Adi elefanteari

(Landeia aldizkarian argitaratua)

Elefantea gelan dago, baina inork ez du gai hori jorratu nahi. Ezkerra eta Europa. Europa eta Ezkerra. Nola jokatu behar du ezker politikoak Europar Batasunean? Betiereko itzulera duen eztabaida.

Europa eta ezkerra. Ezkerra eta Europa. Betiereko itzulera, etenik gabe errepikatzen zaigun auzia dugu. Next Generation funtsak dira oraingo honetan bidegurutzera ekarri gaituztenak. Zein bideri heldu nahi diogun deliberatzeko, funtsezko galdera bati erantzun beharra dago: Europako funtsak eta ezkerreko politikak, bateragarriak diren ala ez diren.

Hain justu, Asbjorn Wahl sindikalista eta ikerlari norvegiarraren artikulu bat argitaratu berri dugu Manu Robles-Arangiz Fundazioan, funtsen auzi zehatza testuinguru zabalago batean kokatu eta ulertzeko aukera ematen duena: Elefantea gelan edo inork jorratu nahi ez duen arazoa. Wahlek, Europako ezker kaotikoaren azterketatik abiatuta, Europa eta ezkerraren arteko dilema horri heltzen dio lan honetan.

Betiereko dilema horren adibide, berriki izandako esperientzia mingarriena jorratzen du norvegiarrak. 2015 urtea, Grezia, Syrizaren gobernua, Troika, erreferenduma, eta azken batean, jasotako danbatekoa. Herrialde heleniarrarekin batera, ezkerretik amesten dugunok sentitu genuen etsipena eta desengainua handia izan zen.

Greziako adibidea

Haustura nabarmena markatu zuen honek eta harrezkero, Europaren eraberritzeari dagokionez, bide ezberdinduak jarri dira abian. Yannis Varoufakisek Batasuna barrutik erreformatzeko jarrera irmoarekin jarraitzen du (DIEM25 mugimenduaren bidez). Ostera, bere herrikide den (eta gobernukide izandako) Costas Lapavitsasek, talka bat ikusi zuen 2015eko esperientzia hartan: Europa barruan ezkerreko politikak indarrean jartzeko ezintasuna.

Ezindura horren oztoporik behinena moneta batasuna dela uste du Lapavitsasek. Gogora dezagun, Greziako aferan moneta politika propioa ez izatea eragozpen handia bilakatu zela. Lapavitsasen hitzetan “Moneta Batasunarekin amaitu behar dugula esatea da ezkerrak egin beharreko lehen urratsa. Euroak porrot egin du eta ez dugu behar”. Ezkerraren huts egin duela eta langile klaseak ezkerrarekiko galdutako konfiantza azpimarratzen du. Wahl berak ere langilea klasearekiko urruntze horrekin uztartzen du europar ezkerraren porrota. Horregatik, dilema honen bidegurutzean, inora joan baino lehen, Europako ezkerraren krisi ideologiko eta politiko sakona aitortu beharra dagoela argudiatzen du.

Ostera, badirudi ezkerrak Europar Batasuna eta bere neoliberalismoa kritikatzeko nolabaiteko konplexua duela. Zer gertatu zen bestela Erresuma Batuan Brexit-aren inguruan? Ezkerretik Europar Batasuneko neoliberalismoa jomugan jartzeko ezgaitasunak, muga garbi bat ekarri zuen: Batasunari egindako kritika oro eskuin muturreko alderdiekin bat egitea. Wahlek Sjostedtek (Suediako Ezkerreko Alderdiaren buruak) esandakoari heltzen dio: Europar Batasunaren aurkako ezkerreko kritika aurrerakoia eta UKIP bezalako alderdien artean, amildegia dago. Wahlen hitzetan, ez da beldurrik izan behar eskuin muturrarekin nahas gaitzaten: “Krisi honetatik ateratzeko modu bakarra ezkerrak Europar Batasunaren aurkako borroka eta kritika propioa garatzea da, politika internazionalistak, solidarioak eta arrazakeriaren aurkakoak sustatuz, eskuin muturraren kritikaren amildegiaren beste aldean” .

Nola biratu Europar Batasuna ezkerrera, barrutik ala kanpotik?

Next Generation auzira itzuliz, asko dira ezkerreko ikuspuntu horretatik irmotasunez funtsak baztertu behar direla esaten duten ahotsak. Esate baterako, Eulalia Reguant eta Mireia Vehí CUP-eko kideen hitzetan: “Funtsek kontrapartidak izango dituzte eta krisia ahulenen bizkar gainean jarriko dute. Lan eta pentsioen erreformak, zorra, enpresa handietara bideratutako laguntzak. Horrek desberdintasuna areagotuko du eta eskuin muturraren tesiarentzat bazka izango da”.

Mikel Noval, ELAko azterketa bulegoko kideak Attac-Nafarroak antolatuko jardunaldian garbi azaldu zuen funtsak eta murrizketak elkarren eskutik doazela. Are gehiago, funtsak politika publikoetan etengabe esku hartzeko tresna dira. “Murrizketak eskatuko zaizkigu. Eta murrizten ez duenari, isunak edo dirua itzultzea eskatuko zaio.”

Pandemiak aurretik ere oso biziak eta larriak ziren gatazkak nabarmenago utzi ditu. Ikuspegi feminista batetik, lehendik ere bistakoa zen lana eta bizitzaren arteko gatazka, lehen lerroan jarri digu. Hurbilketa ekologiko batetik, zer esanik ez: gure bizitzeko, kontsumitzeko, ekoizteko eta mugitzeko ohiturak pausa egoeran jartzera behartu gaitu eta guzti horrek planetari eman dion arnasa ikusgarria izan da. Ikuspegi sozialetik, pandemiak sektore publiko indartsuago baten beharra ere mahaigaineratu du. Europako Funtsek, zorra handituko badute eta lan eta pentsio erreformak ekarriko badituzte, zein margen izango dugu sektore publikoa indartzeko? Zein tarte lagako digute benetako trantsizio ekologikoa abian jartzeko?

Europako funtsak eta ezkerra, bateraezinak

Europa barrutik ala kanpotik, ezkerrera bideratu nahi badugu, funtsak baztertu beharra dago. Varoufakisek, Batasuna barrutik erreformatu nahi duen horrek, argi dauka funtsak banku eta enpresa handietara bideratuko direla, eta ez familiek, ez jendarteak, ez ekonomia errealak ez duela onurarik izango eta ordainetan, desberdintasun sozialak areagotuko dira. eta desberdintasunak handituz jarraituko dutela.

Gela barruan dugun elefanteari adi, ezin dugu ezikusiarena egin. Amildegiaren beste aldean gaudela azpimarratu beharra dugu eta horrek exijitzen digu Europar Batasuneko politika neoliberalei kritika sendoak egitea. Next Generation funtsek, ezkerreko politikak abian jartzea eragotziko dute. Ezkerreko politikak ezin aplikatzeak, badakigu zer dakarren: zerbitzu publiko eta oinarrizko eskubideen murrizketak, lan eta pentsio erreforma atzerakoiak, pobretzea… Hori ere, betiereko itzulera.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: