Umea nintzela sinestarazita nengoen,
eguzkia eta ilargia bakarrak ditugun moduan,
ostadarra ere bakarra genuela.
Ostadarra baina, beste biak baino
bereziagoa zen nire mundu txikian:
hurbil-hurbilekoek soilik ikus zezaketela uste nuen.
Noizbait nire ondoan agertu eta koloreak pizten bazituen,
zorte handiko pertsona nintzela pentsatzen nuen.
Ixil-ixilik begiratzen nion arkuari, izutu eta alde egingo
zuen beldurrez. Une magikoak izaten ziren.
Ostadarraren ilusio optikoa? Ilusioa,
nik galdu nuena, misterioa argitu zenean.
Umetako xalotasun horrekin batera galdu nuen.
Baina begira oraingoan ere! Shhh!! ostadarrak
ustekabean harrapatu gaitu! Horra hor hostoa,
eta ozta-ozta ostadarra, guri adarra jo nahian.
Magian sinesteko motiborik ez zaigu falta!