Bazterretatik erdigunera

Artikulu hau Argian astekarian argitaratua izan da.

Gazako lerroan, Nakba egunaren atarian 50 palestinarretik gora erail zituen Israelgo armadak. Horrelakoekin esponentzialki are krudelagoa bihurtu da palestinar herriak bizi duen nazio jazarpena. Kolonoen eta gobernuaren indarkeria erregularraz gain, latza da ere klase zapalkuntza.

Zisjordaniako unibertsitateko Nithya Nagarajan irakasleak, hain zuzen ere, Palestinak pairatzen duen zapalkuntza bikoitza azaleratu du: auzi nazionala konpondu arte itxaron gabe, auzi sozialari aurre egin nahi dioten sindikalgintzaz eta herri mugimenduez hitz egin du. Bere ustetan, lan arloko zapalkuntzari ez zaio arretarik jartzen nazioarteko espazioetan, noiz eta Osloko akordioez geroztik herri mobilizazio handienak langileenak izan direnean.

palestina azalaZerrendaratzen dituen mugimendu sindikalek lan borrokaren molde berriak irudikatzen dituzte, eta mugimendu minoritarioak diren arren, masekin lan egiteko praxitik hurbil mantentzen dira. Hauetako bat dugu Osasun Publiko komunitarioko Langileen Sindikatua: osasunaren esparrutik abiatuta, behar sozial zabalagoari fronte egiteko antolatu ziren emakumeak. Zisjordaniako herrixketan herritarrek oztopo handiak zituzten osasun zentroetan arreta jasotzeko eta 1980ko hamarkadan eskola “nazional” bat antolatu zuten osasun komunitarioaren inguruan emakume erizain eta medikuak trebatzeko. Baina Osloko itunaren ondorioz, osasun-sektorea zeharo burokratizatu zen eta emakume horiek erabat zokoratuta geratu ziren, urteetako esperientzia baliogabe geratu zen halaber. Hala, 2007an batu egin ziren beraien trebakuntza onar zedin eta sektore horretan enplegu bat izateko zuten eskubidea exijitzeko.

The Handmaid’s Tale telesailak ezagun egin du Margaret Atwood kanadarrak sortutako distopia. Fikziozko mundu horretan, AEBetan ezarritako erregimen politiko totalitarioa deskribatzen da: muturrera daramatza gure munduan errealak diren erregimen eta sistema ekonomikoak. Errealitatetik nahi baino hurbilago dagoen neurrian, krudelkeria erabat ukigarria da. June Osbourne, protagonista nagusia, terrorezko jendarte horretatik atera ezinik ikusten dugu atalez atal: ez dago ihesbiderik. Baina telesailak pizten dituen sentimenduen artean, bada bat itxaropena pizten duena: June ez dago bakarrik. Ikarazko mundu horretan badago norbait Juneren bidelagun izango dena. Goiz da jakiteko bere moduko beste neskameren batekin aliatuko den edo hierarkian gorago dagoen beste emakume zapaltzaile –eta zapaldurekin– bat egingo ote duen.

Maiatzaren 26an manifestazio jendetsuek kaleak hartu zituzten gure hiriburuetan: martxan daude pentsiodunak. Martxoaren 8an eta Sanferminetako auzi sonatuaren ondorengo protestaldiekin, mugimendu feministak gainezka egin du kaleetan. Erresidentzietako emakumeen greba aldi luzea ere burura datorkit ezinbestean: esparru konkretu batetik abiatuta, gure bizitzako esparru are zabalagoak betetzen dituzten aldarriak defendatu dituzte. Gizarte zibiletik ernatutako indar hauek ezberdinak diren arren, helburu asko partekatzen dute. Horietako bat: bizitza duinago baten defentsa, geure buruen jabetzak berreskuratzearen alde.

Pentsiodunen manifestazioan, martxoaren 8ko jende oldeetan, jendeak begietara begiratzen zion elkarri, hauxe esanez bezala: “Hemen gaude bat eginda, ez gaituzte geldiaraziko”. Ondoeza kudeatzeko bidelagunak topatu behar dira: begiradei eutsi, eskutik heldu eta abiatu. Ondoeza baino ongizatea izan dadin eskuartean daukaguna. Ondo baino hobeto jaso dute Donostian esaldi bakarrean: “Bizitza da handiena”.

Nithya Nagarajanek garbi dauka lan mundurako pedagogia sortzeko, aktibista eta mugimendu desberdinen arteko espazio partekatuak sortu beharra dagoela. Bazterretatik abiatu ohi dira bidelagunak baina  erdigunean egiten dira indartsu.

Occupy daigun!

Artikulu hau Argian astekarian argitaratua izan da. 

nagore
Argazkia: Nagore Uriarte

 

Hamarkada bat igaro da Gu gara %99 leloa zabaldu zenetik. Azken krisi kapitalistaren zurrunbiloan egin zen ezagun esalditxoa atlantikoaz bestalde okupatu ziren plazetan. Ordutik hona, munduko biztanleriaren ehuneko txiki batek aberastasun osoaren zati are handiagoa kontzentratzen jarraitzen du.

Nancy Fraser teorialariaren arabera, krisi kapitalista ikuspegi kritiko-sozial batetik aztertzen duen teoriarik ez dago. Bere ustez, krisia prozesu sozial gisa ulertu beharra dago. Horretarako ezinbestekoa da esparru ekonomikoa gainditzen duen ikuspegi multidimentsionaletik abiatuta, poskolonialismoa, ekologia, pentsamendu feminista eta gobernantza kritikoaren ideiak barneratzea. Karl Polanyiren The Great Transformation maisulanaren berrirakurketari esker bere eredu propioa proposatzen du Fraserrek.

Zein da hitz gutxitan Polanyik deskribatutako Eraldaketa Handi hori? Polanyik, gizarte kapitalista –eta krisi kapitalista– prozesu historiko multifazetiko gisa jorratzen ditu. Krisien jatorria ez dago ekonomiaren baitako kontraesanetan, ekonomiak gizartean hartzen duen lekuan baizik. Historikoki merkatuak gizartean txertatuta egon izan dira eta arau sozialen arabera erregulatu. Bestela esanda, merkatuak ez ziren arau ekonomikoen menpe erregulatzen. XVIII. mendearen amaieran kokatzen du Polanyik Ingalaterran Eraldaketa Handiaren hasiera: alegia, merkatuek gizartean txertatuta egoteari utzi ziotenean. Eraldatze Handiaren garaian, Merkatuen Autorregulazioaren dogma finkatu zen. Era honetan, merkantilizazio prozesuaren bidez, merkatuak gizartean txertatuta eta araututa egotetik, gizartetik askatu eta arau ekonomiko hutsen menpe egotera pasatzen dira. Ondorio bezala, gizartea, morala eta etika merkatuen menpe geratu ziren.

Polanyik gizarte borrokaren garrantzia azpimarratzen zuen, baina gatazka lanaren eta kapitalaren artean irudikatu ordez, bi mugimendu edo indarren artean ikusten zuen: Merkantilizazioa eta Gizarte Babesaren aldeko mugimenduaren artean. Gizarte Babesaren barruan sartzen dira gizartea babeste aldera, gizarte segurantza, errenta birbanatze politikak, gizarte elkartasuna edota negoziazio kolektiboa. Bi joera hauen arteko tentsioan deskribatzen zuen Polanyik gatazka. Antzeman zuen bazegoela klasez gaindiko mugimendu bat gizartearen alde egiten zuena (ekonomiak gizartean zuen jatorrizko lekura itzuli zedin), baina sekula ez zuen ideia hori teoria batean sakondu. Fraseren ekarpen nagusia eredu hau osatzen duen hirugarren indarra da: Askapenaren aldeko mugimenduak, zeinetan, mugimendu feminista, ekologismoa edota anti-inperialismoa kokatzen dituen. Mugimendu hauen helburua mendekotasun egoerak gainditzea da, esplotazio eta bazterketak amaitzea.

Fraserrek inspiratzen jarraitzen gaitu eta berriki feminismoaren harira egindako hausnarketa bat ekarri nahi dut hona. Bere ustez, feminismoak eta bestelako askapenerako mugimenduek arriskua dute, %1aren bere bertsio propioa egiteko eta biztanleriaren elite batentzat baino funtzionatzen ez duten irtenbideak proposatzeko. Askapen mugimenduak %99ari begira egin behar dira eta proposatzen diren alternatibek gehiengo horrentzat izan behar dute baliagarri, eta ez eliteko emakumeentzat, ez eliteko ekologistentzat, ezta  iparraldeko-zuri herritarrentzat ere. Azken martxoaren 8an feminismoak kaleak okupatu zituen, gure hiri eta herriak jende oldez bete genituenean. Occupy daigun! Eraiki ditzagun gizartearen %99arentzat baliagarria diren askapen mugimenduak

OCCIDENTAL BILBAO HOTELA: Lau izarreko garaipena

Izan ta Esan bilduma, Manu Robles-Arangiz fundazioa

(Dokumentu osoa)

Inoiz sentituko zenuten etxetik kanpo egon zaretenean, hotel bateko gelan sartu eta erabat liluratuta sentitzea norkbere etxean topatzen ez duen txukuntasunarekin. Garbitasuna, ordena eta tolesturarik gabeko izara zuri-zuriak ohe gainean. Zer ezkutatzen da, baina, xahutasun horren atzean?  Nahiago genuke magiaz iratxoek egin dutela sinistu, baina jabetu gaitezen txukuntasun horrek estali ohi duen lan prekario eta ikusezinduaz.

Kontatzera goazen gatazka lan hau egiten duten emakumeen greba da: 2017ko martxo hasieran, Bilboko Barceló-Occidental hotelak gelak garbitzeko azpikontratatzen duen SAMSIC enpresako emakume langileena. Gatazkaren beste muturrean, gelen garbiketa egiteko outsourcing bidez azpikontratatuta dagoen enpresa dago, subrogazio eskubidea bermatzen ez duena eta Ostalaritza Hitzarmena aplikatzeari muzin egin nahi diona. Ezaugarri hauek sektore prekarizatu eta feminizatuan gertatzen direnean, eztanda egiteko moduko osagaiak dauzkagu.

Azken urteotan ostalaritzak martxan jarritako estrategietako bat da outsourcinga. Geroz eta sektore gehiago dira, outsourcingaren bitartez lanpostuak kanporatzen dituztenak, azpikontratatutako enpresek miseriazko baldintzetan bereganatu ditzaten. Outsourcingak esan nahi du hotelak azpikontratatzen duen enpresa aldatzen duenean, langileek kalera joateko aukera handiak dituztela. Outsourcingak esan nahi du, langile azpikontratatuek hoteleko plantillakoek baino lan baldintza nabarmen prekariagoak dituztela.

2017ko martxoaren 31n, azpikontratazioaren epea amaitzera zihoanean, SAMSICen lanean ari ziren emakumeek mehatxu garbia jaso zuten. Hoteleko kudeaketaren arduradun batek jakinarazi zien ez zituztela hotelean nahi: gelen garbiketa zerbitzua  enpresaren esku lagako zutela eta beraz kalera joango zirela.  CONSTANT, ostalaritza sektorean jarduten duen enpresa erraldoia da, Bilbon NH eta Hotel Nervion-en garbiketa daramana. Ezaguna da baita ere Ostalaritza Hitzarmena aplikatu ordez, langileei enpresa hitzarmena aplikatu ohi dielako. Hitzarmen ez duin bat aplikatzeak dakarzki 800 eurotara iristen ez diren soldatak, emakumeei garbitzen duten gela bakoitzeko 2,22 euro eskas ordaintzea.

Azpikontratazioaren iraungitzeak erabat kolokan jartzen zituen SAMSICeko bederatzi langileen lanpostuak: martxoaren 31n kaleratuak izango ziren. Egoeraren larritasunaz jabetuta, haietako zazpik ekin zioten grebari sindikatuaren babesarekin.

Liburuxka honen helburua gatazka horretara gerturatzea da, emakume hauen bizipena hurbilagotik ezagutu ahal izateko. Ostalaritzaren munduaren eta, kasu honetan, Occidental-Bilbao hotelaren izarren atzean zelako esplotazioa existitzen den erakutsi nahi dugu. Baina horrekin batera, langileek, antolatzen direnean, egoera eraldatzeko duten gaitasuna ere nabarmendu nahi dugu.  Egia da Outsourcinga geroz eta hedatuago dagoen fenomenoa dela: bereziki zabalduta dago ostalaritza sektorean baina gainontzeko sektoreetan ere finkatuz doa. Baina hedatuz doaz baita ere sektore hauetako langileak antolatzen direnean eskuratzen diren garaipenak.

Zaplastekoak

Argia 2018/02/18

Zaplaztekoa eman digute beste behin ere Konstituzionaletik. Duela hiru urte pasatxo, Gasteizko FrackingEz kolektiboa sinadurak biltzen hasi zen, Herri Ekimen Legegile bidez Eusko Legebiltzarra presionatzeko helburuarekin. Ekimen horren fruitu izan da 2017ko ekainean Legebiltzarrak onartutako legea: guztiz debekatu gabe, zorrotz mugatzen zuen frackinga. Espainiako Gobernuaren helegiteari erantzunez Konstituzionalak ebatzi du Frackingaren aurkako legea antikonstituzionala dela. Nago, zaplaztekoa hain kritikatua den “aldebakartasunaren” erabilpen bortitza dela. Gure eredu energetikoa erabakitzeari zaplaztekoa, auzitegia 100.000tik gora sinaduraren aurka.

Ama lurraren eta bizitzaren beraren mugak geroz eta ikusgarriagoak diren heinean, harik eta bistakoagoa da gure sistema sozioekonomikoaren sostengaezintasuna. Eredu sozioekonomikoa iraultzeko bestelako eredu energetiko bat ezinbestekoa dugu. Beraz, esparru energetikoan jokatzen den bataila hau, kapitalismoa eta bizitzaren arteko gatazkaren dimentsioetako bat da.

Gatazka hau bizi-bizia da, baita plano ekonomikoan ere: aurrez aurre topo egiten dute kapitalaren aldeko politika ekonomikoek eta gizartearen babeserako politikek. Krisi finantzarioaz geroztik, dilema zorraren inguruan gauzatzen da gordinen: zorraren ordainketa guztiaren gainetik lehenetsi ala austeritatearekin amaitu?

2015 urtean Europa osoa Greziara begira jarri zen, Siryza Gobernura iritsi zenean: zorraren ordainketa bermatuko zuen Memoranduma versus herriaren aldeko defentsa. Herriak erreferendum bidez bozkatutako EZ hari inoizko Memorandum latzenarekin erantzun zion Siryzak. Kostas Lapavitsas ekonomialariak uste du Gobernuak inongo momentutan ez zuela nahi izan europar aginteei aurre egin. Hori horrela izan edo ez, kontua da Troikaren mezua herriari ulertarazi ziola greziar gobernuak. Horra, zaplaztekoa Greziako demos-ari.

Siryzaren buruzagitzak hartutako bide hori gogor kritikatzen du Lapavitsasek eta Grezia moneta batasunetik irtetea defendatzen du. Irteera horrek izaera progresista izatea ezinbestekotzat jotzen du. Batetik, austeritatearekin amaitzeko beharra aldarrikatzen du, horretarako zorraren ordainketari uko egin eta gastu sozialaren hazkundea sustatuz. Bigarren multzo batean, diru publikoaren bitartez, industria eta nekazaritza sektoreak bultzatzeko politikak defendatzen ditu, zerbitzuetan espezializatuegi dagoen ekonomia berregituratze aldera. Finean, langile klasearen aldekoak izango diren politikak lehenestea eskatzen du.

Estatistikek erakusten dutena ongizatearen aurkako eraso izugarria da. 2008-2013 bitartean, greziarrak batez beste %40 pobretu ziren eta 800.000 pertsona dira honezkero baliabide faltagatik osasun zerbitzuetara sarbiderik ez dutenak.

Siryzako Gobernuak joan den maiatzean sinatutako akordioak areago sakondu du kapitalaren aldeko balantza: %3,5eko superabit primarioa iragarri dute hemendik eta 2022 urtera arte. Superabit primarioa, zorra ordaindu aurretiko aurrekontuen saldo positiboa da. Honela, austeritatea areagotzea bilakatzen da zorraren ordainketa bermatzeko bide bakarra. Datuek hotzikara ematen dute: 2008-2011 tartean depresio larriak jota zegoen pertsonen kopurua ia hirukoiztu egin zen. Noraino jarrai daiteke herri bat itotzen?

Kapitala eta bizitzaren arteko gatazka ukigarria eta mingarria da gure bizitzako hainbat eta hainbat esferatan, eta esfera guzti hauetan batailak irabazteko giltza erabakitzeko eskubidea da. Zaplaztekoak, eskubide hau zanpatzera datozen erantzun unilateralak dira: goitik inposatuak eta populuaren adierazpenaren aurka.

Ez, jauna? Bai, andrea!

Aiala Elorrieta, Manu Robles-Arangiz Fundazioa.

«“Langileengan erortzen da zama”, esaten dute. Ez, jauna: gezurra da». Esaldi honekin abiatzen da Gipuzkoako Ogasun buruari Sozietateen gaineko zergaren jaitsieraren harira, Berria egunkarian egindako elkarrizketa. Maskulinoan “ez, jauna” dioen Larrañagari “Bai, andrea!” erantzun beharrean nago, zergen zama langileek jasaten dutelako. 2016 urteko datuei erreparatzen badiogu, emaitza eskandaluzkoa: zuzeneko zergen bitartez langile klaseak %35,5are ekarpena egiten du, kapital errentek bilketa guztiaren %11 besterik ez. Zuzeneko zergei erreparatzen badiegu, lan errentek diru bilketan egiten duten ekarpena kapital errentek egiten duenaren hirukoitza da.

Elkarrizketa irakurri ahala, deseroso bezain dibertitua sentitu naiz. «Hemen ez daude Google eta horrelakoak; izenez eta aurpegiz ezagutzen ditugu enpresak eta enpresariak: herrikoak dira». Hemengoak badira, motibo gehiago bertako jende horren iruzur fiskala gertutik jarraitzeko. Ignacio Zubiri EHUko katedradunak EAEko iruzur fiskala urtean 3725 milioi eurotik gorakoa dela ebatzi du “Ekonomia ezkutua eta iruzur fiskala EAEn” izeneko txostenean. Diru bilketari dagokionean ardura diguna ez da enpresariak hemengoak diren ala ez. Axola diguna da ia enpresa horiek aberastasunaren zein zati partekatzen duten gizartearekin. Honetan ere, emaitza eskandaluzkoa da: errealitateak erakusten diguna da enpresen ia %80ak ez dutela zergarik ordaintzen: 2013ko datuen arabera, aitorpenen %55,2 negatiboak zirelako (hau da, galerak deklaratzen zituzten) eta sozietateen %23ak 6000 euro baino mozkin txikiagoak aitortzean, ez ziren zergak ordaintzeko gutxienekora iristen.

Larrañagak Europako Batasunari ere erreferentzia egiten dio eta bere hitzetan, «Europako batezbestekoan gaude pisuari dagokionez. Bilketa osoaren %6 da sozietate zerga». Europako Batasunarekin konparatzea ariketa egokia izan daiteke, baina honi testuingurua falta zaio. Alderatze horretan, ezinbestekoa da herrialde bakoitzaren tamaina kontuan hartzea. Hau da, sozietate zergaren pisuak alderatu behar ditugu baina herrialdeen BPG aintzat hartuz. Horrek, bestelako datuak jaurtitzen ditu: Europan Sozietate Zergaren pisua BPGaren %2,5 baldin bada (Eurostat), EAEn %1,5 da , askoz gutxiago beraz.

Funtsean, Larrañagaren hitzek ezkutatu nahi dute EAEn Europako Batasunean baino presio fiskal nabarmen baxuagoa dagoela. Presio fiskalaren kontzeptuak harremanetan jartzen du lurralde batean sortzen den aberastasun maila lurralde horretako diru-bilketarekin. 2015 urtean EAEko presio fiskala BPGaren %31,4 zela estimatzen da, maila europarra baino 7,3 puntu beherago. Azken batean EB-28rekiko distantzia horrek bistaratu egiten du, EAEn gure aberastasun mailari dagokiona baino gutxiago biltzen dugula zerga bidez, urtero 5.000 milioi euro gutxiago alegia.

5000 milioi euro urteko EBko batezbestekotik eta ongizate mailatik urruntzen gaituztenak. Eta ongizate mailaz ari garela, ederto dago Larrañagak Gini indizea aipatzea elkarrizketan. Bere aipamenak bidea irekitzen baitu gogorarazteko Gini indizeak herrialde baten barruko errenta desberdintasunak neurtzen dituela. Iruditzen zait, sozietateen zergaren murrizketa baten testuinguruan Gini indizea ahora ekartzea zinikoa dela. Izan ere, errenta desberdintasunak murriztu ahal izateko gastu soziala indartu beharra dago, hezkuntza, osasuna eta DSBE bezalako prestazioak direlako errenta desberdintasunean eragin nabarmena duten politikak. Esan diezagutela, sozietateen zergaren murrizketarekin eta EAEko aurrekontuetarako onartutako gastu-arauarekin, zein aukera geratzen den desberdintasunak murrizteko. Horretarako tarterik ez da gertatzen murrizketak aurrekontuetan eta zerga-bilketan aplikatzen direnean. Ez jauna.

Kukua

Argia, 2017/12/03

Kukuak maiatz aldera jotzen duenean, poltsikoan gordetako txanponen arabera urte osorako zoria neurtzen duenik badago. Kukuaren kantarekin batera heldu ohi zaigu ogasuneko errenta kanpaina eta horren neurria egiten dugu beste askok balorazioa: iaz baino gehiago edo gutxiago itzuliko diguten, ordaintzea egokituko ote zaigun… Tamalez, sinple bezain sinplista dira bai kukua eta baita zergen likidazioaren arau hori ere.

Abenduan, kukuaren kanturik gabe, onartu ohi dira urte berrirako aurrekontuak, eta Eusko Jaurlaritzak aurkeztu du honezkero 2018rako aurrekontu-proiektua. Aurretik dugun urtea baloratzerako orduan, diru-kontu horien atzean ezkutatzen denak era fidelagoan hurbiltzeko gaitu errealitatera. Badakit, erromantikoagoa da kukuaren kantua, eta askoz nekezago eta ulergaitzago zero asko duen zifra handiak baloratzea. Gainera, zifrak ezin dira era absolutuan konparatu: aurrekontuetako gastuen zenbatekoa herrialdearen aberastasun mailarekin eta bildutako zergekin lotuta ere badagoelako.

argia.jpgEsate baterako, 2017ko diru-bilketan hazkundea egon den arren, aintzat hartu behar da aurtengo diru bilketarekin 2007an genuen mailan kokatu garela. Beraz, ez gaitezen gehiegi emozionatu! Hamar urte behar izan ditugu 2007an genuen diru-bilketa maila berreskuratzeko eta bitartean, noski, aurrekontuak murriztu eta zorra handitu egin dira.

Horretaz gain, 2018ko aurrekontuproiektua baloratzeko orduan badaude baztertu beharreko bi kontu, aurrekontuen izaera goitik behera itxuragabetzen dute eta. Izan ere, aurrekontuaren tamaina %15ean murrizten da zorraren ordainketa eta AHTren tamainako lanak finantzatzeko diru aurrerapenak deskontatzen baditugu.

Hortik aurrera, aurrekontua mugatzen duten beste bi freno handi daude. Lehena 2011ko abuztutik datorkigu: kukua eta lurtar asko udako oporretako lozorroan ginen bitartean, Konstituzioaren 135. artikulua aldatu zuen Zapaterok Alderdi Popularraren sostenguari esker. Erreforma honen bitartez, instituzio guztiek lehentasun gorena eman behar diote zor publikoaren ordainketari. Hau da, tokian tokiko gobernuei, benetako aurrekontu-politika aurrera eramateko egundoko oztopoa ekarri du erreformak. Arau neoliberalen instituzionalizazioan pauso garrantzitsua izan da eta era berean, 155. artikulua aplikatu beharrik gabe, erkidegoen autonomia bete-betean murrizten duen araua dugu.

Bigarren galga, 2017ko uztailetik dator eta Espainiatik datorkigun arren, Eusko Jaurlaritzari ez zaizkio inposatuak izan. Izan ere, EAJren sostenguari esker finkatu da, alde batetik, administrazio guztietako aurrekontuek izan dezaketen gehieneko defizita: autonomia-erkidegoen defizitak ezingo du BPGaren %0,4 gainditu 2018. urtean. Era mailakatuan, 2020. urterako defizitik ezingo dela izan adostu da. Defizita debekatzearekin batera, superabitari ere jartzen dizkio mugak “gastu-araua” delakoa. Diru-bilketa ondo ez doanean, gastua murriztu beharra dago, defizitaren muga betetzeko. Ostera, diru-bilketa ondo doanean eta superabita dagoenean ere, gastua ezingo da BPGa baino gehiago hazi. Horrek esan nahi du, gastu publikoa, errenta mailaren hazkundearen azpitik haziko dela. Horrela urterik urte, sektore publikoaren tamaina murriztuz joango da. Finean, Keynes-en politika antiziklikoak gauzatzeko eta sektore publikoan pausu aurrerakoiak emateko legezko muga da. Maila bat gorago, arau neoliberalen instituzionalizazio prozesuan.

Ez gara oraindik heldu baloratzera, hezkuntzan, osasunean edota gizarte politiketan zenbat gastatuko den, baina honezkero susmatzen dut, aurrekontuaren muga guzti horiek ikusita, 2018. urtea ez dela hobea izango. Urte berria datorkigu  ku-ku ku-ku eta patrikak, tamalez, harriz beteta ditugu.

 

Subirano…zer?

Argia, 2017/10/29

Asteotan subiranotasunaz ari gara han-hemenka, berau aldarrikatuz eta defendatuz batzuk, ukatu eta zokoratuz beste batzuk. Subiranotasun kontzeptua mitoa dela esan ohi du Immanuel Wallerstein soziologoak. Termino hori erabiltzeak mundu-sistema honetan ondorio desberdinak ditu, erabiltzen dugun unearen arabera, ez baita berdin Donald Trumpek edo Carles Puigdemontek erabiltzen dutenean. Terminoak berez ez du ezer esan nahi, erabat ados nago. Izan ere, kontzeptua edukiz jantzi beharra dago, testuinguru batean kokatu. Berdin gertatzen da ere erabakitzeko eskubidearekin: gehiagorik zehazten ez dugun bitartean lausoa da eta kontzeptua gorpuzteko esparru eta lurralde jakinetan lekutu beharra dago.

Kataluniara joan gabe, goazen lan harremanen euskal esparrura eta kokatu gaitezen ostalaritza sektorean. Sektore horretan 45.000 pertsona inguru ari dira lanean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Horietatik 12.000 langile ospitale, erresidentzia eta eskoletako jantokietan ari dira “kolektibitateak” izeneko azpimultzoan.

Azpisektore jakin horretan EAEko Ostalaritzako I. Akordio Markoa sinatu zuten sindikatu nagusiek joan den urtarrilean. Honen bitartez Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako ostalaritzako langileei lehentasunez hemengo hitzarmen kolektiboa aplikatzea adostu zen. Akordioa, aseguru modukoa da, hemengo langileei hemen adostutako itunak aplikatuko zaizkiela bermatu eta Madrildik etor litezkeen murrizketen aurrean babesteko, bertako lan harremanak bertan erabaki daitezen. ELA eta LAB dira sinatzaile nagusiak eta sektore horretan ordezkaritza sindikalaren %77,48a dute beren esku. Zalantzarik gabe, gehiengo oso zabala ordezkatzen dute, edozein legebiltzarretako gehiengo kualifikatua baino are zabalagoa.

Bada, gure lan harremanen esparruan gutxiengo diren sindikatuek, CCOO-ek eta UGT-k alegia, erabakitzeko eskubidearen aurkako eraso benetan larria egin dute: Ostalaritzako I. Akordio Markoa inpugnatu egin dute estatuko patronalarekin batera. Jokaldi horrekin, lan harremanen euskal esparrua ukatu eta estatuko lan hitzarmenak inposatu daitezen eskatzen ari dira. Inpugnazioak aurrera egitekotan, latza izango litzateke kolektibitateetako langileentzat: hemengo lan hitzarmenen ordez estatukoak aplikatzeak soldataren %50eko murrizketa ekar dezake, eta urtean 50 lan ordu gehiago egin beharra. Finean, estatuko sindikatuek estatu mailako marko baten defentsan, ordezkaritza sindikala monopolizatzea dute helburu. Estatalizazioak lan baldintzen homogeneizazioa dakar berarekin eta CCOOek eta UGTk horren aldeko apustu garbia egiten dute, baita langileen kalterako denean ere.

EAEko lehendakari Iñigo Urkullu jaunak autogobernuaz asko hitz egiten du, solemnitate handiz. Baina jarrerak ekintzekin neurtzen dira eta lehendakariak akordioak egiten jarraitzen du norekin eta lan esparruko autogobernuaren aurka egiten duten sindikatuekin. Ez hori bakarrik, gurean gutxiengoa duten sindikatuekin hitzarmenak adosten segitzen du, gehiengo sindikala ukatuz eta zokoratuz. Aliantza horiekin joko demokratikoaren eta autogobernuaren aurka egiten du aldi berean. Baina lehendakaria eroso dago, hain zuzen ere aliantza horrek bake soziala bermatzen diolako.

Eta bai, Wallersteinek arrazoi du: erabakitzeko eskubidea oso kontzeptu ausoa da. Ez da berdin Urkulluk erabiltzen duenean edota euskal gehiengo sindikalak gauzatzen duenean. Galde diezaiegun bestela, kolektibitateetako langileei ea ezberdintasunik ikusten duten. Lehendakariak entzungor egiten duen arren, berak ere badaki, negoziazio kolektibo propiorako eskubiderik gabe, autogobernurik ez dagoela.

 

Sozialki errentagarri ez den trena

Argia, 2017ko uztailak 16

Ordubete pasa, denbora asko ala gutxi ote da? Bilbotik Donostiarako autobusak tardatzen duen denbora da hori. Ordubete pasa lanera iristeko, ordubete pasa kontzertu batera joateko, ordubete pasa laguna edo senidea ikustera joateko, ordubete pasa bilera batera garaiz –edo berandu– heltzeko. Autobusean eserita noala, lehengo batean AHTren inguruko Udako Ikastaroan entzundakoaz hausnartzeko aprobetxatuko dut. Ordubete pasa era desordenatuan hartu nituen oharrak nire buruan antolatzeko. Horretan ere ziria sartu digute AHTren bultzatzaileek; hasieran promesten zen denbora aurrezkia erabat lausotu da. Azken estimazioek 55 minutuko bidaia aurreikusten dute.

Garraio gaietan adituak diren ekonomialariek AHTren errentagarritasun ezaz jardun zuten. Ekonomialariak diren arren errentagarritasunaz ari direnean, errentagarritasun sozialaz ari dira. Hau da, ekonomian “kanpokotasun” esaten dena kontuan hartzen dute: kutsadura, errepideak liberatzeko gaitasuna, denbora aurrezkia, istripu kopurua… Alderdi finantzarioari erreparatuz, AHTko linea gehienek kostuak estali gabe funtzionatzen dute. Gakoa beraz, finantzieroki errentagarri ez dena, sozialki errentagarria ba ote den baloratzean datza.

Espainiako Estatua liderra da biztanleko AHT eraikitako kilometrotan, baina bidaiari kopuruari erreparatzean kontrakoa gertatzen da: elite txiki batek baino ez du erabiltzen. Jende gehienak ohiko trenak erabiltzen ditu eskualdean zehar mugitzeko. Ikuspuntu honetatik, AHTren eraikuntzak bete-betean jotzen du ekitatearen aurka eta baliabideen birbanaketa handia izaten ari da gizartearen sektore pobreenetatik aberatsenetara. Gizarteko sektore aberatsentzat izango den trena ekitatiboa ez den zerga-bilketa bidez finantzatzen ari da. EAEn langile klaseek zuzeneko zergen %35,5 ordaintzen dute, kapital errentek ordaintzen dutenaren hirukoitza, hirukoitza.

Gainera, AHTren eraikuntzan xahutzen den euro bakoitza, beste esparru batera bideratzen ez den euroa ere bada: hezkuntzara, etxebizitza sozialetara edota ingurumena zaintzera bideratzen ez dena. Gure agintari neoliberalek eta beraien komunikabideek etengabe jartzen dituzte zalantzan gizarte-politikak, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) deslegitimazio kanpaina ikustea besterik ez dago. Ez digute, ordea, enpresen iruzur fiskalaz hitz egiten eta ez digute argi esaten 2017ko aurrekontuetan AHTren eraikuntzarako DSBEra bideratuko denaren hirukoitza gastatzea erabaki dutela. Bai, hirukoitza.

Enplegu-sorkuntza argumentu hutsala da AHT bezalako proiektu bat defendatzeko. Kontua da, zer enplegu eta zertarako sortzen ari garen. Helburua enplegua sortzea baldin bada, AHT kilometroak eraiki ordez, eraiki ditzagun osasun-zentro, zahar egoitza edota haur-eskola gehiago. Euskal AHTren eraikuntzaren kasuan, langileak oso baldintza prekarioetan ari dira lanean. Urko Apaolaza kazetaria lan izugarri garrantzitsua egiten ari da esplotazio horren testigantzak jasotzen.

Arazoa ez da ekonomikoa, ez eta ekonomialariena ere: zenbat eta ebidentzia gehiago jaso, geroz eta nabariago da ezetz, Euskal AHT ez dela sozialki errentagarria. Arazoa erabakiak hartzen dituztenena da, arazo politikoa beraz. Errentagarria ez dela jakinda ere, kilometroak eta zuloak egiten jarraitzen dugu. Politikariak tematuta daude trenaren bideragarritasuna defendatzen. Nahiz eta aurreikusitakoa baino garestiago izango den hirietarako sarbideak egitea, nahiz eta estreinatu gabeko tunelak dagoeneko zaharkituta geratu diren. Noiz arte jarraituko dute AHT errentagarria dela esaten?

Gero eta estuago

Galde  18. zkia, 2017ko uztaila

Sistema kapitalistak mugarik ez balu bezala funtzionatzen du, mugarik ez duen fikziozko ekonomiaeta kontsumo-hazkundean oinarrituta. Hegemonikoa den sistema ekonomiko honek, “mugagabeko” hazkunde hori bideragarri egiteko, bide asko maneiatzen ditu. Hau da, kapital-metaketa amaigabe hori soilik da posible ama lurra esplotatuz, langile-klasea zapalduz, zenbatezina den ordaindu gabeko lanaren jabe eginez, etab. Sistema estraktibista horrek, gainera, bere alde ditu bestelako dominazio-sistema batzuk ere: patriarkatua eta neokolonialismoa ditugu horietako bi.

ENPLEGUAREN PREKARIZAZIOA HEGO EUSKAL HERRIAN. Kapitalismoaren esplotazioak dauzkan dimentsio anitzak aintzat hartuz, goazen guzti horien artean Hego Euskal Herrian enpleguak pairatzen duen esplotazioa aztertzera. Jarraian enpleguaren prekarietatea marrazten duten bi ezaugarrietako marraztuko ditugu.

Lehena: soldaten erosahalmenaren galera

Hego Euskal Herriko soldataren bilakaera jorratu du ELA sindikatuak bere azken argitalpenen artean. Txostenak datu eta ildo anitz jorratzen dituen arren, komenigarria da emaitzarik esanguratsuenak nabarmentzea. Abiapuntu gisa, har dezagun dokumentuaren izenburua bera, izan ere, ondoriorik nagusiena barnebiltzen baitu: Soldaten bilakaera Hego Euskal Herrian: erosahalmenaren beherakada.

Soldaten balioa erabat erlatiboa da eta lurralde jakin batean horien ibilbidea aztertzen denean ezinbestekoa da soldataren balioa bertako bizi-mailarekin lotzea. Erlazio hori kalkulatzeko bide bat da soldaten eboluzioa eta kontsumorako prezioen bilakaera alderatzea, horrek ematen baitugu erosahalmenaren irudi bat.

Ikus dezagun zenbakitan, zelako emaitzak jasotzen diren txostenean. 2008-2014 epealdian, EAEn soldaten hazkundea txikia izateaz gain (% 8,8koa izan da), igoera hau prezioen igoeraren azpitik gertatu da, prezioen igoera (KPI metatua) % 11,2koa izan baita. Datu horrek esan nahi du EAEko soldaten erosahalmen galera % 2,4 puntukoa izan dela. Datuak are latzagoak izan dira Nafarroaren kasuan: denbora-tarte horretan soldatak KPIa baino %5,4 puntu gutxiago hazi dira. Erosahalmenaren galera hori bereziki larria da, azken urteotan aberastasuna nabarmen handitu dela kontutan hartuta.

Bigarrena: lan-kontratuen iraupena

Erosahalmenaren galerarekin batera, prekarietatearen beste ezaugarri bat nabarmendu beharra dago: lankontratuen iraupena. Fordirsmoaren “bizi-guztirako” enpleguen garaia bukatua dagoela esatean, ez gara ekarpen berririk egiten ari. Baby-boomerren seme-alabok, gure larruan bizi dugun errealitate bat da hori: lan-merkatura sartzen garenean, ez dugu espero betirako lanpostu bat aurkituko dugunik. Alabaina, datuak aztertuta, beste muturreraino igaro garela ikusiko dugu.

Lehenik eta behin, 2016 urteko lehen hiruhilekoan egindako kontratu berrien % 92,5 aldi baterakoak izan ziren. Horri gehitu behar zaio, kontratu guztien herena baino gehiago denbora partzialekoak izan zirela. Prekarietatea neurtzen duten bi adierazle horiek larriagoak dira emakumeentzat: % 46,4ra iristen da partzialtasuna beraien kasuan.

Baina goazen enpleguaren aldi baterako izaera horren erraietara: aldi baterako bai, baina zenbaterako? Emaitzak izutzekoak dira: sinatzen diren kontratu berrien ia erdiak (% 47,4) hilabete baino iraupen murritzagokoak dira. Oso kontratu mugagabe gutxi sinatzen dira; soilik kontratu berrien % 8a. Horretaz gain, kontratuen ia herenak ez du zehaztuta luzera nahiz eta aldi-baterakoak diren, ziurgabetasuna areagotuz.

Sortzen den enplegu berriaren ezaugarri hauek ikusita, sortu baino enplegua zatitu egiten dela esan genezake. Horrela langile berberak kontratu asko sinatu ditzake, bata bestearen atzetik, inolako enplegurik sortu gabe. Fenomeno hori Gizarte Segurantzaren kutxan agerikoa egiten da: altan dauden langileen kopurua hazi den arren, kotizazioek gora egiten ez dutelako.

Behin-behinekotasuna, gero eta gehiago ematen da sektore publikoaren esparruan. Osakidetzan esate baterako, langileen % 40a aldi baterako kontratuekin ari dela estimatzen du ELA sindikatuak, hau da, 14.000 bat. Behin-behineko lanpostuekin iraunkorrak diren lanak eta egiturazkoak diren lanpostuak betetzen direla salatu du sindikatuak. Era honetan, errazagoa zaio sektore publikoari zerbitzuak pribatizatzea eta lanpostuak deuseztatzea. Sindikatuak argitaratu dituen datuen arabera, EAEko sektore publikoa bere osotasunean hartuta 45000 langile lirateke aldi-baterako kontratuekin dihardutenak: Osakidetzan, irakaskuntzan, autonomia-administrazioan, Lanbiden, EiTBn, Eusko Trenen eta tokiko eta foru aldundietako administrazioan besteak beste.

Behin-behinekotasunak diskriminazio erraldoiak sortzen ditu . Hasteko, soldataren bitartez langile-klasearen artean desberdintasun nabaria suposatzen du. Aldi-baterako kontratua duen EAEko langile batek kontratu mugagabea duena baino 860 euro gutxiago irabazten ditu, batez beste. Baina distortsiorik handiena langile-klasearen bizitza proiektuei eragiten die. Izan ere, zein eragin dauka behin-behinekotasun horrek gazteon bizitza proiektuetan? Zer bizitza proiektu eraiki daiteke horrelako ziurgabetasunean eraikita?

Laneko errenten doikuntza bikoitza.

Lan-merkatu erregulatuan eta ordainduan jarduten duen langile klasea gero eta zapalkuntza handiagoa pairatzen ari da bi norabidetatik datozkion tentsio-indarren bitartez. Alde batetik, sortutako aberastasunaren zati txikiagoa bideratzen da lan-errentak ordaintzera. Bestetik, zerga-bilketaren geroz eta zati handiagoak laneko errentetan du jatorria. Hau da, laneko errentek bi bidetatik ari dira doikuntza sofritzen: langile-klaseak gero eta gutxiago jasotzen duen bitartean gero eta gehiago ordaindu behar du zergatan. Azter dezagun egoera xeheago.

 

Aberastasunari dagokionez, gero eta zati txikiagoa bideratzen da laneko errentetara eta gero eta gehiago, beraz, kapitalaren errentetara. Galera hau begi-bistakoa da grafikoan, bai EAEren eta baita Nafarroaren kasuan ere. 2010 urtean, laneko errentak aberastasunaren % 49,2 izatetik 2015ean % 46,7 izatera pasa dira EAEn. Hau da, langile-klaseak aberastasunaren % 5,1 galdu du. Nafarroan, denbora-tarte berean, laneko errentak aberastasunaren % 50,1 izatetik % 46,9 izatera igaro dira. Kasu honetan beraz, langileen galera are handiagoa izan da: aberastasunaren % 6,5 alegia.

Zerga-bilketa da esparru publikoaren finantziazio-iturria: bildutakoaren kopuruak baldintzatzen du gure “ongizate estatua”. 2016ko diru-bilketaren datuek eztabaida piztu dute gizartean, batez ere Sozietateen Gaineko zergaren inguruan.

Egoeraren larritasunak bi ezaugarri ditu. Batetik, azken urteotan hazkunde ekonomiko nabarmena egon den arren, (2016ko BPG historiako altuena izan da EAEn) eta enpresen mozkinak hazi badira ere, behera egin du sozietateen zerga bidez bildutakoak.

Datua oso esanguratsua da, ez baita horrela gertatzen gainerako zergekin. Laneko errentek ordaintzen duten PFEZarekin, alderantzizko joera gertatu da; azken urteotan gero eta gehiago bildu da laneko errenten zergaren bidez. Zenbaki potoloekin erraz despitatu gaitezke;

baina konparatze aldera, laneko errenten bidez 1997 milioi gehiago bildu den bitartean, sozietate zerga bidez, 34 gutxiago bildu da.

EAEn biltzen diren zerga guztietatik, enpresen mozkinetatik oso kantitate txikia dator, %7,7 baino ez. Bitartean laneko errentek (PFEZ bidez) diru-bilketari % 35,5eko ekarpena egiten diote, aurreko urtean baino %2,8 gehiago.

Emaitzak antzerakoak dira Nafarroan. Azken finean, ondorio nagusia hauxe da: bi komunitateetan, diru-bilketan egon den hazkundea langile-klaseak ordaintzen duen PFEZren eskutik dator.

ONDORIOAK. Ideologia neoliberalaren indarrari esker eta bereziki azken krisiaz geroztik aplikatu diren politiken bitartez, kapitalismoaren askotariko esplotazio-bideak biziagotu egin dira. Krisiaren hasieran finantza sistema nolabait “gizatiartu” edo balaztatuko zela iradoki zitzaigun arren, krisiari konponbide hobeagoa atera zaio: are gehiago estutuz, lurra are gehiago esplotatuaz, baliabideak azkarrago eta merkeago erauziz, planetako Hegoaldeko herrialdeak basatiago ustiatuz. Zerrenda luze horretan enpleguari dagokionez, beste horrenbeste: kapitalismoak langile-klasea ahal duen alderdi guztietatik geroz eta gehiago estutzen jarraitzen du.

Blog at WordPress.com.

Up ↑