Eskola praktikoa: erresidentziak borrokan!

erresidentziak.jpgAlegiazko ariketa bat proposatu diot nire buruari. Alegia, bihar Ekonomia Fakultatean eskola eman beharko banu graduko talde batean, nola planteatuko niekeen Ekonomia Feministaren gaia. Eta otutzen zait, sindikatuko bulegotik idazten ari naizen honetan, kaletik eramandako kasu praktiko batekin helduko niokeela. Une honetan abian dagoen Bizkaiko Erresidentzia sektoreko emakumeen grebarekin hasiko ginateke. Borroka sindikalista eta feminista bat eginda, ekonomia feministak jorratzen dituen hainbeste ardatz kasu bakarrean biltzen direlako. Bestela esanda, gaixo dagoen gure gizartearen larritasunak agerian jartzen ditu.

Lan sektore feminizatu eta prekarizatu honetan ari diren 5000 emakume ordezkatzen dituzte grebalariek. Emakume hauek soldata xume eta lanordu luzeekin ari dira, gehienetan, inolako errekonozimendurik jaso gabe. Lan baldintza horietan, gure aitite-amomen zaintza beharrei eusten diete. Beraiek azpikontratatuta dauden bitartean, diru publikoa jasotzen duten enpresek mozkin ikaragarriak (milioika eurokoak) pilatzen dituzte.

Lan txanda luzeen ondoren, emakume hauek etxera heldu, eta are ikusezinagoa diren zaintza lanak egiten jarraitu behar dute, musu-truk. Horixe da emakumearen presentzia-bikoitza izenak azaldu nahi duena. Zapalkuntza bikoitza, prekarietate bikoitza. Behatz punten gainean erdi-tente, edozein unetan oreka galdu eta amiltzeko moduan. Horrelaxe sostengatzen da gure zaintzen sistema.

Bide batez, ikasleekin emakumeek lan merkatuan biziago pairatzen duten prekarietatea aztertu genezake, datu, txosten eta estatistikak erabiliz. Partzialtasun handiagoa, soldata baxuagoak, eta errekonozimendu sozial txikiagoa duten lanpostuak. Eredu makroekonomikoez harago, ikusiko genuke pertsonen zaintzen afera ez dela arazo mikro bat, makro garrantzia duen kontu bat baizik.

Esfera publiko-produktibo-maskuliniziatua dela merkatuan eta gizartean gehien baloratzen dena. Eta bitartean, esfera pribatu-erreproduktibo-feminizatu zeinen ikusezin egiten zaigun. Badakizue, lehenak ez duela bigarrena gabe funtzionatzen? Gure sektore produktiboak funtzionatzen badu, atzean, ordaindugabeko hainbeste lan ezkutatzen delako da.

Duela bi urte eta erdi sindikatuan lanean hasi nintzen arte, Unibertsitatean nenbilen. Ekonomia gradua amaituz geroztik, ikasten jarraitu, eskolak eman eta ikerketaren mundua deskubritzen. Fakultatean murgilduta, baina ateez bestalde eraldaketa soziala eta sindikalgintzarekin konprometituta. Eta fakultate barruan ere zirkulu horietan mugitzen den jendea ezagutzen. Sindikatuaren bidea hartu nuenetik, are inplikatuago gabiltza eraldaketa sozialaren esparruan. Eraldaketa sozialerako sindikalgintzan.

Nire buruari galdetu diot, gaur egun unibertsitatean banengo, mundu sindikaletik zeinen hurbil egongo ote nintzatekeen. Ateak ez daude itxita ez fakultatean, ez gure lantokietan, ezta gure etxeetan ere. Kalera irten eta bertan busti beharra dago. Kalea hartu dute egunotan, eta egin dezagun borroka hau gure. Gora Bizkaiko Erresidentzietako emakumeak!

One thought on “Eskola praktikoa: erresidentziak borrokan!

Add yours

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: