Zoriontsu izateko, sindikalizatu!

(Landeia 240 alean argitaratuta.)

Badakizue sindikalismoa bizi ongizatearekin eta zoriontasunarekin lotuta dagoela? Gu konbentzituta gaude horretaz. Epaitegietan irabazitako sententzia batek, lan-osasunean hobekuntza galantak izatea ekar dezake (Donostiako metroa). Negoziaketa irmo edota greba baten ondorioz lortutako hitzarmen duin batek, langile-klasearen lan eta bizi baldintzak hobetzen dituzte (Irurtzungo Puertas Dile). Bai eta frontoian baldintza hobeagotan jokatzeko ere! Gainera, antolatuta gauzak alda daitezkeela barneratzeak, langileak boteretzen ditu. Galdetu bestela erresidentzietako emakumeei!

Zalantzarik gabe, sindikalismoa bizitza hobeak eraikitzeko tresna da, baldin eta langile-klasearen eskura dagoen tresna erabilgarria izaten jarraitzen badu. Gainera, bizitzak hobetzen jarraitzeko eraberritu beharra daukagu. Eraberritzeak kanpora begiratzea exijitzen du: kanpora beste lurralde batzuetan sindikalismoa zertan ari den ikusteko, eta kanpotik ere guk egiten duguna nola ikusten duten ulertzeko. Fundazioan ere, faltan bota izan ditugu langile mugimenduei fokua jartzen dieten ikerketa lanak: kanpora begira eta barrura begiratzen lagunduko liguketenak. Bilaketa ez da xamurra izan eta lekutara joan behar izan genuen, Quebec-eraino, Christian Lévesque eta Gregor Murray ikerlariak ezagutu ahal izateko. Gerora, Christian DufourAdeleide HegeMelanie Dufour-Poirier eta Blandine Emilien ikerlari zinez interesgarriekin topo egiteko plazera izan dugu, egun bidelagun ere ditugunak.

Azkenaldian ospatzeko moduan ere bagaude eta zuekin partekatu nahi genuke. Ospatzekoa da, esate baterako argitaratu berri dugun Psikologia eta sindikatuak artikulua. Bernice Lott (Rhode Islande Unibertsitateko) psikologoak, auzi oso interesgarria plazaratzen du bere lanean: sindikatuak ongizaterako onuragarriak direla badioten datu enpirikoak egon badaude, zergatik psikologia bezalako zientziak batek ez dio behar bezalako arreta ematen lanaren munduari? Sindikatuek merezitako arreta eta prestigioa beharko lukete psikologiaren aldetik. Zergatik dago itsu psikologia sindikalismoa eta langile-klasearekin lotutako gaiekiko?

Artikuluan zehar Lottek aipu ugari txertatzen ditu, bere tesia sostengatzen dutenak: sindikatuek langileen bizitza eta zoriona hobetzen dutela. Aipuetako bat hona ekarriz: “Afiliazio sindikalak depresio eta tristurarekiko kontrako erlazioa du eta afiliatutako langileek sindikalizatu gabeko langileek baino zoriontasun maila handiagoak eta estres maila txikiagoak erakusten dituzte”. Era berean, sindikalismoa autoestimuarekin, boteretzearekin, demokrazia maila handiagoarekin, parte-hartzea handiagorekin, emakumeen mugimendu antolatuekin lotzen duten pasarte esanguratsuak ere jasotzen ditu.

Goraipatzeko da ere, EHUko ikerketa talde batek abian jarri duen lana. Abiapuntua: Erakunde-psikologia, zientzia den neurrian, onuragarria izan daiteke jendarte osoarentzat. Enpresaburuek beraien alde erabiltzen dute, erabiltzen al du langile mugimenduak bere interesak defendatzeko? Galdera horren bueltan erantzunak bilatu nahian, ikerketa martxan jarri dute. Akaso, erakunde sindikalek Erakunde-psikologiari buruz duten irudia, distortsionatua izaki, oztopo bat da, erakunde-psikologia eta erakunde sindikalen arteko harremanari zukua ateratzeko. Alegia, erakunde-psikologia geure alde erabiliko bagenu? Hortaz, agian eraberritze horretan, erakunde psikologia akuilu izan liteke.

Honekin lotuta, badugu adibide bat eraberritze sindikala eta psikologia lotzen dituena. Melanie Dufour-Poirier CRIMT-eko ikerlaria (Quebec) gurean izan genuen 2017an. Ahozabalik entzun genituen bere etorkizunerako augurioak: “Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialdeetan langileen %35 inguruk arazo mental arruntak edo larriak nozitzen ditu (2012ko datuak). Osasunaren mundu erakundeak aurreikusten zuen 2020rako depresioa izango zela laneko ez-gaitasunerako arrazoi nagusia”. Datuen horien artean kokatu zuen ordezkari sozialen figuraren azalpena. Ordezkari sozialak, sindikatuko kideak dira, lan zentroan dabiltzanak, baina beraien zeregina da arrisku psikosozialen aurrean jendea laguntzea. Gisa honetako tresnak asmatu beharko ditugu geuk ere akaso, pandemiarekin biziagotu diren arrisku psiksozialen aurrean zerbait egin nahi badugu.

Euskal Herriko egoera aztergai

Hirugarren poz bat ere badugu hona ekartzeko: Euskal Herriko Kontrabotereko sindikalismoari merezitako lekua eskaintzen dion artikulu akademiko baten argitalpena. Ikerketa Britania Handiko Lan Harremanetarako Egunkariak (British Journal of Industrial Relations) publikatu du. Bertan, Jon Las Heras eta Lluis Rodriguez Algans ikerlariek, kontraboterea eta eraberritzea estu lotuta doazela erakusten du, datu enpirikoetan sostengatuta.

Datuek, besteak beste, Europan greba egun gehien egiten den herrialdea garela erakusten dute. Greba egun kopuru handiaren atzean ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuen jarduna dago, gatazkei aurre egiteko bide ezberdindua, elkarrizketa sozialaren sindikatuei kontrajarria dagoena. Ikerlanak gure sindikatuarentzat altxor diren gakoak erdigunean jartzen ditu: autofinantzaketa, afiliazioaren garrantzia, erresistentzia-kutxa, autonomia politikoa, antolakuntza tresnak eta baliabide sindikalak, eraberritzea, besteak beste.

Hurrengoetan ere izango dugu zuekin zer ospatu. Goiko lerroetan jasotako adibideek, berretsi egiten digute jakin bagenekiena: sindikalismoak bizitzak hobetzeko balio duela. Are gehiago, ikerketa hauek nolabait, sindikalismoa inguratu egiten dute. Egunerokoan, kaleetan, lantokietan eta gure bizitzetan ukigarri den hori guztia, borobildu egiten dute.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: