Okerreko gorputzaren konkista

(Landeia aldizkarian argitaratua) Manu Robles-Arangiz fundazioak sarean duen Kafeskistan hausnarketa foroan Miquel Missé soziologo eta trans aktibistaren ‘A la conquista del cuerpo equivocado’ liburua izan berri da aztergai

“Gure gizartean finkatuta dauden gizon eta emakume kategoriak hain dira zurrunak, jende asko kategoriotatik kanporatu egiten direla. Zaila da gizon maskulino edota emakume femenino izatea, eta pertsona askok porrot egin dutela sentitzen dute. Are gehiago, esango nuke ohikoa genero arauen betetzean porrot egitea dela”. Miquel Missé soziologo eta trans aktibistaren hitzak dira, A la conquista del cuerpo equivocado liburuan.

“Genero ondoeza sentitzea, ez da trans jendeak soilik bizi duen esperientzia minoritario bat, kontrakoa baizik. Ondoeza hedatua dago… trans esperientzia, hedatua dagoen ondoez hori kudeatzeko modu posibleetako bat da. Trans esperientzia ondoez bati aurre egiteko irtenbide posible bat baino ez da, eta gakoa ondoez horri erreparatze da. Ondoez hori dagoelako existitzen da transexualitatea, eta hori, genero-kategorien zurruntasunaren sintoma da”.

Genero ondoeza, trans pertsonek bakarrik ez, gutariko askok ere sentituko genuen: guk, zuk, nik, ondokoak… Oinarrizko zoru horretatik abiatuta Misséren liburuak badu bertute handi bat: berehala irakurlea, trans esperientziatik urrun bizi badu ere, berehala bereganatzen duela, interpelatua eta islatua sentitu delako. Liburu paragrafo horiek, ez al zaituzte harrapatu?

Begiz jota genuen liburua, eta autorea bera gonbidatu genuen joan den maiatzean Kafekistanera.  Espazio hau, pandemiako itxialdi garaian, gai ezberdinen inguruan solasteko, edo elkarrekin aritzeko sortu genuen. Gozamenerako, hausnarketa pausatu eta konpartitutzeko eta elkar elikatzeko tartea pentsatu genuen. Online saioan, ohorea izan zen Missé gure artean izatea.

Kezka bizi batek eraman zuen Missé liburu hau idaztera: Trans esperientziaren inguruan azken urteetan nagusitu den pentsamolde mainstreamak, gorputzaren eraldaketan jartzen duela fokua gazte transexualei eskaintzen dien (ia) aukera bakarra, existitzen ez den eta eskuragarria ez den balizko gorputz idealaren bila, eraldaketa prozesua abiatzea.

Bide bakar hau desjabetze bat dela aldarrikatzen du Miquel Missék: norbere gorputzaren desjabetzea. Bere liburuan hori irauli eta gorputzak berreskuratu eta haien jabe egiteko deia egiten du Missék.

Zeintzuk dira gure edertasun ereduak? Zein ispilu eta erreferente? Missék trans ispiluak kontzeptua proposatzen du. Genero trantsizioaren prozesuan murgilduta dauden pertsonek, izan ditzatela trans ispilu-ak zeinetan begiratu. Ispiluaren beste aldean, ez dadila egon gorputz CIS (ez- transexual)  ideal bat; konplexurik gabe trans esperientziaren markak bistaratzen dituen ispilu bat baizik. Beste behin ere, Missék irakurlego zabalari egiten dio dei: trans pertsonez harago, trans ez diren pertsonei ere bai. Gorputz eredu hegemonikoaren atzetik bagabiltza, ez gara inoiz aseko. Sistemak ezartzen dizkigun ideal horiek ez dira ukigarriak, ez dira osasungarriak. Finean ez dira existitu ere egiten, eta gainera, gorputz ideal horretara gerturatuta ere, ez dira gure ondoezak konponduko.

Enpatiaren balioa

Kafekistan espazioan gai hauen bueltan hausnartzea zoragarria izan da: liburuaren irakurketa sakonagoa egiteko parada eman digu, era pausatuan hausnartzeko, aldamenekoaren sentsazioak entzuteko, lerro artean irakurtzeko… Liburuak galdera zaparrada planteatzen ditu, eta taldean partekatzen badira, galdera hauek biderkatu egiten dira. Azken batean, liburua norberak bere etxean irakurtzea baino askoz ere aberasgarriago izan da. Baita liburua irakurri gabe ere saioan parte hartzeko aukera izan dutenentzat ere.

Liburua eraikitzailea, iraultzailea, kitzikagarria, pedagogikoa eta zentzu batean terapeutikoa ere badela esango nuke, sendagarria. Trans esperientzia jendartearen bazterretatik, erdigunera dakar binarismoaren deseraikuntzan aurrerapausoak emateko indar gisa, genero egiturak beraiek auzitan jarriz. 

Liburuak planteatzen dituen gaietako batzuk, mundu sindikalera ere ekar litezke, mundu sindikalaz ere hausnartzeko. Missék, enpatia oinarrizko ezaugarria delako uste du, trans esperientzia besarkatzeko. Hau da, enpatia gaitasuna duenak, trans mundua ulertzeko gaitasuna du azken batean.

Enpatia duen gizon heterosexualak, beste gizonekiko desioa sentitzen ez duen arren, desio hipotetiko hori irudikatzeko gaitasuna daukan bezala. Eta honenbestez, gay pertsonen mundua ulertzeko.

Enpatia, ezinbesteko bertutea da ere mundu sindikalean. Planeta, pertsonak, emakumeak, bizitza, migratuak azpiratzen dituen sistema zoro honek, inbidualtasuna elikatzen du egunetik egunera. Kapitalismoak bere burua berrasmatzen dut egunetik egunera, mundu gero eta indibidualizatuagoa produzituz. Sindikalismoa horri aurre egiteko tresna bat da: indibidualismoaren aurrean, klase identitatea, klase elkartasuna erdigunean jarriz. Enpatia duen langileak, bereak ez diren minak ere, bere sentituko ditu: garbiketa lanetan dabiltzan emakumearenak, lan karga gogorrenak jasaten dituen etorkinarenak, behin-behinekotasunean bizi den funtzionarioarenak, hitzarmenik ere ez duen langilearenak, azpikontrata batean baldintza oso prekarioetan lanean ari denarenak…

Azken batean, Misséren liburuak enpatia bezalako gaitasun bat balioan jartzeak, ez da makala! 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: