Kiketza azaroan

azaAmomak burua nahasia duen arren, bisita egiten diodanean badira inoiz ihes egiten ez dioten bi kontutxu. Zelan dekozue solotxua? Zer dekozue landatute? Leo da balkoiko soloa zaintzen duena, eta zuzenean berari egiten dio galdera. Guk perejil apur bat dekogu, esaten digu berak. Guk espinakak, letxuga dekoguz eta orain aza ere bai. Ederto iten dozue! Gure etxearen alde batean daukagu balkoia, eta beste aldean, merkatua ikusten da parez pare, Plaza esaten zaion merkatua. Bakixu nik merkatuan iten nenduala behar, ezta? Urtek dire joan ez nazela. Enei, zenbat urte! Bion artean merkatua zelan eraberritu duten azaltzen diogu. Egitura eta beirateak mantendu dituztela, baina goitik behera aldatu dutela.

Astean birritan egiten ditugu errekaduak bertan, arraultzak, barazkiak, oilaskoa, arraina… Bigarren pisuan emakume baserritarrak egoten dira, haiei propio jarritako mahaitxoetan beren produktuak saltzen. Den denak dira emakumeak, bendejea saltzera datoz, sasoian sasoikoa. Nire amoma gogorarazten dit haietako batek, eta berari erosten dizkio kalabaza eta porruak. Eta aza ere bai, orain azaroan. Perejil aputxu bat gure dozu? Eroaixuz tomate honek, neuk emoten dotzutez. Bere bizkaiera nongoa ote den galdetzeko irrikaz geratu naiz, baina ziur nago ez dela Txorierritik oso urrun ibiliko.

Oso hamarkada gutxian gure aitite-amomen belaunalditik gurera, haiek lurrarekiko zuten lotura eta hurbiltasuna galdu egin ditugu gazte askok eta askok. Orain guri dagokigu nolabait ezagutza hori berreskuratzea, eta horrek bultzatuta akaso landatu ditugu lehen aldiz barazkiak balkoian.

Udazken honetan, azaroan, besoetan dudan seme jaioberriari hitz eta berba egiten diot. Berba baino, hitz gehiago. Izan ere, amomaren euskara ikasi nuen arren, batua darabilt ahoan gehien gehienetan. Beharbada hau ere nire belaunaldiko beste askoren gauza izango da. Semetxoarekin batera nire bikotea ere euskara ikasten ari da eta ¿Cómo se dice noviembre? galdetu didanean, berehala ikasi du. Balkoian zer daukagu, ba? Horrela esaten diogu, Azaroa. Txikia besoetan dudala, lantzeminean, nire haurtzarotik erabiltzen ez nituen berbak datozkit ahora. Zotina du sarritan, baina ez diogu zotina esaten gurean, kiketza baizik.

Azaro epel honetan, gure azak ez dira oraindik heldu Amomak soloan zer dekogun galdetzen digun hurrengoan esango diot. Kiketza, azaroan.

Erne, kutsakorra da!

image(4)

Jan ta jabe artikuluan hausnartzen aritu ginen, kontsumo-eredu kapitalistaren eta eredu basati hau gainditu nahi duten hainbat ikuspegiren inguruan. Esaten genuen, elikadura burujabetasuna, ekonomia feminista, erabakitzeko eskubidea eta beste abar batzuk, ez direla moda hutsean dauden azaleko asmakizunak; edukiz kargatuta datozen aldarriak baizik. Gaur egungo eredua(k) irauli nahi baditugu, geure egin behar ditugunak.

Lau urterik behin eman ohi zaigu aukera boza emateko, eta oraindik ere demokrazia gabeziaz bezain beste, hitz egiten dugu demokraziaz. Kontsumitu, egunero kontsumitzen dugu, behin baino gehiago gainera. Argia pizte hutsa, kontsumo ekintza argia da. Sarean gabiltzanean, online erosketarik egiten ez badugu ere, kontsumitzen ari gara. Zer esanik ez, kartera ireki eta dirua edo txartelak ateratzen ditugun bakoitzean. Lau urtero botoa ematearen aldean, nola ez du, bada, gure kontsumo-portaerak eraldaketa botererik izango?

Pedagogiaren inguruan ezer gutxi jakin arren, ezagutzen dut zein bidetatik ikasi ditudan gauzak bizitzan. Ikaskuntza esanguratsua, gozagarria dena, hondoraino barneratzen den horietakoa, ez dator inposiziotik, ezta pertsona sasijakintsu orojakile lezio-emaileen eskuetatik ere. Zurikeriatan ibili gabe eta neure kontraesanak ezkutatzeko asmorik gabe, ideia bat plazaratu nahiko nuke, besterik ez. Azken urteetan nire egunerokotasunean eta kontsumo-ohituretan emandako urrats guztiak, inguruko pertsona, iniziatiba eta proiektu eredugarriengandik ikasiaz eman ditut. Inguarengandik, alegia.

Asko begiratuz, aztertuz, eta umeek bezala, zergatik? galdetuz. Azken finean, kutsatu nautelako. Gauzak beste era batean egiten dituztenek irakatsi egin didalako, “hau-horrela-egin-behar-duzu-bestela-ez-zara-cool” esan gabe, bestela, alperrik dabiltza! Ideia batzuk berehalakoan tentatu naute, eta ariketa erraza izan dira. Beste batzuk, momentuan erakartzen nauten arren, denbora behar izaten dut aldaketa praktikara eramateko. Buruan dut adibidea: aurrezki-kutxa b-etikotik atera eta etikoa eramateko orduan, sartzen zaigun sentimentalismoa. Baina tira, denbora kontua izan daiteke.

Oraindik ere, Iberdrolari ordaintzen diogu etxean eta badakit, horixe izango da hurrengoa: Iberdrolari ordaintzen ez diodan lehen elektrizitate-faktura ez da hain mingarria izango. Produktu lokalen kontsumoa, auzoko komertzio txikiak -nire auzoan dagoen urdaitegiarekin maiteminduta nago!-… erosten ditugun edukiontzietan arreta jartzea, kontsumo-maila leuntzea,  bigarren eskuko merkatuak gure buruko-planoetan sartzea, elkartruke harremanak planteatzea …  Adibide batzuk baino ez dira, hasiera bat izan daitezkeenak. Geure esku dagoena egin behar dugu, pausuz-pausu, bakoitzak nahi eta ahal duen erritmoetan. Guztion artean, kontsumo-portaerek duten botere eraldatzailea barneratzen badugu, urrats handiak emateko gai izango gara.

Begira ezazu zure inguruan, zure harreman sareetan, lagun taldean, zure auzoko dendetan. Galdetu zure amomari. Entzun, zaude adi, galdetu, harritu zaitez. Eta konturatu orduko, taka! Zeu ere kutsatzen hasita egongo zara. Zorionekoa zu! Laster zu zeu ere, kutsakorra izango zara! Edo bazara bazara,  jakin ez dakizun arren…

Hozkailuetako ekonomia (2013ko Irailaren 8an Berrian argitaratua)

Uda honetan ozta-ozta hirurehun biztanle dituen irla bat ezagutu dut. Zera pentsatu dut: portutxoan eseri besterik ez dago irlako merkataritza balantzaren estimazio bat egin ahal izateko. Nazio kontabilitatean aditua izan gabe, nahikoa da egunean zehar portuan sartu eta irteten diren barkuek dakartena aztertzea. Eskala txiki horretan, irlako ekonomiatik kanpo zer erosten den, bertan zer ekoizten den eta kanpora zer saltzen den, tamaina handiagoko ekonomia eta herrialdeetan baino bistakoagoa da.

Arrainik ez zaie falta, barazkirik ere ez, eta ahuntz eta ardiak nonahi dituzte irlan. Esneki eta gazta goxoak esportatuko dituzte, seguru. Irla eguzkitsua izanik, energia eolikoaz baliatzen dira. Baina, portualdeko taberna bakarraren aurrean dagoen gasolindegia hornitua ahal izateko urruti geratzen da Ekialde Hurbila. Irlan ez dagoena edo ekoiztu ezin daitekeena, derrigorrez itsasontziz ekarri beharra dago. Neure baitan pentsatzen dut garesti helduko zaiela urre beltza … Egia esateko, urreaz ari garela, bertako olioa gogorarazi dit. Ez dut uste, hala ere, oliba zukuak eta petrolioak merkatu berean kotizatzen dutenik, gutxiago, Europako Batasunak ezarri zituen ekoizpen kuotez geroztik …

hozkailu
Are eskala txikiagoan, gure etxeetako hozkailuek, bizi garen mundu zoro honen beste hainbat aurpegi erakusten dizkigute. Munduko bost kontinenteetatik, ipar zein hego hemisferioetatik eta urteko sasoi guztietan iristen zaizkigu gure hozkailuetara mailuki, tomate, transgeniko, eta letxuga paketeratuak. Platerak prestatzen hasiz gero, jatetxe italiar, txinatar, mexikar eta batekdaki- nongo menuak sukaldatu ahal izango genituzke.

Hamarkada gutxi batzuk atzera bagoaz, herriko familiarik aberatsenen etxeetan ere ez genuke horrelako luxurik topatuko. Kuriosoa da, gainera; gure aititeamomen eta gure belaunaldiaren artean %70 murriztu ei da agroaniztasuna. Jakiz gainezka ditugun apalategiak erdi hutsik geratuko litzaizkiguke horiengatik justuagoa den prezio bat ordainduko bagenu.

Izan ere, Mendebaldeko Hozkailuetako Ekonomia, munduan jaun eta jabe den nekazaritza industrial intentsiboaren irudi da. Mundu mailan hainbeste injustizia, desberdintasun eta gosete dakartzana. Gupidarik gabe nekazari, abeltzain eta arrantzaleak mespretxatzen dituen sistema eta garai batean kolonia izandako herrialdeak ustiatuz bertako biztanleria esplotatzen jarraitzen uzten diguna.

Bidegabeko errenta birbanaketaren kaltetu nagusienak, zalantzarik gabe, hegoaldeko eskualdeetan lurra lantzen dutenak dira. Zer esanik ez, emakumeak badira. Mundu mailan nekazaritza sektorean jarduten duten 600 milioi emakumeek munduko elikagaien erdia baino gehiago ekoizten dute. Emakume horiek dira, umeekin batera, munduko gosea neurtzen duten estatistiken atzean daudenak: lurraren %2ren jabe baino ez dira, eta nekazaritzarako kredituen %1 baizik ez dute eskuratzen.

Supermerkatuko korridoreetako apalategietatik gure etxeetara ekartzen duguna geuk aukeratzen dugula uste dugu. Baina erabaki, multinazional gutxi batzuk erabakitzen dute: interes pribatu eta espekulatzaileekin leial jokatzen dute, lurra lantzen duena inolaz ere aintzat hartu gabe. Esportaziora bideratuta dauden ekoizpen kilometrikoak versus lokaltasuna.

Elikadura Burujabetzak tokian tokiko ekonomia eta merkatuei ematen die lehentasuna, eta nekazaritza familiarrari, ohiko arrantzari eta betiko artzaintzari boterea luzatzen die. Merkatuen gardentasuna bultzatu eta herri guztientzat diru sarrera duinak bermatu nahi ditu, kontsumitzaileei euren nutrizioa eta elikaduraren gaineko kontrola itzuliz.

EHNEren arabera, Euskal Herrian kontsumitzen diren hamar barazkitik bederatzi kanpotik ekarritakoak dira. Eta ez gara Fair Trade zigilua daraman kafeaz ari. Zorionez, gero eta gehiago dira jaten dutenaren gainean erabakitzeko gaitasuna berreskuratu nahi dutenak. Euskal Herrian barrena, horren adibide dira herriz herri martxan jarri diren kontsumo taldeak.

Pentsaeraz aldatu eta ekintzara pasatzen ez bagara kondenatuta gaude, gero ez dago irteerarik.

Jan da jabe!

JAN DA JABE!

Irudi bat proposatu eta esango didazue zer iradokitzen dizuen: supermerkatuko pasilloetan barrena, erosketa gurdiari tiraka ari zaren argazki bat. Gurdi horri bultzaka ari zarela, zer da gurdi horrek sinbolizatzen duena? Erosteko “boterea” ala sumisioa? Sartu eskuak poltsikoetan, eta haztatu barruan dantzan ari diren txanpon horiek. Barrurago, sartu eskuak barrurago eta sakonago, arakatu sakonago.  Zenbateraino erabakitzen ote dugu guk geuk zer erosten dugun.  Zer, nola, noiz eta zenbat kontsumitzen dugun. Izan ere, kontsumo indibidualaz harago, kontsumo-patroi jakin bat dago, eredu kapitalistak inposatzen duena: kontsumo-eredu-kapitalista.

Kontsumo-eredua, ez da gauza autonomoa, inondik inora. Kontsumo-eredu jakinaren atzean, energia, produkzio, finantza eredu jakinak daude, denak elkarren artean uztartuta, elkarren menpeko. Begi-bistakoa da: sasoikoak, bertokoak, kalitatezkok diren produktuak protagonista diren kontsumo-eredua, ez da bateragarria gaur egungo energia-ereduarekin.

Idazketa ariketa honetan, hausnarketa konpartitu honetan, esanahiez beteta datozen bi kontzeptu jarriko ditugu mahai-gainean: Erabakitzeko Eskubidea eta Elikadura Subiranotasuna. Ez dira modan dauden azaleko bi asmakizun; edukiz kargatuta datozen bi aldarri baizik. Gaur egungo eredua(k) irauli nahi baditugu, geure egin behar ditugunak.

Elikadura burujabetasunaren ardatz nagusia, jaten dugunaren gainean erabakitzeko eskubidea pertsonei, edo kolektiboki adierazi nahi badugu, herriari itzultzean datza. Elikadura burujabetasuna garatu ahal izateko, ezinbestekoa da hainbat eta hainbat esparrutan, erabakitzeko eskubide hori, herriari itzultzea. Gure estatus politikoa erabakitzeko eskubidea noski, eta horrekin batera, beste hainbat esparru nagusitan erabakitzeko eskubidea: industria politikak garatzeko (zer eta nola ekoiztu nahi dugu), energia-ereduaren aldaketaren aldeko apustua egiteko, kontsumo-ereduak birplanteatzeko, finantziazio-ereduak eraldatzeko.

Oraindik gogoratzen dut, eskolan zortzi urte inguru genituela merkatuko jarduera ekonomikoak hiru multzotan sailkatzen erakutsi zigutenean. Gerora konturatu naiz, lezio horrekin mundua eta herrialdeak hierarkizatzen dituen ikuspegi bat azaldu zigutela. Arrantza, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza lehen sektorean. Lantegietako lana -tximiniak- bigarren sektorean, eta gainontzeko guztia, hirugarren sektorean. Lehen sektoreak, herrialde bateko jarduera ekonomikoan duen pisua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta garatuagoa. Tertziarizazio maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aurreratuago. Aurreratuago denboran -geure ekonomia XX.mendean, XVIII. mendearekiko-, eta espazioan – herrialde garatuak, herrialde “azpigaratuen” aldean-. Bide batez, hirugarren munduko herrialdeei mezu argia: aizue, utzi alde batera nekazaritza, eta tertziarizatu zaitezte!Ah, ez, lehen munduan bizi garen moduan bizitzen jarraitu nahi badugu…

Tertziarizazioa-hazkundea-garapena parekatze horrek, lehen sektorea gutxiestea dakar, baztertzea. Hau da, ikusezin egitea, alegia; hiru sektoreko sailkapen horrek merkatuz kanpoko jarduera oro ikusezin egiten duen neurri berean. Ekonomia kritikoaren baitan kokatzen diren ikuspegi askok, azken finean horixe eskatzen dute: berariaz ezkutuan gorde nahi den hori, ikusezina dirudien hori ikusi araztea. Ekonomia feminista merkatuz kanpoko jarduera, esparru domestikoko jarduera, emakumeen jarduera bistaratzean datza. Elikadura burujabetasunaren muina jaten dugunaren gainean erabakitzeko eskubidea pertsonei itzultzea baldin bada, orduan, derrigorrez, baztertuta daukagun sektore bati dagokion arreta eskaintzea exijitzen ari gara.

invisibleBaztertzen dena bistaratzeaz gain, autonomo gisa bistaratu ohi dena, autonomoa ez dela esatea. Klase-irakurketa sinple bat baino interpretazio sakonagoa egin behar dugu. Merkatuko jarduera -ordaindutako lana- ez da merkatuz kanpoko jarduerekiko independentea: kontrakoa, esplotatu egiten du. Tertziarizatuta dagoen herrialdea ez da lehen sektorearekiko autonomoa; lurra, langileak, familiak, eta herrialdeak esplotatzen ditu. Eta ez, Iparreko herrialde aurreratuak, ez dira Hegoaldearekiko independenteak. Hegoaldeko herrialdeen zapalkuntzan oinarritzen da Iparraldearen hazkunde eredua.

Erosketa-gurdiaren irudira itzuliz, gure kontsumo-eredua kolokan jartzea dakar horrek; eta horren ordez alternatibak bilatu beharra. Eta kontsumoaren esparruan, alternatiba oso interesgarriak ditugu dagoeneko martxan gure inguruan. Ez pentsa, dinamika hauetariko asko ez dira berriak, ez ditugu guk asmatu. Denboran atzera egin, eta gure aitite-amomek zeuzkaten ohitura batzuk berreskuratzea ere bada. Elikadura burujabetasuna kontzeptua existitzen ez zen garaian. Jabetu, ez jabego pribatuaren zentzuan, baizik eta hitzaren beste adiera guztietan; ulertu, konturatu, ahaldundu, eta (kolektiboki) jabe egin. Jan eta jabe!

jandajabe

Plaza

(UK aldizkarian argitaratua)

Herriko plaza, orain labirinto bilakatuta. Metamorfosian ikusten dudanean oroitzapenen makina martxan jartzen zait. Txikitako irudi bat: ikastolarekin ihauteritan. Argazki berriago bat: bertso-photo saioa frontoian. Ez da hau plaza berritzen duten lehen aldia, baina antza, oraingoan aldaketa handia izango da, ebakuntza estetiko galanta.Ez da plazaren espazio fisikoa jokoan dagoen bakarra. Plazak, oraindik ere, eguneroko bizitzan topaketa puntu garrantzitsua dira, sozializazio guneak, eta beste espazio batzuekin batera, bizitasuna ematen diote herriari. Ohiko plaza hauetaz gain, azken urteotan bestelako batzuk ari dira ernatzen merkataritza zentroetan. Erosoak zer dira ba! Berdin da kalean zer aro dagoen, barruan beti goxoago egongo gara, burbuila batean bezala! Kale bihurtutako pasabideen artean, eszenatokian, funtzioa hastera doa: bat, bi, eta (hiru esan baino lehen) kontsumitu! Fast-food eta fast consumption. Ez naiz fundamentalista: herriguneetan ere badaude dendak, eta merkataritza zentroetara joatea ez da bekatu! Gune hauek nola erabiltzen ditugun, hori da arriskutsuena. Belaunaldi berrien artean, ume batzuk, bertan ari dira hazten eta horixe dute “herriko plaza”. Bitartean, hor dugu gurea, trantsizioan, itxuraldatzen. Ez dezala behintzat bidean galdu espazio publiko gisa duen funtzioa…

IKEA

Azken zutabean, plastiko poltsez, ontziki eta edukiontziez aritu nintzen. Carrefour supermerkatu sarea ere aipatu nuen. Oraingoan, gai horretatik larregi urrundu gabe, altzariez hitz egin nahi dut, eta, horren harira, Ikea multinazionalaz. Erosi, erabili eta bota. (edo zenbait kasutan, erosi-eta-bota). Lipovetsky filosofo frantsesak “Kleenex gizartea” izena ematen dio fenomeno horri. Ikeari esker, altzarien mundura ere hedatu da azken urteotan. Gure etxeko errepublika independentea, errez eta “merke” apaindu dezakegu goitik-behera. Apaindu, berrapaindu, eta bidean, altzariak erosi, erabili eta bota. Zorionez, internetek, sorpresa asko ematen digu. Badira hainbat eta hainbat web-orri, altzari erabiliak birsaltzen dituztenak. Horrela, hasiera batean hankamotza ematen zuen bidea, ziklo bihurtzen da: erosi, erabili, saldu, erabili…Erabilitako altzariak erosteko aukera zabala da sareari esker, eta gainera, Ikean bertan baino prezio merkeagoan…Orain bai, ongi etorri errepublika independentera!

Plastikoa

Plastikoa

(UK aldizkarian argitaratua)

1609ko abuztuan egin zuen Galileok lehen teleskopioa, duela 400 urte. Egun horretantxe, zaborretara plastikozko poltsa bat bota izan balu, orain, teleskopioaren urteurrenarekin batera, poltsaren heriotza ospatuko genuke. Izan ere, 400 urte behar dute plastikozko poltsa arruntek degradatzeko. Iraila hastearekin batera, plastikozko poltsen erabilera gutxitzeko neurriak hartzen ari dira. Guztietan sonatuena, Carrefour izan da, eta legeari aurre hartuz, poltsak banatzeari uko egin dio. Neurria, berez, onuragarria izango da ingurugiroarentzat, baina batez ere, supermerkatu sare honen irudi eta poltsikoarentzat. Erosketak poltsa birrerabilgarriekin egitera bultzatu nahi gaituzte. Ederto. Txintxo-txintxo, telazko poltsekin, etxera heldu naiz supermerkatutik. Janaria antolatzen hasi eta konturatu orduko zabor poltsa oso bat bete dut plastiko eta edukiontziekin. Kontsumitzaileak, kontzientzia ekologikoa badu, ontziki gutxien dituen produktuak aukera ditzake dendan. Baina nire lagun andaluz batek esaten duen moduan, ardura ez dugu soilik kontsumitzaileengan utzi behar. Legeak urrunago jo beharko luke, eta poltsen erabilera debekatzeaz gain, ontzi eta enbalaien erabilera gogorrago arautu.

Blog at WordPress.com.

Up ↑