Artikulu hau Argian astekarian argitaratua izan da.
Doughnut esanda, Simpson zaleek Homer edo Wiggum polizia ikusiko dituzte erroskillak irensten. Telesail eta film estatubatuarretan oso errepikakorra da donutsa, alferkeria eta sabel borobilduaren irudia.
Kate Raworth ekonomialariak irudi honekin apurtu du ustekabean. Berariaz, ekonomia neoliberalaren irudi klasikoa irauli du: etengabeko BPG (Barne Produktu Gordina) hazkundea irudikatzen duen goranzko grafikoa borobildu egin du, Donuts itxura emanaz. Oxford Unibertsitatean irakasle da Raworth eta bere “Donutsaren ekonomia” teoriak hautsak harrotu ditu.
Nola azaldu fakultateko gazteei XXI mendean ekonomia nola ikusi eta ikasi behar den? Nola eman dagokien zentraltasuna, ohiko teoria ekonomiko (klasiko, liberal eta neoliberalek) marjinetara zokoratzen dituzten aferak?
Txalogarria iruditzen zait akademiaren mundutik, hain teoria aparta sortu izana helburu xume baina ezinbesteko batekin: nola azaldu fakultateko gazteei XXI mendean ekonomia nola ikusi eta ikasi behar den? Nola eman dagokien zentraltasuna, ohiko teoria ekonomiko (klasiko, liberal eta neoliberalek) marjinetara zokoratzen dituzten aferak?
Ez dira izan lobby enpresarialek, ez elite ekonomikoaren interesek, ezta aldizkari zientifikoetan argitaratzeko grinak ere teoria hau marraztera bideratu dutenak. Bere kezka pertsonak eta bizitzako bideak eraman dute horretara: Zanzibarreko emakume ekintzaileekin lanean ibili da urteetan, Nazio Batuen Erakundean aritua da “Giza garapenaren” txostenaz arduratzen den lantaldean eta Intermon Oxfamen ikertzaile izan da. Jendartearen bizitzeko funtsezko beharrek kezkatzen dute, emakumeen, pobretuen eta zapalduen arazoez eta lurraren kolapsoaz arduratzen da. Asko edan du ekonomia feminista, ekologismo, eta bestelako teoria erradikaletatik.
Bi zirkulu zentrukidek osatzen dute Donutsaren ekonomia. Honela, barnealdeko zirkuluak esparru soziala irudikatzen du eta bertan jendarteak bizitzeko funtsezkoenak dituen beharrizanak taldekatzen dira: osasuna, etxebizitza, elikadura, ekitatea, justizia… Bitartean, kanpoaldeko zirkuluak ingurumenaren beharrak jasotzen ditu. Horretarako planetaren bederatzi muga nabarmentzen ditu: aldaketa klimatikoa, lurren erabilpena, bioaniztasunaren galera, kutsadura kimikoa batzuk aipatzearren.
Irudia multidimentsionala izateaz gain, oso dinamikoa ere bada. Izan ere, herrialde jakin baten ekonomiak une jakin batean duen “osasun” egoeraren erradiografia egiten du. Esate baterako, aldaketa klimatikoaren espazioa kolore ilunagoz tindatuta marrazteak muga hori sobera gainditzen ari garela erakusten du. Edota esparru sozialean, berdintasunaren espazioa zenbat eta ilunago tindatuago egoteak, desberdintasun sozial jasanezinak dituen ekonomia irudikatzen dute. Ekonomiaren ongizateari argazkia egitearekin bat, alarmak pizten ditu ekonomia jakin horrek eragiten dituen gehiegikeriak salatuz.
Kate Raworth kasualitate hutsez topatu nuela pentsatu nuen hasieran, baina berez, inkontzienteki bilatu egin nuen galdera bati erantzun nahian: nola azaldu daiteke ekonomia era tentagarri eta errealago batean?
Raworthen teoriak teoria ekonomiko hegemonikoaren zutabeak eraitsi egiten ditu. Amaitu beharra dago BPGaren hazkunde mugagabea helburutzat izatearekin. Usu, teoria ekonomikoak hazkunde jasangarri deitu izan duenak, zerikusi gutxi izan du planetaren mugekin: denboran irauten duen etengabeko hazkundea baizik. Hitz gutxitan, ingurumenaren mugak eta jendartean beharrak kontuan hartzen dituen ekonomia irudikatu du Kate Raworthek.
Trebakuntza saio bat prestatzen ari nintzela, deskubritu nuen Raworth eta aurkikuntzak erabat sorginduta utzi ninduen: errealitatetik eta errealitatearentzat sortuta dagoen teoria dela esango nuke. Errealitatearen beharretatik abiatuta, ikasleentzat diseinatuta. Kasualitate hutsez topatu nuela pentsatu nuen hasieran, baina berez, inkontzienteki bilatu egin nuen galdera bati erantzun nahian: nola azaldu daiteke ekonomia era tentagarri eta errealago batean?
Utzi erantzun bat