Besaulkiko tronutik

Artikulu hau Argian astekarian argitaratua izan da.

Ezkerrekoak gara, langileak. Tira, langileak bai, baina klase ertainekoak. Hori bai, kontsumitzen dugunean, kapitalista gara. Lanegun luze baten ostean, hozkailua ireki eta ganorazko afaririk prestatzeko ezertxo ez. Gaur ere astirik ez dugu izan erosketak egiteko. Auzoko denda txikiak goizegi ixten dituzte eta!

Eskuko telefonoa hartu eta errazena egingo dugu. Astea gogorra egiten ari da eta hainbeste lan egin ostean… delivery bat eskatuko dugu. Zerk tentatzen nau gehien? Zer arraio, aspaldian ez dugu sushirik jan. Menua begiratu, atzamarra pantailan gora, behera, klik, birentzako afaria eskatuta. Janaria heldu bitartean, interneten lasai ibiltzeko aukera daukat. Egunkariak begiratu, bideo barregarriren bat, biharko eguraldiaren aurreikuspena… Erlojuari begira, luze egiten ari zait itxaronaldia. Non sartu ote da banatzailea? Kargurik ez diot hartuko, gizajoa… Gure iloba gazteenak pizza-jatetxe batentzat lan egin izan du motorrarekin. Ez zioten askotxo ordaintzen, baina bateragarria zen unibertsitateko ikasketekin. Eskerrik asko, prekarietate, eskerrik asko, flexiguritate. Alde positiboari begiratu beharra dago: azken batean, jatetxe hauek enplegua sortzen dute.

Txirrina jo dute. Eskaileretan gora, hasperenka pausu arin eta azkarrak entzuten dira. Janaria poltsatik ateratzen digula, barkamena eskatzen digu tardatu izanagatik, bere bizikletan egiten duela banaketa lana. Karteratik dirua atera eta eskupeko bat utziko diot gizajoari. Kubo itxurako poltsa horiak atentzioa deitu dit bereziki, hori ote da ditxosozko Glovo famatua?

Bikoteak aipatu dit glovo-aren inguruko erreportajeren bat irakurri duela  berriki eta sushiaren kutxatxoak ireki bitartean, sarean bila hasi naiz. Testigantza latzak irakurri ditut telefono pantailan. “Autonomo faltsuak gara eta azkenean gure lanaren esklabo bihurtzen gara. Jendeak pentsatzen du honetan bizikletan ibiltzea maite dugulako gabiltzala. Hau gure lana da eta soldata duin bat eskatzen dugu”.

Kontsumitzaile, kapitalista, zapaltzailea: gure etxean afaria guk geuk egin ordez, zerbitzua kanporatzen dugu, preziorik merkeenean eta atzean gertatzen denari axolagabe, langile prekarioak edo autonomo-faltsuak gure zerbitzura lanean jarriz. Inolako lan-hitzarmenetatik kanpo geratzen badira ere, sindikalizatu eta haien eskubideak era antolatuan defendatzeko aukerarik geratzen bada ere, gaueko hamarretan gose garenean guri bost: aisialdirako gure eskubidea gauzatzeko unea dugu.

Piramide esplotatzaile baten barruan ikusi dut nire burua: besaulkiko tronutik, eskuan zartailua dudala. Kontsumitzaile kapitalista bai, baina langile bat esplotatzen duen langile naizela. Lehengo langilearen –klase ertainekoa– lanordu bakoitza hobeto ordainduta dago, eta bere aisia-ordu batek ere balio handiagoa dauka. Aisialdiaz gozatu eta afaria etxeraino ekar diezaioten ordaintzeko adina badu karteran. Bigarren langilearen –edo autonomo faltsuaren– lanorduak gutxiago balio du, eta bere aisiarako eskubidea erabat urratuta geratzen da.

Egongelako besaulkian ipurdia harrapatuta daukadala, atsegin dut, retweet eta elkarbanatzeak egiteari ekin diot. Bitartean Whatsapp-eko jakinarazpen bat heldu zait, bihar goizerako premia handia duen txostena egin dezadan. Zast! Nagusiaren emotikonoak ez du leundu nire bizkarraren gainean sentitu dudan zartailuaren kolpea. Piramidearen gailurrean poltsikoak betetzen dituena enpresa pribatu bat da. Eztarria kontraesanez trabatuta,  zapaltzaile zapalduak lanari ekin dio, gaueko hamaiketan.

Bazterretatik erdigunera

Artikulu hau Argian astekarian argitaratua izan da.

Gazako lerroan, Nakba egunaren atarian 50 palestinarretik gora erail zituen Israelgo armadak. Horrelakoekin esponentzialki are krudelagoa bihurtu da palestinar herriak bizi duen nazio jazarpena. Kolonoen eta gobernuaren indarkeria erregularraz gain, latza da ere klase zapalkuntza.

Zisjordaniako unibertsitateko Nithya Nagarajan irakasleak, hain zuzen ere, Palestinak pairatzen duen zapalkuntza bikoitza azaleratu du: auzi nazionala konpondu arte itxaron gabe, auzi sozialari aurre egin nahi dioten sindikalgintzaz eta herri mugimenduez hitz egin du. Bere ustetan, lan arloko zapalkuntzari ez zaio arretarik jartzen nazioarteko espazioetan, noiz eta Osloko akordioez geroztik herri mobilizazio handienak langileenak izan direnean.

palestina azalaZerrendaratzen dituen mugimendu sindikalek lan borrokaren molde berriak irudikatzen dituzte, eta mugimendu minoritarioak diren arren, masekin lan egiteko praxitik hurbil mantentzen dira. Hauetako bat dugu Osasun Publiko komunitarioko Langileen Sindikatua: osasunaren esparrutik abiatuta, behar sozial zabalagoari fronte egiteko antolatu ziren emakumeak. Zisjordaniako herrixketan herritarrek oztopo handiak zituzten osasun zentroetan arreta jasotzeko eta 1980ko hamarkadan eskola “nazional” bat antolatu zuten osasun komunitarioaren inguruan emakume erizain eta medikuak trebatzeko. Baina Osloko itunaren ondorioz, osasun-sektorea zeharo burokratizatu zen eta emakume horiek erabat zokoratuta geratu ziren, urteetako esperientzia baliogabe geratu zen halaber. Hala, 2007an batu egin ziren beraien trebakuntza onar zedin eta sektore horretan enplegu bat izateko zuten eskubidea exijitzeko.

The Handmaid’s Tale telesailak ezagun egin du Margaret Atwood kanadarrak sortutako distopia. Fikziozko mundu horretan, AEBetan ezarritako erregimen politiko totalitarioa deskribatzen da: muturrera daramatza gure munduan errealak diren erregimen eta sistema ekonomikoak. Errealitatetik nahi baino hurbilago dagoen neurrian, krudelkeria erabat ukigarria da. June Osbourne, protagonista nagusia, terrorezko jendarte horretatik atera ezinik ikusten dugu atalez atal: ez dago ihesbiderik. Baina telesailak pizten dituen sentimenduen artean, bada bat itxaropena pizten duena: June ez dago bakarrik. Ikarazko mundu horretan badago norbait Juneren bidelagun izango dena. Goiz da jakiteko bere moduko beste neskameren batekin aliatuko den edo hierarkian gorago dagoen beste emakume zapaltzaile –eta zapaldurekin– bat egingo ote duen.

Maiatzaren 26an manifestazio jendetsuek kaleak hartu zituzten gure hiriburuetan: martxan daude pentsiodunak. Martxoaren 8an eta Sanferminetako auzi sonatuaren ondorengo protestaldiekin, mugimendu feministak gainezka egin du kaleetan. Erresidentzietako emakumeen greba aldi luzea ere burura datorkit ezinbestean: esparru konkretu batetik abiatuta, gure bizitzako esparru are zabalagoak betetzen dituzten aldarriak defendatu dituzte. Gizarte zibiletik ernatutako indar hauek ezberdinak diren arren, helburu asko partekatzen dute. Horietako bat: bizitza duinago baten defentsa, geure buruen jabetzak berreskuratzearen alde.

Pentsiodunen manifestazioan, martxoaren 8ko jende oldeetan, jendeak begietara begiratzen zion elkarri, hauxe esanez bezala: “Hemen gaude bat eginda, ez gaituzte geldiaraziko”. Ondoeza kudeatzeko bidelagunak topatu behar dira: begiradei eutsi, eskutik heldu eta abiatu. Ondoeza baino ongizatea izan dadin eskuartean daukaguna. Ondo baino hobeto jaso dute Donostian esaldi bakarrean: “Bizitza da handiena”.

Nithya Nagarajanek garbi dauka lan mundurako pedagogia sortzeko, aktibista eta mugimendu desberdinen arteko espazio partekatuak sortu beharra dagoela. Bazterretatik abiatu ohi dira bidelagunak baina  erdigunean egiten dira indartsu.

Hauspoari eraginez

Artikulu hau Argian astekarian argitaratua izan da. 

Bost urte bete ditu Euskoak eta dagoeneko gutxi falta zaio Europako lehen tokiko moneta izateko. Euskal Moneta Euskal Herri kontinentalean arrakasta ikaragarria izaten ari den ekimena dugu eta pozgarria iruditzen zait prozesu horrek izan duen behetik goranzko norabidea. Gainera, alternatibak eraiki eta abian jartzeko bidean, urrats oso garrantzitsua izan da: jendartetik abiatuta beronen zerbitzura prestatzen den tresna erabilgarri bat. Pentsatu globalki eta ekin lokalki leloari denboraren dimentsioa gehitzerik badago: orain. Etorkizuneko plan estrategikoen martxa itxaron gabe, orainean bertan ekiteko erreminta bat ere badelako.

Moneta burujabetzaren aldeko urrats batek posible egiten du burujabetzaren beste hainbat dimentsiotan ere aurrera egitea.

Euskal monetaren helburuak anitzak dira oso eta horretan datza hein handi batean bere arrakasta: birtokiratzea, euskara, trantsizio energetikoa, ekologikoa, gertuko merkataritza… Helburuak bezain anitzak dira baita ere euskoaren erabiltzaile eta defendatzaileak. Errealitate horretatik abiatzen da Dante Edme Sanjurgo, elkarteko zuzendari orokorra euskoaren emaitzetako bat goraipatzerako orduan: jendarteko sektore oso desberdinen artean zubiak eraikitzeko gaitasuna du monetak.

Honekin batera, euskoaren beste ekarpen handi bat nabarmendu nahiko nuke: tokiko monetaren bitartez, ekonomia gizartera gerturatu egiten dela. Hau da, ekonomia berriz gizartean txertatzen laguntzen duela: moneta, merkatua eta ekonomia bera jendartearen zerbitzura ekarriz.

Euskal Herriko zenbait udaletan, Hendaian edo Uztaritzen esate baterako, tokian tokiko administrazioek ekimen honekin bat egin dute euskoaren kide eginez. Are gehiago, beraien aldetik ere urratsak eman dituzte, hala nola igerilekuek eta mediatekek euskotan ordaintzeko aukera eman ere. Udalerrien arteko aliantza honek, zalantzarik gabe, balioz bete egiten du Euskal Moneta.

Euskoa izaten ari den ibilbidea ikustea zirraragarria da. Maila teorikoan defendatzen duguna, praktikan badabilela ikusteak bizipoza ematen du. Baionako Udalak euskoarekin akordio bat sinatu zuen 2017ko udan. Hitzarmen horren bitartez, udalerriak zenbait gastu eusko bidez ordaintzeko aukera eman zuen: hautetsien ordainsariak, elkarteentzako diru-laguntzak edota zenbait faktura. Baionako Udalak hartutako erabaki hau ongi baloratu beharra dago. Are gehiago, Jean-René Etchegaray auzapeza Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakaria ere badela kontuan hartzen badugu.

Baionako Udalak urrats hori eman baldin badu, Euskal Monetari dagokion balioa antzematen diotelako izan da. Edo bestela, euskoak indartu nahi dituen baloreekin bat egiten dutelako.

Zorionez edo zoritxarrez, ez dakit, Frantziako Estatua ere ohartu da euskoaren botereaz: Hexagonoko zaindariek Baionako Udala eta euskoaren arteko hitzarmena Paueko epaitegietara eraman dute. Ez da harritzekoa: batzuontzat garaipena dena, beste batzuentzat deserosotasun iturria da.  Zorionez (orain bai) euskoa garaile irten da, Paueko jujeak baieztatu berri duelako akordioaren legezkotasuna. Oraingoz, badago zer ospatua baina Paueko prefetak kasua Bordeleko epaitegietara eraman nahi du.

Bitartean, euskoak  egunetik egunera bere bidea egiten jarraitzen duen heinean, asko ari gara ikusi eta ikasten. Moneta burujabetzaren aldeko urrats batek posible egiten du burujabetzaren beste hainbat dimentsiotan ere aurrera egitea. Noiz gertatzen da hori? Moneta oztopo baino hauspo bilakatzen denean.

Occupy daigun!

Artikulu hau Argian astekarian argitaratua izan da. 

nagore
Argazkia: Nagore Uriarte

 

Hamarkada bat igaro da Gu gara %99 leloa zabaldu zenetik. Azken krisi kapitalistaren zurrunbiloan egin zen ezagun esalditxoa atlantikoaz bestalde okupatu ziren plazetan. Ordutik hona, munduko biztanleriaren ehuneko txiki batek aberastasun osoaren zati are handiagoa kontzentratzen jarraitzen du.

Nancy Fraser teorialariaren arabera, krisi kapitalista ikuspegi kritiko-sozial batetik aztertzen duen teoriarik ez dago. Bere ustez, krisia prozesu sozial gisa ulertu beharra dago. Horretarako ezinbestekoa da esparru ekonomikoa gainditzen duen ikuspegi multidimentsionaletik abiatuta, poskolonialismoa, ekologia, pentsamendu feminista eta gobernantza kritikoaren ideiak barneratzea. Karl Polanyiren The Great Transformation maisulanaren berrirakurketari esker bere eredu propioa proposatzen du Fraserrek.

Zein da hitz gutxitan Polanyik deskribatutako Eraldaketa Handi hori? Polanyik, gizarte kapitalista –eta krisi kapitalista– prozesu historiko multifazetiko gisa jorratzen ditu. Krisien jatorria ez dago ekonomiaren baitako kontraesanetan, ekonomiak gizartean hartzen duen lekuan baizik. Historikoki merkatuak gizartean txertatuta egon izan dira eta arau sozialen arabera erregulatu. Bestela esanda, merkatuak ez ziren arau ekonomikoen menpe erregulatzen. XVIII. mendearen amaieran kokatzen du Polanyik Ingalaterran Eraldaketa Handiaren hasiera: alegia, merkatuek gizartean txertatuta egoteari utzi ziotenean. Eraldatze Handiaren garaian, Merkatuen Autorregulazioaren dogma finkatu zen. Era honetan, merkantilizazio prozesuaren bidez, merkatuak gizartean txertatuta eta araututa egotetik, gizartetik askatu eta arau ekonomiko hutsen menpe egotera pasatzen dira. Ondorio bezala, gizartea, morala eta etika merkatuen menpe geratu ziren.

Polanyik gizarte borrokaren garrantzia azpimarratzen zuen, baina gatazka lanaren eta kapitalaren artean irudikatu ordez, bi mugimendu edo indarren artean ikusten zuen: Merkantilizazioa eta Gizarte Babesaren aldeko mugimenduaren artean. Gizarte Babesaren barruan sartzen dira gizartea babeste aldera, gizarte segurantza, errenta birbanatze politikak, gizarte elkartasuna edota negoziazio kolektiboa. Bi joera hauen arteko tentsioan deskribatzen zuen Polanyik gatazka. Antzeman zuen bazegoela klasez gaindiko mugimendu bat gizartearen alde egiten zuena (ekonomiak gizartean zuen jatorrizko lekura itzuli zedin), baina sekula ez zuen ideia hori teoria batean sakondu. Fraseren ekarpen nagusia eredu hau osatzen duen hirugarren indarra da: Askapenaren aldeko mugimenduak, zeinetan, mugimendu feminista, ekologismoa edota anti-inperialismoa kokatzen dituen. Mugimendu hauen helburua mendekotasun egoerak gainditzea da, esplotazio eta bazterketak amaitzea.

Fraserrek inspiratzen jarraitzen gaitu eta berriki feminismoaren harira egindako hausnarketa bat ekarri nahi dut hona. Bere ustez, feminismoak eta bestelako askapenerako mugimenduek arriskua dute, %1aren bere bertsio propioa egiteko eta biztanleriaren elite batentzat baino funtzionatzen ez duten irtenbideak proposatzeko. Askapen mugimenduak %99ari begira egin behar dira eta proposatzen diren alternatibek gehiengo horrentzat izan behar dute baliagarri, eta ez eliteko emakumeentzat, ez eliteko ekologistentzat, ezta  iparraldeko-zuri herritarrentzat ere. Azken martxoaren 8an feminismoak kaleak okupatu zituen, gure hiri eta herriak jende oldez bete genituenean. Occupy daigun! Eraiki ditzagun gizartearen %99arentzat baliagarria diren askapen mugimenduak

Zaplastekoak

Argia 2018/02/18

Zaplaztekoa eman digute beste behin ere Konstituzionaletik. Duela hiru urte pasatxo, Gasteizko FrackingEz kolektiboa sinadurak biltzen hasi zen, Herri Ekimen Legegile bidez Eusko Legebiltzarra presionatzeko helburuarekin. Ekimen horren fruitu izan da 2017ko ekainean Legebiltzarrak onartutako legea: guztiz debekatu gabe, zorrotz mugatzen zuen frackinga. Espainiako Gobernuaren helegiteari erantzunez Konstituzionalak ebatzi du Frackingaren aurkako legea antikonstituzionala dela. Nago, zaplaztekoa hain kritikatua den “aldebakartasunaren” erabilpen bortitza dela. Gure eredu energetikoa erabakitzeari zaplaztekoa, auzitegia 100.000tik gora sinaduraren aurka.

Ama lurraren eta bizitzaren beraren mugak geroz eta ikusgarriagoak diren heinean, harik eta bistakoagoa da gure sistema sozioekonomikoaren sostengaezintasuna. Eredu sozioekonomikoa iraultzeko bestelako eredu energetiko bat ezinbestekoa dugu. Beraz, esparru energetikoan jokatzen den bataila hau, kapitalismoa eta bizitzaren arteko gatazkaren dimentsioetako bat da.

Gatazka hau bizi-bizia da, baita plano ekonomikoan ere: aurrez aurre topo egiten dute kapitalaren aldeko politika ekonomikoek eta gizartearen babeserako politikek. Krisi finantzarioaz geroztik, dilema zorraren inguruan gauzatzen da gordinen: zorraren ordainketa guztiaren gainetik lehenetsi ala austeritatearekin amaitu?

2015 urtean Europa osoa Greziara begira jarri zen, Siryza Gobernura iritsi zenean: zorraren ordainketa bermatuko zuen Memoranduma versus herriaren aldeko defentsa. Herriak erreferendum bidez bozkatutako EZ hari inoizko Memorandum latzenarekin erantzun zion Siryzak. Kostas Lapavitsas ekonomialariak uste du Gobernuak inongo momentutan ez zuela nahi izan europar aginteei aurre egin. Hori horrela izan edo ez, kontua da Troikaren mezua herriari ulertarazi ziola greziar gobernuak. Horra, zaplaztekoa Greziako demos-ari.

Siryzaren buruzagitzak hartutako bide hori gogor kritikatzen du Lapavitsasek eta Grezia moneta batasunetik irtetea defendatzen du. Irteera horrek izaera progresista izatea ezinbestekotzat jotzen du. Batetik, austeritatearekin amaitzeko beharra aldarrikatzen du, horretarako zorraren ordainketari uko egin eta gastu sozialaren hazkundea sustatuz. Bigarren multzo batean, diru publikoaren bitartez, industria eta nekazaritza sektoreak bultzatzeko politikak defendatzen ditu, zerbitzuetan espezializatuegi dagoen ekonomia berregituratze aldera. Finean, langile klasearen aldekoak izango diren politikak lehenestea eskatzen du.

Estatistikek erakusten dutena ongizatearen aurkako eraso izugarria da. 2008-2013 bitartean, greziarrak batez beste %40 pobretu ziren eta 800.000 pertsona dira honezkero baliabide faltagatik osasun zerbitzuetara sarbiderik ez dutenak.

Siryzako Gobernuak joan den maiatzean sinatutako akordioak areago sakondu du kapitalaren aldeko balantza: %3,5eko superabit primarioa iragarri dute hemendik eta 2022 urtera arte. Superabit primarioa, zorra ordaindu aurretiko aurrekontuen saldo positiboa da. Honela, austeritatea areagotzea bilakatzen da zorraren ordainketa bermatzeko bide bakarra. Datuek hotzikara ematen dute: 2008-2011 tartean depresio larriak jota zegoen pertsonen kopurua ia hirukoiztu egin zen. Noraino jarrai daiteke herri bat itotzen?

Kapitala eta bizitzaren arteko gatazka ukigarria eta mingarria da gure bizitzako hainbat eta hainbat esferatan, eta esfera guzti hauetan batailak irabazteko giltza erabakitzeko eskubidea da. Zaplaztekoak, eskubide hau zanpatzera datozen erantzun unilateralak dira: goitik inposatuak eta populuaren adierazpenaren aurka.

Bila datozenean

Argia, 2018/01/14

Honako esaldi honekin –“naziak komunisten bila etorri zirenean, isilik geratu nintzen, ni ez bainintzen komunista”– hasten den diskurtsoak egin zuen ezagun honako beste hau: “Sindikalisten bila etorri zirenean, ez nuen protesta egin, ni ez bainintzen sindikalista”. Bertolt Brecht olerkari alemaniarrari egokitu izan zaizkio sarri hitzok, baina Martin Niemöller teologo protestanteari zor dizkiogu: “Nire bila etorri zirenean, ez zen inor geratzen protesta egiteko”. Hitzaldi hau 1946 urtean Frankfurten eman zuenetik haren bertsio asko idatzi dira. Izan ere, elkartasunaren eta solidaritatearen ereserkia baita.

Gurera ekarrita, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) ezbaian jarri eta murrizketak iragartzen direnean, denon bila datoz, denok baikara zaurgarri eta hauskor. Den-denok gara DSBE prestazioaren onuradun potentzialak, ez bihar, baizik eta gaur.

Lan merkatua desarautzera datozen erreformak, ez dira bakarrik soldatapekoen kalterako: erreforma horiek ere denon bila datoz. Outsourcing-aren fenomenoa ikaragarria da: ostalaritza sektorean oso nabarmena da, hoteletan gelak garbitzen lan egiten duten emakumeen kasuan. Geroz eta hotel gehiagok lan hori azpikontratatu eta outsourcing enpresen bitartez eskulan merkea kontratatzen dute. Hotelarentzat zuzenean lan egiten dutenek baino lan baldintza askoz miserableagoak dituzte langile azpikontratatuek; hitz gutxitan, lanordu gehiago soldata murritzagoen truke. Bide batez gainera, hoteleko garbitzaile direnen eta azpikontratatuta daudenen arteko banaketa indartu nahi du formula honek. Geroz eta sektore gehiagotan hedatuz ari da outsourcinga, industria sektorean baita esparru publikoan ere.

Dimentsio askotan banatu nahi gaituzte, sakabanatuta eta ahul nahi gaituztelako. Zure bila datozela sentitzen duzunean, zeu bakarrik egon zaitezen. Edo akaso, zu zeu ere ez. Gu-a apurtzeaz gain, ni-a bera ere apurtzera baitatoz. Komunikabideetan nagusi diren titularrak irakurtzea besterik ez dago. “Kontsumitzaileen %60k gehiegi gastatzen duela onartzen du”. Ematen du gizartean badaudela pertsona batzuk, “kontsumitzaile” direnak, eta besterik ez direnak. “Osasun zerbitzuen erabiltzaileen artean inkesta bat egin da” gisako albisteetan berriz, iradokitzen zaigu, gizartean badirela beste pertsona batzuk, aurrekoekiko zeharo desberdinak, “osasun zerbitzuen erabiltzaile” huts direnak. “Gurasoen elkarteek adierazi dute” irakurtzean, beste pertsona batzuk irudikatzen ditugu, ezberdinak hauek ere, “guraso” baino ez direnak.

Zergak ordaintzen dituztenak ere  ezberdinak dira, beste pertsona batzuk dira. Horrela azaldu zidan behin solaskide batek, haserre. “Errekontxo! Neu naiz eta guzti hori! Neu naiz kontsumitzaile, eta guraso, eta osasun zerbitzuen erabiltzaile eta zergak ordaintzen dituena! Eta pertsona ezberdinak izango bagina bezala azaltzen gaituzte komunikabideetan!”. Eta orduantxe irudikatu nuen nik laborategiko mahai batean etzanda gorpu bat disekzionatuta. Geldi eta isilik, hilotz.

Atomo hitzak zatiezina esan nahi du greko klasikoan. Horregatik euskaraz eta mendebaldeko hainbat hizkuntzatan, fisikaren esparruan erabili ohi dugu partikula zatiezin mikroskopikoa izendatzeko. Greko modernoan pertsona izendatzeko ere balio du atomo hitzak gaur egun: pertsonak partitu ezinak garelako. Jendartea adierazteko ostera kinonia esaten dute grekoek. Izan ere, kinos hitzak “komuna” esan nahi du, denena. Ondokoaren bila datozenean, denon bila datoz.

Kukua

Argia, 2017/12/03

Kukuak maiatz aldera jotzen duenean, poltsikoan gordetako txanponen arabera urte osorako zoria neurtzen duenik badago. Kukuaren kantarekin batera heldu ohi zaigu ogasuneko errenta kanpaina eta horren neurria egiten dugu beste askok balorazioa: iaz baino gehiago edo gutxiago itzuliko diguten, ordaintzea egokituko ote zaigun… Tamalez, sinple bezain sinplista dira bai kukua eta baita zergen likidazioaren arau hori ere.

Abenduan, kukuaren kanturik gabe, onartu ohi dira urte berrirako aurrekontuak, eta Eusko Jaurlaritzak aurkeztu du honezkero 2018rako aurrekontu-proiektua. Aurretik dugun urtea baloratzerako orduan, diru-kontu horien atzean ezkutatzen denak era fidelagoan hurbiltzeko gaitu errealitatera. Badakit, erromantikoagoa da kukuaren kantua, eta askoz nekezago eta ulergaitzago zero asko duen zifra handiak baloratzea. Gainera, zifrak ezin dira era absolutuan konparatu: aurrekontuetako gastuen zenbatekoa herrialdearen aberastasun mailarekin eta bildutako zergekin lotuta ere badagoelako.

argia.jpgEsate baterako, 2017ko diru-bilketan hazkundea egon den arren, aintzat hartu behar da aurtengo diru bilketarekin 2007an genuen mailan kokatu garela. Beraz, ez gaitezen gehiegi emozionatu! Hamar urte behar izan ditugu 2007an genuen diru-bilketa maila berreskuratzeko eta bitartean, noski, aurrekontuak murriztu eta zorra handitu egin dira.

Horretaz gain, 2018ko aurrekontuproiektua baloratzeko orduan badaude baztertu beharreko bi kontu, aurrekontuen izaera goitik behera itxuragabetzen dute eta. Izan ere, aurrekontuaren tamaina %15ean murrizten da zorraren ordainketa eta AHTren tamainako lanak finantzatzeko diru aurrerapenak deskontatzen baditugu.

Hortik aurrera, aurrekontua mugatzen duten beste bi freno handi daude. Lehena 2011ko abuztutik datorkigu: kukua eta lurtar asko udako oporretako lozorroan ginen bitartean, Konstituzioaren 135. artikulua aldatu zuen Zapaterok Alderdi Popularraren sostenguari esker. Erreforma honen bitartez, instituzio guztiek lehentasun gorena eman behar diote zor publikoaren ordainketari. Hau da, tokian tokiko gobernuei, benetako aurrekontu-politika aurrera eramateko egundoko oztopoa ekarri du erreformak. Arau neoliberalen instituzionalizazioan pauso garrantzitsua izan da eta era berean, 155. artikulua aplikatu beharrik gabe, erkidegoen autonomia bete-betean murrizten duen araua dugu.

Bigarren galga, 2017ko uztailetik dator eta Espainiatik datorkigun arren, Eusko Jaurlaritzari ez zaizkio inposatuak izan. Izan ere, EAJren sostenguari esker finkatu da, alde batetik, administrazio guztietako aurrekontuek izan dezaketen gehieneko defizita: autonomia-erkidegoen defizitak ezingo du BPGaren %0,4 gainditu 2018. urtean. Era mailakatuan, 2020. urterako defizitik ezingo dela izan adostu da. Defizita debekatzearekin batera, superabitari ere jartzen dizkio mugak “gastu-araua” delakoa. Diru-bilketa ondo ez doanean, gastua murriztu beharra dago, defizitaren muga betetzeko. Ostera, diru-bilketa ondo doanean eta superabita dagoenean ere, gastua ezingo da BPGa baino gehiago hazi. Horrek esan nahi du, gastu publikoa, errenta mailaren hazkundearen azpitik haziko dela. Horrela urterik urte, sektore publikoaren tamaina murriztuz joango da. Finean, Keynes-en politika antiziklikoak gauzatzeko eta sektore publikoan pausu aurrerakoiak emateko legezko muga da. Maila bat gorago, arau neoliberalen instituzionalizazio prozesuan.

Ez gara oraindik heldu baloratzera, hezkuntzan, osasunean edota gizarte politiketan zenbat gastatuko den, baina honezkero susmatzen dut, aurrekontuaren muga guzti horiek ikusita, 2018. urtea ez dela hobea izango. Urte berria datorkigu  ku-ku ku-ku eta patrikak, tamalez, harriz beteta ditugu.

 

Subirano…zer?

Argia, 2017/10/29

Asteotan subiranotasunaz ari gara han-hemenka, berau aldarrikatuz eta defendatuz batzuk, ukatu eta zokoratuz beste batzuk. Subiranotasun kontzeptua mitoa dela esan ohi du Immanuel Wallerstein soziologoak. Termino hori erabiltzeak mundu-sistema honetan ondorio desberdinak ditu, erabiltzen dugun unearen arabera, ez baita berdin Donald Trumpek edo Carles Puigdemontek erabiltzen dutenean. Terminoak berez ez du ezer esan nahi, erabat ados nago. Izan ere, kontzeptua edukiz jantzi beharra dago, testuinguru batean kokatu. Berdin gertatzen da ere erabakitzeko eskubidearekin: gehiagorik zehazten ez dugun bitartean lausoa da eta kontzeptua gorpuzteko esparru eta lurralde jakinetan lekutu beharra dago.

Kataluniara joan gabe, goazen lan harremanen euskal esparrura eta kokatu gaitezen ostalaritza sektorean. Sektore horretan 45.000 pertsona inguru ari dira lanean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Horietatik 12.000 langile ospitale, erresidentzia eta eskoletako jantokietan ari dira “kolektibitateak” izeneko azpimultzoan.

Azpisektore jakin horretan EAEko Ostalaritzako I. Akordio Markoa sinatu zuten sindikatu nagusiek joan den urtarrilean. Honen bitartez Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako ostalaritzako langileei lehentasunez hemengo hitzarmen kolektiboa aplikatzea adostu zen. Akordioa, aseguru modukoa da, hemengo langileei hemen adostutako itunak aplikatuko zaizkiela bermatu eta Madrildik etor litezkeen murrizketen aurrean babesteko, bertako lan harremanak bertan erabaki daitezen. ELA eta LAB dira sinatzaile nagusiak eta sektore horretan ordezkaritza sindikalaren %77,48a dute beren esku. Zalantzarik gabe, gehiengo oso zabala ordezkatzen dute, edozein legebiltzarretako gehiengo kualifikatua baino are zabalagoa.

Bada, gure lan harremanen esparruan gutxiengo diren sindikatuek, CCOO-ek eta UGT-k alegia, erabakitzeko eskubidearen aurkako eraso benetan larria egin dute: Ostalaritzako I. Akordio Markoa inpugnatu egin dute estatuko patronalarekin batera. Jokaldi horrekin, lan harremanen euskal esparrua ukatu eta estatuko lan hitzarmenak inposatu daitezen eskatzen ari dira. Inpugnazioak aurrera egitekotan, latza izango litzateke kolektibitateetako langileentzat: hemengo lan hitzarmenen ordez estatukoak aplikatzeak soldataren %50eko murrizketa ekar dezake, eta urtean 50 lan ordu gehiago egin beharra. Finean, estatuko sindikatuek estatu mailako marko baten defentsan, ordezkaritza sindikala monopolizatzea dute helburu. Estatalizazioak lan baldintzen homogeneizazioa dakar berarekin eta CCOOek eta UGTk horren aldeko apustu garbia egiten dute, baita langileen kalterako denean ere.

EAEko lehendakari Iñigo Urkullu jaunak autogobernuaz asko hitz egiten du, solemnitate handiz. Baina jarrerak ekintzekin neurtzen dira eta lehendakariak akordioak egiten jarraitzen du norekin eta lan esparruko autogobernuaren aurka egiten duten sindikatuekin. Ez hori bakarrik, gurean gutxiengoa duten sindikatuekin hitzarmenak adosten segitzen du, gehiengo sindikala ukatuz eta zokoratuz. Aliantza horiekin joko demokratikoaren eta autogobernuaren aurka egiten du aldi berean. Baina lehendakaria eroso dago, hain zuzen ere aliantza horrek bake soziala bermatzen diolako.

Eta bai, Wallersteinek arrazoi du: erabakitzeko eskubidea oso kontzeptu ausoa da. Ez da berdin Urkulluk erabiltzen duenean edota euskal gehiengo sindikalak gauzatzen duenean. Galde diezaiegun bestela, kolektibitateetako langileei ea ezberdintasunik ikusten duten. Lehendakariak entzungor egiten duen arren, berak ere badaki, negoziazio kolektibo propiorako eskubiderik gabe, autogobernurik ez dagoela.

 

Belaunaldi berriko merkataritza itunak

Argia, 2017/09/24

Que-provoco-el-huracan-Sandy-2

Duela gutxi arte arrotz ziren guretzat TTIP, CETA eta gisa bereko merkataritza itunak. Belaunaldi berriko merkataritza akordioak dira, eta elite pribatuen interesak indartzea helburu izanik, boteretsuenen alde egiteko tresnak.

Bestela esanda, jabekuntza–desjabekuntza prozesuak areagotzen dituzten makineria dira: nazioarteko enpresak geroz eta eskubide gehiagoren jabe izan daitezen, pertsonak, jendartea, gizarte antolatua, emakumeak, etorkinak, langileak, ingurumena eskubidez desjabetzen dituzten bitartean. Harvey urakanaren irudira, parean duten guztia suntsitzeko gaitasuna dute akordio horiek. Harvey geografoak ezin hobeto jaso zuen “desjabetzearen bidezko metaketa” kontzeptuaren barruan bete-betean erortzen dira.

Belaunaldi berriko akordio horien amarruetako bat, Inbertsore-Estatua auziak ebazteko aurreikusten diren tribunal pribatuen sistema dugu. Mekanismo horri esker, enpresa transnazionalek zabalik dute zuzenean herrialde bateko gobernuaren aurka egiteko bidea. Esate baterako, eskualde jakin bateko gobernuak bere esparruan enplegu lokala sustatzeko gaitasuna ezabatuko litzateke. Merkataritza-pakete horien bitartez bermatu nahi da atzerriko edozein enpresak, tokian tokiko enpresen eskubide berberak izango dituztela. Argudio nahikoa da hori enpresa transnazionalentzat, tokian tokiko gobernuen aurka auziak irekitzeko. Auziok, isun ekonomiko astronomikoak ekartzeaz gain, demokraziaren aurkako eraso larria dira. Izan ere, tokian tokiko gobernuen burujabetza odolustuta geratzen baita.

Akordio Transpazifikoak (TPP) Ozeano Barearen inguruko hamabi estatu biltzen ditu (Japonia, Kanada, Malaysia, Singapur…) eta harritzekoa badirudi ere, AEBen ezezkoa izan zen 2017ko urtarrilean akordioa bertan behera utzi zuena. Zenbait komunikabide eta botere ekonomikok haustura hura Donald Trumpekin erlazionatzen duten arren, badago bestelako azalpenik. Egiatan, Trump gobernura heldu baino hilabete batzuk lehenago, hitzarmena erorita zegoen AEBetan: mugimendu sozial eta sindikalaren indarrari esker, Barack Obamak ez zuen behar adina sostengu lortu TPP aurrera ateratzeko.

Europan ere protesta antolatuak bere emaitzak jaso ditu TTIP eta CETAren aurkako borrokan, beren onarpena kolokan jartzeraino. Gizartearen presiorik gabe, CETA Europar Batasunaren (EB) erabateko eskumeneko akordiotzat joko zen eta Europako Kontseiluak eta Parlamentuak onetsi beharko lukete soilik. Baina gizarte presioaren ondorioz, Europako Batzordeak onartu behar izan du akordioak EBko estatu kideen eskumenak ukitzen dituela eta beraz, izaera mistoa duela. Hori dela eta, onartua izan dadin 28 estatu kideek eta zenbait gobernu erregionalek berretsi behar dute.

Akordioen bultzatzaileak, tamalez, etengabe azpilanean ari dira eta mehatxu berria jaurti dute berriki EBtik. Jean-Luc Demartyk –Europako Batzordeko Merkataritza saileko arduradunak– aditzera eman du aurrerantzean merkataritza hitzarmenak berresteko bidea aldatu nahi dutela. Aldatu-rekin esan nahi du: akordioen berronespena azkartu eta bidean sor daitezkeen trabak aurretik kendu. Finean, akordioak gaika apurtuta EBko herrialde kideen parte-hartzea saihestu nahi da. Horrela, lehenik eta behin Europako Batzordeak EBren eskumen esklusiboak ukitzen dituen kapituluak hitzartuko lituzke eta kanpo geratzen diren gaiak, gerora, banan-banan negoziatuko lirateke.

Harvey-ren atzetik Irma heldu da bidean topatu duen oro astinduz. Belaunaldi berriko merkataritza akordioak, izenez eta formaz mutatzeko diseinatuta daude, kosta ahala kosta, beraien egitekoa burutu dezaten: desjabetzearen bidezko pilaketa.

 

Blog at WordPress.com.

Up ↑