Itaka

Artikulu hau Argian astekarian argitaratua izan da.

Itakan antzeztu du uda honetan Tsiprasek finantza erreskatearen amaiera. Abuztuaren 21ean emandako liturgia hartan solemnitate handiz mintzatu zen Odisea modernoaren bukaeraz.

Greziako kontinentearen mendebaldeko kostaldean dago Itaka, itsaso jonikoan. Handik mendebaldera, mila kilometro baino gehiagora, Kastellorizo irla kokatzen da Anatolia penintsularen azpian. Txipre eta Turkiatik hurbilago  egon arren, Greziako Estatuari dagokio. Kastellorizon, 2010eko apirilean, orduan lehen ministro zen Yorgos Papandreu sozialistak, Nazioarteko Moneta Funtsari laguntza finantzarioa eskatu zion, lehen erreskateari besoak irekiaz. Zortzi urteko periploaren ostean, hortxe dugu herria erreferendumera eraman zuen gobernuburua: bere aurreko gobernuek abiatutako erreskateen bideari zintzo jarraitu dio, Troika eta kapitalaren aginduei men eginez. Odisearen bukaera Mediterraneoaren beste muturrean kokatu du eta eszenatoki gisa Homeroren Itaka hautatu izanak, maila sinbolikoan ere arauaren barruan dagoela erakutsi digu.

Azken hamarkadan greziar ekonomiak astindu bortitza jaso du: 200.000  milioi eurotik gora, neoliberalismo basatienaren neurriak aplikatzeko konpromisoaren truke. Inpaktu soziala latza izan da: langabezia tasa %16 igo da azken hamarkadan; herritarren erosteko ahalmenak hondoa jo du: Europar Batasuneko batez bestekoaren %93tik %68ra murriztu da; soldatak %30 erori dira, pobrezia egoeran bizi diren greziarren portzentajea bikoiztu egin da. Austeritate neurriek gupidarik gabe kolpatu dituzte adin tarte guztiak: 2012. urtetik hona milioi erdi gaztek herrialdetik alde egin duten bitartean, pentsioak hamabi aldiz murriztu dira.  NIKOLAOS GYZIS

Kostalderik luzeena duen 13. herrialdea da Grezia, 1.400 irla ditu eta Mediterraneo itsasoan kokagune estrategikoa du. Ez da kasualitatea, hirugarren erreskateak abian jarri duen pribatizazio prozesu erraldoiaren barruan herrialdeko dozena bat porturen salmenta aurreikusi izana. Honezkero esku pribatuetara pasatu dira portu nagusietako bi: Atenaseko Pireo eta Salonikako portua. Lehena, Txinako enpresa publiko baten esku geratu da (COSCO) eta bigarrena SEGT enpresa-taldearen esku –bertan nagusi dira diru-funts alemanak–. Datorren udazkenean itxiko dute Alexandroupoliseko portuaren salmenta: Turkiarekin duen lur mugatik oso gertu, gas naturalaren banaketaren mapan kokapen tentagarria du honek ere.

Pireoko portua Greziako garrantzitsuena izatearekin batera Mediterraneoko handienetakoa ere bada. Bertan 1.500 pertsona baino gehiagok egiten dute lan. Krisia dela eta haien soldatak 1.500 eurotik 600 eurora jaitsi zirenez geroztik, ez dute igoerarik ikusi. Portua COSCO enpresaren esku dagoenetik gainera, lan eta osasun baldintzak geroz eta okerragoak dira. Azpikontratazio sistema konplexua inposatzen ari da: geroz eta langile gutxiago kontratatzen dute jardunaldi osoan, eta geroz gehiago azpikontratatzen dituzte lana aurrera ateratzeko. Trebatu gabeko langileak azpikontratatzen dira baina enpresa ez da segurtasun arriskuen erantzule egiten. Bertako langileek ondotxo dakite Pireon gertatzen dena ez dela hutsala: “Pireon gertatzen dena, Europa osoan hedatuko den erregimen prekarioaren hastapena baino ez da”.

Itakako ikuskizunean Greziak bere patua bereganatu duela esan zuen Tsiprasek. Urteetako odolustearen ostean, zein patu geratzen zaio herriari? Europako teknokratek txalo eta laudorio artean hartu dute, baina agerraldi honek erakusten du erabat salduta dagoela Tsipras.

Zer xuxurlatu ote diote sirenen kantuek?

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: