dagoeneko ez dira gai “ongizatea” eusteko.

Eskubide “unibertsalak” arriskuan dauden honetan, berrikiago gureganatu ditugun eskubideak egoera are kritikoagoan daude. Goazen esaterako Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren kasura. Prestazio ekonomiko honen bermerik handienetakoa bere izaera subjektiboa da. Hau da, bere izatea ez dago inongo aurrekonturen menpe. Legearen berme hau oso garrantzitsua da prestazioaren zilegitasuna gizartean defendatu eta errotu dadin. Izan ere, eskubide batek, gizartearen imajinario kolektiboan ondo barneratzeko berme handiak behar ditu. Gasteizko alkatearen zorigaiztoko adierazpenek, ez dute laguntzen eta prestazioa jasotzeko eskubidea duten pertsonek ondotxo dakite, zein nekeza den eguneroko bizitzan, haien egoera “justifikatzea”.

Honen harira, DBE prestazioaren onuradun batek hauxe esaten zidan: “prestazioa urria da, ez ditu beharrizanak asetzen, betekizunetan oinarrituta dago …administrazioak gainera onuradunen irudi penagarria eman nahi du, onuradunak parasitoak direla, tranpatiak … Argi eta garbi, zeure buruan ez baduzu argi zure dagokizun eskubide dela, jai duzu … Gero, norberak daukan babes sozialaren arabera … arin edo larriki zauritua egongo zara, baina zure barrenean zerbait urratuko da … beti”.

Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren egoerak legezko berme sendoagoak dituen arren, badira gure artean aurrekontu jakin bati lotuta dauden bestelako prestazioak. Inongo garantiarik gabe, aurrekontua agortzen den momentuan, diru-laguntzak ere desagertu egiten dira. Horixe da kontziliazio laguntzekin gertatu dena. Menpekotasunaren legearekin bezala, errotzen hasi baino lehen lausotu zaizkigu.

Bizitza eta bizitzaren sostengagarritasuna gure erdigunean kokatu beharra dago; erdigune sozio-ekonomikoan. Zainketa lanak, kontzialiazioa, ordaindu-gabeko lana eta horrelako kontuak, mugimendu eta ideologia feministen esparruan kaiolatuta egon da orain arte, baina, agian gaiaren larritasunak bultzatuta, gizartean zabaltzen hasi da eta plazara jalgi zaigu. Baina, badirudi, gure politikarien ustetan emakumeen kontua direla, emakumeen kontu pribatua: nork bere etxean konpondu beharrekoa.

Bizi-itxaropenaren hazkundea dela eta zainketa behar duten gero eta jende gehiago dago. Horrekin batera, aipatu dugun ongizate-estatuaren ondoratzea dela eta, gizarte-zerbitzuetara bideratzen den gastua nabarmen murriztu da. Gainera, erretiro-pentsioek ere behera egin dutenez, geroz eta pertsona nagusi gehiagok -zerbitzu publikorik ezean, eta zerbitzu pribatuetara jotzeko baliabide nahikorik ezean-  familiengana eta emakumeengana jotzeko irtenbide bakarra izango dute. Azken finean, geroz eta zainketa beharrizan handiagoa -eskari agregatua- eta geroz eta zainketarako eskaintza gutxiago erakunde publikoen aldetik.

Sarrionandiak publikoki aitortu zuen, amodioa ez dela bi edo hiruren gauza, denon gauza baizik. Kontzializioaren gaia, ez da gutxi batzuei dagokien arazoa, guztioi dagokiguna baizik. Are gehiago, arazo larriena dela aitortzen du, Sarrik –amodioa, berriro ere- eta kontziliazioaren gaiari ere behar duen arreta eskaini behar zaio. Bizitza heldu da eta zure begiak ditu…

One thought on “Bizitza heldu da eta zure begiak ditu…

Add yours

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: