Hariz jositako grebak

Hurrengo asteetarako greba-agenda indartsu dator, asko eta asko baitira hurrengo asteetan greba egitera deituta dauden sektoreak: Osakidetzako langileak, Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbiketako langileak, Haurreskoletakoak, eskoletako jantoki eta garraioetako langileak eta nola ez, zaintza sektoreko greba urtarrilaren 26an.

Gatazka hauen atzean dauden aldarrikapenak, elkarrekin estu erlazionatuta daude. Eta anitzak dira grebok elkarren artean josten dituzten hariak. Lehenik eta behin, klase-ikuspegitik elkarri lotuta dauden gatazkak direla argia da. Bigarren, publikoaren defentsa ere bada gatazkok gerturatzen dituen beste lerro bat. Eta hirugarren bat ere bada, gaurkoan hemen nabarmendu nahiko nukeena. Feminismoaren muinean kokatzen den gakoetako bati buruz ari naiz: Lan produktiboa eta lan erreproduktiboaren arteko banaketa goitik behera berrantolatzeko beharraz.

Hau da, familia eta lanaren arteko kontziliazioaz harago, elkarrekin etengabeko talkan ari diren bi mundu hauen berrantolaketaz. Bada, feminismoaren muinean dagoen gako hau ere, aipatutako greba guztiak elkarrekin josi eta lotzen dituen haria da.

Harri-bitxia iruditu zait Nancy Fraserrek hau azaltzeko duen modua. Los talleres ocultos del capital liburuaren hitzaurrean, hala dio:

(H)arrigarria al da azken urteetan erreprodukzio sozialaren aldeko borrokak lehertu izana? Iparraldeko feministek, sarri, beren helburua “familiaren eta lanaren arteko oreka” dela esaten dute, baina erreprodukzio sozialari buruzko borrokek askoz gehiago hartzen dute: etxebizitzaren aldeko mugimendu komunitarioak, osasun-arreta, elikagaien segurtasuna eta oinarrizko errenta; migratzaileen, etxeko langileen eta enplegatu publikoen eskubideen aldeko borrokak; ( irabazi asmoa duten) zahar-egoitzetan, ospitaleetan eta zaintza-etxeetan lan egiten duten zerbitzuen sektoreko langileak sindikalizatzeko kanpainak eta zerbitzu publikoen aldeko borrokak, hala nola haur eta adinekoei eguneko zentroetan ematen zaien arreta, lanaldi laburragoa eta amatasun- eta aitatasun-baimen eskuzabala. Bat eginda, aldarrikapen horiek ekoizpenaren eta erreprodukzio lanen arteko harremana modu masiboan berrantolatzeko eskariaren baliokide dira: edozein motatako, sexutako, sexu-orientazioko eta koloretako pertsonei erreprodukzio sozialeko jarduerak lan seguru, interesgarri eta ondo ordaindu batekin konbinatzeko aukera ematen dieten gizarte-soluzioen bidez”.

Greba hauetako bakoitzak, bere baitan borroka feminista, publikoaren aldeko borroka eta klase borroka batzen dituzte. Elkarrekin jorratuta borroka bakoitzaren indarra eta potentziala biderkatzen dutenak. Muinean produkzio eta erreprodukzio lanen arteko harremana, errotik aldatzeko beharra azalera ekartzen baitute.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: