Tanto hirukoitza!

 

DSC_0396Egongelako mahaian zain daukat gaur liburutegian maileguan hartu dudan liburua. Eskuartean daukadana amaitutakoan hasiko naiz irakurtzen. Goizean, liburuzainak liburua luzatu didan unea berezia izan da oso. Izan ere, momentu horretantxe egin dute bat liburuaren eta nire ibilbideek. Azalaren atzekaldean, zigilatuta darama berak bere ibilbidearen arrastoa. Historiala. Kuriosoa izaten da erregistro horri erreparatzea. Liburu batzuk urte luzez apalategian txokoratuta egoten dira guk erreskatatzen ditugun arte. Gure baitarako pentsatzen dugu halakoetan (liburua ona bada, noski) nola ote den posible, nola pasatu behar izan diren hainbeste urte norbaitek (guk) liburu hori begitan hartu dugun arte. Beste liburu batzuk, eskurik esku ibili izanaren testigantza garbia daramate markatuta. Asterik astera bermailegatutako liburuak. Bitxia dela diot, gero eta digitalizatuagoa den gure mundu honetan, oraindik ere eskuz (boligrafo zein estanpaz) seinalatzen baitituzte liburuak liburutegietan. Enborren eraztunak bezalaxe, azalaren atzekaldean daramate tatuatuta haien joan-etorria. Harik eta gurearekin bat egiten duten arte. Guk, irakurleok badugu eta irakur-ibilbide bat. Gure ibilera ez da inongo azalean zigilatzen, baina irakurtzen ditugun liburuek bide bat irudikatzen dute. Zentzuz beteriko bidea. Azken irakurri nuen liburua, oraintxe amaitzear dudana eta jarraian hasteko daukadan hirugarrenaren artean, bada lotzen dituen hari bat, nire irakurketen bidea marrazten duena. Liburu eta pertsonez osatutatuko nodo-sare ikaragarri erraldoia irudika genezake horrela, arbola erraldoia.

Bada jolas bat, (neronek asmatu dudala uste dudan arren ez dut inolaz ere nik asmatu) metroan eserita, trenean edota autobusean jarrita zoazela zuk ere jolastu izan duzuna. Bidaiariz inguratuta eta hainbeste pantaila artean, eskuetan paperezko liburuak dituztenei begiratzen diezu zuk. Zein pertsona zein liburu irakurtzen den jakin nahi duzu. Ia zure parean dagoen horrek eskuak orrietatik kentzen dituen behingoan eta liburuaren izena irakurtzen uzten dizun. Nekeza gertatzen denean, leihoko isladarekin saiatu ohi zara, letrak atzekoz-aurrera irakurtzeko esfortzu latzak eginez. Gainontzeko bidaiariak zelatatu nahi dituzu, liburu eta irakurlearen arteko harreman sinbiotikoaz jabetu. Pertsona ezezagun haren eta bere liburuaren bideak bat eginda dauden unea zureganatu. Uste duzu eta, liburuaren izenburua irakurtzeko gai bazara, aurrean duzun pertsonari buruz irudi bat izango duzula. Inoiz egin al duzu topo zu irakurtzen ari zaren liburu bera irakurtzen ari den norbaitekin? Itzela da sentsazioa, ezta? Badakit ez naizela joko honetan aritzen den bakarra. Neu naiz horren lekuko: Hendaiarako trenean mutil gazte bat hurbildu zitzaidan esateko bera ere nire liburu bera irakurtzen ari zela. Tantoa berarentzat.

Irakurle-liburu, bi dimentsioko joko honetara idazlea gehitzen denean, (gehienetan idazleak berak ezertxo ere susmatu gabe), 3Dko jolas bilakatzen da . Gogoan dut, duela urte batzuk jada, nire jaioterrikoa den idazle bikain bati, eskuartean nik neukan izenburu bera ikusi nionekoa. Elorriaga gaztea, Soinujolearen semea irakurtzen ari zen, ni bezalaxe. Tanto itzela nire jolasaren markagailurako. Atzokoan berriz, hirukoitza markatu nuen: Bilbon trenetik jeitsi eta oraindik nasatik nindoala, bagoi barruan eserita ikusi nuen irakurtzen ari naizen liburuaren idazlea. Andenetik ez nuen asmatzerik izan berak eskuartean zer zerabilen, baina (ezaguna dudalako) jakin dut nik irakurritako azkenarekin ari dela. James Rhodes-en Instrumental. Orri gutxi falta zaizkit Hauts haietatik amaitzeko, eta zain daukat goizean liburutegian hartutakoa. Indigno de ser humano, Osamu Dazai. Eta zu, testu hau irakurtzen hari zaren hori, esaidazu, eskuartean Dazairen eleberria baldin baduzu, zeinentzat litzateke tantoa? zuretzat ala niretzat?

3 thoughts on “Tanto hirukoitza!

Add yours

  1. Liburu erreferentzia guztiak maskulinoak dira testuan. Bai idazleak, baita liburuetako protagonistak ere. Horrela suertatu zait oraingoan… baina ni neu ere deseroso sentitu naiz erreferentzia femeninorik ematen ez nuela ikusita.

  2. Bikaina! Bikaina testua, bikaina izenburua, eta bikaina azken galdera! Bi puxtarri zuretzat!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: