Olibondoa

Landeia 202. alean argitaratua.

Atenea y PoseidónPaisaia, kultura eta dieta mediterraneoaren ikurretako bat dugu olibondoa. Atenas hiriaren sorrera mitoan ere aparteko lekua bete zuen. Atena jainkosa eta Posidonio olinpiarrak lehiatu egin ziren hiriaren jainko zaindaria nor izango zen erabakitzeko. Posidoniok, ur gazia zerion iturria eskaini zien Atenasko hiritarrei, eta olibondoa berriz Atenak. Hiritarrek, olibondoa aukeratu zuten eta halaxe, bilakatu zen Atenas hiriaren zaindari.

Joan den urtarrilaren 25ean, bestelako galdeketan parte hartu dute greziarrek: austerizidioaren politika gaziak, edota austeritateari eta subiranotasun galerari aurre egiteko olibondoa. Emaitza iragarritakoa izan da, eta ezinbestekoa zen hala izatea: ur gazia edaten jarraituz gero, greziar herria itota legoke; zorraren ordainketak eta interesek itota, desenpleguak itota, 450 euroko soldatekin itota, eta hilabeteko fakturak ordaindu ezinik, itota.

2008 urteaz geroztik, Greziako Barne Produktu Gordina %25ean murriztu da. Azken urteotan, pentsioak, soldatak, langabeziagatik prestazioak, eta lan eskubideak larri zaurituak izan dira. Diru-sarrerak %40 inguru murriztu direla estimatzen da. Lehen aldiz Europan, jende guzti honek irabazi du hauteskundeetan: langabetuak, pobretuak, erretiratuak, osasun estaldurarik ez dutenak, berogailua ordaindu ezin dutenak…

Baina, hauteskundeen kontura itzuliz, gogora dezagun, zerk eragin zuen bozak aurreratzea. 2014ko abenduaren 8an, Greziako gobernua eta Eurotaldearen arteko negoziazioak blokeatu egin ziren. Samaras lehen ministro ohiak, ekonomiaren hobetzeaz eta memoranduma atzean utzi izanaz harrotasunez hitz egiten zuen arren, egoera bestelakoa zen. Publiko egin zen e-mail batek, agerian utzi zituen Greziaren hartzekodun nagusien intentzioak. Dokumentu hartan Troikarekin adostutako 1000 bat neurri azaltzen ziren, greziar gobernuak parlamentuan onartu beharrekoak.

Samaras/Venizelosek dena zuten galtzeko; ondotxo zekiten haien gobernuak ez zuela lortuko lege horiek aurrera ateratzea, eta gainera beren tronua galduko zuten. Egoera hartan, nolabait esatearren Greziari bi hilabeteko luzapena eman zitzaion, bitarte horretan gobernua berriztu zezan. Aurreikusten zen Presidentea aukeratzeko zailtasunak egongo zirela eta ondorioz hauteskunde orokorrak deitu beharko zirela. Syrizak irabaztekotan, Tsiprasen gobernuari pasako zioten Troikarekin neurri horiek negoziatu beharra. Kasuren batean Samarasek gobernualdia berriztatzea lortuko balu, bere posizioa berrindartuta aterako litzateke Troikarekin (edozer) adosteko.

Gertatu behar zuena gertatu da: Troikari men egiten dioten txotxongiloek, Pasok eta Demokrazia Berriak hondoa jo dute, eta herritarrek, gehiengo zabal batekin, austerizidioari aurre egiteko indarra erakutsi duen alternatibari eman diote konfiantza. Syrizaren garaipenak itxaropena hauspotu du herrialdean bertan eta baita Europan ere. Poztu garenok, Grezian gertatukoak Europako Batasunaren baitan arrakala bat ireki duelako izan da.

Beste muturrean, noski, Syrizaren aurka kanpaina gogorra egin dutenak ditugu. Europako B. Hirietatik beldurraren kanpaina egin dutenak. Brusela eta Berlinek ahal duten guztia egingo dute arraila ireki ez dadin. Hori dela eta, aurrerantzean, aurreikusi ezin daitezkeen erasoak sufritzeko prest egon behar dute Grezian.

Beldurraren kanpainak, Syrizak agindu ez dituen neurriak iragarri ditu; Eurogunea uztearena, esate baterako. Tsiprasen alderdiak ez du esan Eurogunea uzteko asmorik dutenik. Eta zorraren ordainketa berradostu nahi dutela esateak, ez du esan nahi aldebakartasunez zorra ordaintzeko erabaki irmoa hartuko dutenik.

Ildo horretatik, Syrizaz gain ere alternatiba interesgarriak proposatu dituztenek ere parte hartu zuten hauteskundeetan, Parlamentuan sartzerik lortu ez duten arren. Antarsya alderdiak ezinbesteko ikusten du Greziak aldebateko neurriak hartzea. Vatikiotis ekonomialariaren ustetan, zorraren ordainketa etengo duen aldebateko erabakia ezinbestekoa da. Grezian gobernuan dagoen alderdia edozein delarik ere, ezingo da langile klasearen egoera hobetuko duen neurririk hartu, gobernuak zorraren ordainketa eteteko erabaki sendoa hartu ezean.

Halako deliberamendu batek onura sozial itzelak ekarriko lituzke. Grezian 1,4 pertsona inguru dago langabezian eta %88ak ez du inongo babesik jasotzen. Langabezi-laguntza pertsona hauengana hedatuko lukeen politika bat martxan jartzeko, ezinbestekoa litzateke zorra ordaintzera bideratuko kantitateak honetara desbideratzea. Era berean, Europako Batasunetik irtetea premiazkoa dela uste du Vatikiotisek; EB-n dirauen bitartean, aurrekontu orekatuak mantentzeko inposaketa dela medio, ez dago soldata eta pentsioak igotzeko gaitasun errealik.

“Olinpoko hamabi”-etatik sei ziren jainkosak. Tsiprasen taldean berriz, emakumeen erabateko ausentzia deigarria da oso. Olinpokoen babesa beharko dute aurrean duten bide egiten joateko eta hauteskundeetan irabazi duten suminduek, Syrizaren gobernuari sostengua eman nahi badiote, beste behin ere, kalera irten beharko dute haien desioak erreklamatzera, austeritate politikak irauli eta haien bizitzaren jabe egin daitezen.

One thought on “Olibondoa

Add yours

  1. Pingback-a: Olibondoa | Murgil

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: