Kiketza azaroan

azaAmomak burua nahasia duen arren, bisita egiten diodanean badira inoiz ihes egiten ez dioten bi kontutxu. Zelan dekozue solotxua? Zer dekozue landatute? Leo da balkoiko soloa zaintzen duena, eta zuzenean berari egiten dio galdera. Guk perejil apur bat dekogu, esaten digu berak. Guk espinakak, letxuga dekoguz eta orain aza ere bai. Ederto iten dozue! Gure etxearen alde batean daukagu balkoia, eta beste aldean, merkatua ikusten da parez pare, Plaza esaten zaion merkatua. Bakixu nik merkatuan iten nenduala behar, ezta? Urtek dire joan ez nazela. Enei, zenbat urte! Bion artean merkatua zelan eraberritu duten azaltzen diogu. Egitura eta beirateak mantendu dituztela, baina goitik behera aldatu dutela.

Astean birritan egiten ditugu errekaduak bertan, arraultzak, barazkiak, oilaskoa, arraina… Bigarren pisuan emakume baserritarrak egoten dira, haiei propio jarritako mahaitxoetan beren produktuak saltzen. Den denak dira emakumeak, bendejea saltzera datoz, sasoian sasoikoa. Nire amoma gogorarazten dit haietako batek, eta berari erosten dizkio kalabaza eta porruak. Eta aza ere bai, orain azaroan. Perejil aputxu bat gure dozu? Eroaixuz tomate honek, neuk emoten dotzutez. Bere bizkaiera nongoa ote den galdetzeko irrikaz geratu naiz, baina ziur nago ez dela Txorierritik oso urrun ibiliko.

Oso hamarkada gutxian gure aitite-amomen belaunalditik gurera, haiek lurrarekiko zuten lotura eta hurbiltasuna galdu egin ditugu gazte askok eta askok. Orain guri dagokigu nolabait ezagutza hori berreskuratzea, eta horrek bultzatuta akaso landatu ditugu lehen aldiz barazkiak balkoian.

Udazken honetan, azaroan, besoetan dudan seme jaioberriari hitz eta berba egiten diot. Berba baino, hitz gehiago. Izan ere, amomaren euskara ikasi nuen arren, batua darabilt ahoan gehien gehienetan. Beharbada hau ere nire belaunaldiko beste askoren gauza izango da. Semetxoarekin batera nire bikotea ere euskara ikasten ari da eta ¿Cómo se dice noviembre? galdetu didanean, berehala ikasi du. Balkoian zer daukagu, ba? Horrela esaten diogu, Azaroa. Txikia besoetan dudala, lantzeminean, nire haurtzarotik erabiltzen ez nituen berbak datozkit ahora. Zotina du sarritan, baina ez diogu zotina esaten gurean, kiketza baizik.

Azaro epel honetan, gure azak ez dira oraindik heldu Amomak soloan zer dekogun galdetzen digun hurrengoan esango diot. Kiketza, azaroan.

Euskararen isobarak (II)

Pako Aristi. Euskararen isobarak: Hamasei gezur handi eta koda bat.

isobarak«Izan ere, euskara jakin arren erabiltzen ez duen gazteak egina dauka bere marrazkia garunean. Ikasten du Euskl Herrian euskararik gabe edozer egin litekeela. Eta hasten da zerrenda egiten. Ispilujokoa da, azken batean. Gazteak ikusten duena sinesten du, ez esaten diotena. Eta ikusten du euskara jakin gabe izan litekeela: EITBko zuzendaria, aurkezlea, medikua, abokatua, Athleticeko presidentea, Errealeko entrenatzailea, Bilboko alkatea, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari edo musikaria, lehendakari (hemen solemne jarri da gaztea), Donostia 16ko zuzendaria, Nafarroako Euskara saileko buru, Lanbideko bulegaria, Basque Culinay Centerreko ikasle/irakaslea, Gurutze Gorrikosoroslea, parlamentaria, Errealeko takilleroa, pilotaria (“Eskerrik asko, el partido ha sido…”), ertzain, bizkartzain, ETBko sarrera zaindaria, ahaldun nagusia, alkate, Jaurlaritzako ordezkari Argentinan, independentistarik sutsuena…

Hasten da zerrenda egiten, eta ez du amaitzen ahal! Esan liteke Kafe Antzokiko zerbitzaria izan ezik beste edozein lanpostu lor daitekeela euskara jakin barik.» 92or.

Euskararen isobarak (I)

Pako Aristi. Euskararen isobarak: Hamasei gezur handi eta koda bat.

isobarak

“Nafar” deiturak adiera juridiko-politiko dauka, eta funtsezkoa da hau ulertzea geure burua definitzeko orduan. “Nafarra” ez da hitz geografikoa, ezta etnikoa ere, politikoa baizik. Bai “nafar” eta bai “euskaldun” adierak, biak ala biak, mendeetan zehar lurralde berean bizi izan den (eta bizitzen darraien) jende multzoa izendatzeko balio dute, “nafar” hitza zelarik esparru independentean bizi zen jendearen deitura. Azpiratutako jende aldrak menderatzaileak ezarritako deiturak irentsi beharko zituen. “Nafar” edo “euskaldun”, garai historikoen baldintzen arabera bata edo bestea nagusitu baldin bada ere, zirkunstantzia hutsa da bataren edo bestearen nagusitasuna. Ez dute esanahi izpirik galdu, gaur egungo menderatzaileek gu nahasteko erabiltzen badituzte ere, elkarrengandik urruntzeko, batez ere.

[]

Mila urte ez baitira ezer; XII. Mendetik aurrera, garaiko Europako estatu-erresuna gainontzekoen joera hartu zuen Nafarroak, “Nafarroa” deituz lurraldearen osotasunari, ea “nafar” jentilizioa bertan bizi ziren biztanleei, integrazio nazionalaren esanahi betean. Ez da hala deitzen euskal hiztunen saldoari, aitzitik, adiera politiko nazional bilakatzen da, integratzailea, eta askotarikoa. Nafarroa deitzen zaio Estatuaren lurraldetasunari, eta nafarrak bertab bizi den orori, bere jatorrian eta hizkuntzan erreparatu gabe.

[]

Nafarroa deitura politikoa da, euskaldunok munduan ezagun egin gintuena; Nafarroa zen gure estatu independente eta historikoa. “Vasco” eta “Navarro”ren arteko bereizketa guztiz artifiziala da, munduan badira pareko exenplu ugari: portugesak edo lusitanoak, galoak edo frantsesak, alemaniarrak ala germanoak, suitzarrak ala helvetikoak … ez al dira gauza bera? Arazo identitariorik eragiten dute? Zergatik haiek ez dute arazorik, eta guk bai? Haiek estatua dutelako, eta guk ez.

[]

Modu soil batez politiko, kazetari eta erreferente abertzale guztiek errepikatu beharko luketen mezua hau da: politikoki euskaldun guztiok nafarrak gara, eta Nafarroa, kulturalki euskalduna izan da. Nafarroa eta Euskal Herria ez dira bi, txanpon beraren aldeak dira.[]

Izan eta ibili

Gara, 2012/12/07

Euskararen nazioarteko eguna dela eta, ospakizun eta ekimen anitz ospatu ziren astelehenean, batean eta bestean. Euskara buruan, ibili munduan. Joan den larunbatean Donostian egindako manifestazioa ere hortxe dugu, sare sozialetan hedatu den #euskarazbizinahidut esaldia lelopean hartuta. Horrelako egunetan pentsatu ohi dugu euskararen nazioarteko eguna ez dela urtean behin aldarrikatu beharreko kontua, egunero-egunero landu beharrekoa baizik. Norbere identitatearen eraikuntzari buruz hausnartzen hasiz gero, eraikitze horrek duen prozesu izaerarekin egiten dut topo. Poetaren batek ere, esan izan du euskaraz, «zu ez zara aldatzen, zu aldakorra zara». Beste era batean, «ni ez naiz, nabil» esaldiarekin adierazi ohi dut nik. Nabil, erdal hizkuntzetara itzultzeko zail xamarra den aditz horrexekin.

Identitateaz baino identitateez ari gara, ez baita bakarra gure izatea definitzen duena. Identitate horien guztien artean, euskalduna naizela sentitzen dut, eta, euskaldun sentitze horretan, aurretik proposatutako esaldiarekin kontraesanean dagoen beste bat otutzen zait: «Euskaraz naiz, eta nabil».

Euskararen nazioarteko egunaren biharamunean, zaplazteko ederra jaso dugu espainiar Estatuko hezkuntza ministerioaren eskutik. Eskumatik jo diguten belarrondokoa izan da, baina hori baino garrantzitsuagoa da, gure identitatearen aurka emandako kolpea izan dela. Nazionalista, abertzale, independentista, ezkerzale, internazionalista, sozialista edota dena delakoa izanik ere -edo izan gabe ere- euskaldun izan eta euskaraz ibili nahi duen ororen aurka doan zartada mingarria. Bihar ere argituko du, eta egun arrunta izango da. Bihar, etzi, eta hurrengoetan ere, egin dezagun bada, euskararen eguna. Izan eta ibili, aditzak bezala, trinko!

Euskara, Badu Bada. Itzulpena da Europako hizkuntza.

Donostiako Badu-Bada erakusketan bildutako esaldietako batzuk….

«Euskaran bizi den orori herritasuna ematen dion leku politikoa da gure hizkuntza. Ez du deusen frogarik eskatzen. Inor ez du ezer ez du ez arrotz ez atzerriko. Malgutasuna duen identitatea ematen du euskarak: horregatik iraun du egundaino, horregatik iraun lezake veste horrebeste. »

«Our language is the political place that grants nationality to everyone who lives in Basque language. It requires no evidence. Nobody owns anything strange or foreign. Basque language grants a flexible identity: that is why it has survived and will survive as much again. »

Koldo  Izagirre, Autopsiarako frogak, 2010.

badubada

«Itzulpena da Europako Hizkuntza»
«Translation is the language of Europe»

Umberto Eco

«Gure memoria horizontala zabaldu eta garatu behar dugu (…) Geure identitatea, euskaldunon egungo izatea, harremanetan sortua da, hizkuntzak berak frogatzen du: hitzen ia %70a maileguak ditugu. Euskara ez ote da borroka, istripu, galera eta mailegu askoren emaitza? Hogeian oinarritutako kontaketa sistema daukagu, zelta omen da. Euskara ez da sustrai bakarrekoa. Alferrikakoa da linguisten ahalegina, ez dute euskararen enborra inoiz aurkituko. Gure cultura konposatutakoa da, pentsua bezala. Eta nire ustez, hórrela jarraitu behar dugu izaten, hórrela izanen gara euskaldunago»

«We must expand and develop our horizontal memory…Our identity, the current character of the Basque people, is born from relationships as evidenced by the language itself: almost 70% of its words are borrowed. Isn’t after all Basque language the result of numerous fights, accidents, losses and loans? We have a system for counting by twenties, apparently Celtic in its origins. The Basque language has not a single root. The efforts of linguists in this respect are useless because they will never find the trunk of the Basque language. Our culture is compound, such as compound feeds are. In my opinion, it must so continue. This way we shall be more euskaldun (Basque-speaking people)»

Koldo Izagirre, Greenwich ez da meridiano bakarra, Hitzaldia, 2002.

«EUSKALDUN. Definizioa oinarrizko ingelesean: Euskaldun: espainiera nagusia duen espainiar-euskaldun elebiduna, edo frantsesa nagusia duen frantses-euskal elebiduna. »

«BASQUE. Definition in basic-English: Basque: Spanish-dominant Spanish-Basque bilingual, or French dominant French-Basque bilingual. »

Joseba Sarrionandia, Hitzen Ondoeza, 1997.

«Atzerriko hizkuntzak ezagutzen ez dituenak bereaz ere ezer ez daki. »

«Those who do not know foreign languages know nothing of their own language. »

Johann Wolfgang von Goethe, Maximen und Reflexionen, 1833.

Nomenklatura

Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba-Álava dira hiru lurralde historikoen izen ofizialak, joan den otsailetik. Euskarazko grafia hutsa dute lehen biek, eta bitarikoa Arabaren kasuan (badaezpadan, ez dadin inor despistatu). Bazen garaia! A Coruña, Ourense, Girona eta Lleidak 90eko hamarkadan zehar aldatu zituzten haien izen ofizialak, galiziar eta katalan formak bereganatuz, eta halaxe izan da ere, Illes Balears-en kasua. Garaipen historikoa hautxe, euskal nazionalismoaren urteetako errebindikazioa. Historikoa bai, zenbait hamarkada pasa behar izan direlako hain gurea kontsidera dezakegun eskubidea eskuratu ahal izateko. Iniziatiba honek Espainiako kongresuan aurrera egin ahal izateko jaso duen babesa, ez da debaldekoa izan. Gogora dezagun bada, 2010 urte amaieran sozialista eta jeltzaileen arteko akordio paketearen barruan sartzen dela lorpen hau. Akordio horren muinean, Espaniar Estatuko aurtengo aurrekontuen onarpena dago: krisiari aurre egiteko, %7,7ko murrizketa jasan duten aurrekontu anti-sozialak, alajaina! Trukean besteak beste, nomenklatura aldaketa hau, eta hain sonatua izan den enplegu politiken sasi-transferentzia. Biak ere aspaldi gauzatu beharreko eskubideak, eta, inolaz ere trukatuak izateak merezi ez dutenak. Eta bitartean,zenbaitzuek, garaipena saldu nahi digute. Biba!

Blog at WordPress.com.

Up ↑