Digitala (ere) politikoa da

(Landeia aldizkarian argitaratua)

Gustatu ala ez, aro digitalean bizi omen gara. Onar dezagun, gure bizitzaren esparru asko eta askok geroz eta gutxiago dutela analogikotik, eta geroz eta gehiago digitaletik. Eta gainera, digitalizazioa, duela bi urte irudikaezina zitzaigun era eta erritmo batean gainezka datorkigu: pandemiak biziagotu duen prozesua izan da. Digitalizazioaren sakontze honek badu halabeharrezko alderdi bat, eta badu ere berariazko beste aurpegi bat ere. Izan ere, zenbaitek argudiatu dute eliteak pandemia egoeraz baliatu direla beste egoera batean onartuko ez genituzkeen aldaketak oso abiadura azkarrean ezarri ahal izateko. Alegia, shock digitalaren doktrina ezarri digutela. Tresna informatikoekiko gure menpekotasuna areagotzeko eta pandemia aurretik abian ziren hainbat proiektu ekonomiko eta politiko garatzeko aukera paregabea: telelan masiboa, irakaskuntza birtuala, online erosketa, osasun zerbitzuen digitalizazioa… Badirudi horren kontrola ez dagoela gure esku, baina uste duguna baino gehiago gure esku baldin badago? Dirudiena baino gehiago badugu esateko?

Euskal Herria Digitala martxan

Hau da, gure alde baliatuko eta bizitza duin eta kolektiboen zerbitzura jarriko bagenu? Digitalizazioa elite finantzieroen mesedeetara eta antojura inposa diezagukete, baina beste hainbat auzitan bezala, badago alternatibarik: jendartearen zerbitzura jar daiteke.

Gisa honetako kezka eta egonezinek akuilatuta, Euskal Herria Digitala plataforma abiatu dugu, Ipes, Olatukoop, Teks, Ipar-Hegoa eta Iratzar fundazioekin batera. Ekainean Euskal Herria Digitala plataformako kideok manifestu bat plazaratu genuen, digitalizazioaren eraginez eztabaida pizteko deia luzatuz. “Manifestu hau plazaratzen dugunok uste dugu erronka digitala XXI. mendeko erronka nagusietako bat dela. (…) Horrek hainbat kezka piztu ditu dagoeneko mundu luze zabalean: nora garamatza digitalizazioak? Ze aldaketa ekarriko ditu demokraziara eta bere materializaziora? Lana eta hezkuntzaren esparruak aldatuko ote ditu? Digitalizazioak zer ondorio izango ditu iraunkortasunaren aldetik? Gizakiaren harremantzeko moldean aldaketa bortitz baten aurrean ote gaude? Finean, gizateria aldatuko duen garaiko jauzi baten aurrean ote gaude?”

Gakoa kontrolean dago

Auziaren konplexutasunak gaia zenbait ardatzen inguruan gorpuztea eskatzen du, eta gaur-gaurkoz lau esparru nagusi identifikatu ditugu: Demokraziaren esparrua, lan mundua, hezkuntza eta humanitateak. Eta hala, joan den urriaren 15ean Errenterian ospatu genuen jardunaldian lau ardatz hauen bueltan antolatu ginen, lantaldetan, hausnartu eta kezka eta erronka nagusiak identifikatzen.

Lan munduaren digitalizazioa ELA aspalditik kezkatzen duen gai bat da. Digitalizazioa mehatxu bezala aurkezten digute, lan baldintzak are gehiago prekarizatzeko. Baldintzak are gehiago estutzeko, eta onartu ezean, kaleratzeko. Hurrengo geltokia; enplegu-suntsiketa, ongi-etorri robotak.  Eliteek aurre hartu nahi digute honetan ere, baina digitalizazioa lan merkatua prekaritzako baliatu ordez, langile klasearen zerbitzura ere jarri liteke. Zaintza sektorean, esate baterako, robotak enplegua suntsitzeko erabili beharrean, fisikoki nekagarriak eta oso nekezak zaizkigun zereginak egitera bideratuko balira, askotariko onurak izan genitzake: zaintza lanen kalitatea beste zereginen batzuetara indarrak baliatuz hobetu liteke, edota, zergatik ez, lanaldiak murriztu, lana hobetu banatu eta hobeto bizi ahal izateko.

Herritarron zerbitzura

Kezka bizia da beste esparruetan ere: demokrazian, humanitatean…Hezkuntzaren esparruan, onargarria al da esate baterako, eskola publikoetan gure haurrek darabiltzaten aplikazio digitalak Google-enak izatea? Google eta munduko beste lau enpresa teknologiko boteretsu, GAFAM akronimoan biltzen dira: Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft. Onargarria al da boskote honek markatutako algoritmoen menera bizitzea?

Eskuartean dugun auzi honetarako oso baliagarri zaizkigu Yayo Herrerok energia krisiaren inguruan  esandakoak: kontrola noren esku dagoen, hor dago koska. Jasangarritasun, birbanaketa eta justizia irizpideak oinarritzat hartu krisi energetikoa gainditu nahi badugu, kontrola noren esku dagoen, hori da muina. Krisi energetikoaren kudeaketan, enpresen mozkinak mantendu edota handitzen ikusten baldin bada lehentasuna, orduan, jendartearen eta pertsonen bero-mantetzeko, kozinatzeko edo argia izateko beharrak ez dira bermatuta egongo; ostera, lehentasuna oinarrizko baldintza duinetan  energiarako sarbide-eskubidea bermatzea bada, enpresen mozkin-gosea izango da bermatuta egongo ez dena. Berdintsu gertatzen da digitalizazioarekin.

Ziberburujabetzarako bidean, horrela izendatu genuen urriko jardunaldia. Eta burujabetzarako bide horretan, eguneroko praktika txikiek asko emango digutelakoan gaude. Praxiaren bidez eraikitzen delako eraldaketa. Hor dugu H&Mko emakumeen garaipenaren adibidea: digitalizazioaren aitzakiarekin enplegua suntsitu nahi izan dute, genero-aurpegia duen enplegua, prekarizatua. Grebalariek erakutsi dute, soberan daudenak haien mozkinak direla, eta online salmentek gora egin arren, enplegua soberan ez dagoela. Are gehiago, mozkin ikaragarriak ikusita langileek kanpaina abiatu dute aberastasun banaketa justuago baten alde: soldata mantentuz lan jardunaldia nabarmen murrizteko. Alegia, lan eta bizi baldintzak hobetzeko. Gainerako esparruetan, nola erabil dezakegu teknologia eta digitalizazioa herritarron zerbitzura?

Euskal Herria Digitala plataformaren bitartez zabal-zabalik dagoen plaza bat ireki dugu, lagun berriak erakartzeko prest dagoena. Konbentzituta gaude esparru digitalean ere gure burujabetza defendatu beharra dugula, eta horren bueltan era kolektiboan antolatu behar dugula. Evgeny Morozov teknologiaren inplikazio politikoak eta sozialak aztertzen dituen ikerlari bielorrusiarra da, eta sarritan, digitala eta politikoa lotu beharraz mintzo da: “teknologikoa eta politikoa uztartu behar ditugu ez badugu porrot egin nahi”. Digitala ere badelako politikoa!

(Des)hazkunde digitala

Mundu digitala ez da aparteko mundu bat, planeta eta jendartetik bereizita dagoena. Digitala den hori, finituarekin eta ukigarri denarekin erabat lotuta dago: bizitzarekin, lurrarekin. Eta nola ez, mugekin. Ezin dugu amaigabeki digitalizatu, ez bakarrik muga fisikoak egon badaudelako, baizik eta eremu humanistikoan ere, muga batzuekin talka egiten duelako. Bai, digitalizazioak kutsatu egiten du. Estresa sortzen du, planetan eta jendartean. Plano ekonomikoan desazkundearen ideia geroz eta barneratuago dugun modu berean, desazkunde digitalaren ideia ere landu beharko dugu. Noski, desazkunde hori jendartearen alde eta bizitza bizigarriagoen alde izan dadin nahi badugu behintzat.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: