Ez, jauna? Bai, andrea!

Aiala Elorrieta, Manu Robles-Arangiz Fundazioa.

«“Langileengan erortzen da zama”, esaten dute. Ez, jauna: gezurra da». Esaldi honekin abiatzen da Gipuzkoako Ogasun buruari Sozietateen gaineko zergaren jaitsieraren harira, Berria egunkarian egindako elkarrizketa. Maskulinoan “ez, jauna” dioen Larrañagari “Bai, andrea!” erantzun beharrean nago, zergen zama langileek jasaten dutelako. 2016 urteko datuei erreparatzen badiogu, emaitza eskandaluzkoa: zuzeneko zergen bitartez langile klaseak %35,5are ekarpena egiten du, kapital errentek bilketa guztiaren %11 besterik ez. Zuzeneko zergei erreparatzen badiegu, lan errentek diru bilketan egiten duten ekarpena kapital errentek egiten duenaren hirukoitza da.

Elkarrizketa irakurri ahala, deseroso bezain dibertitua sentitu naiz. «Hemen ez daude Google eta horrelakoak; izenez eta aurpegiz ezagutzen ditugu enpresak eta enpresariak: herrikoak dira». Hemengoak badira, motibo gehiago bertako jende horren iruzur fiskala gertutik jarraitzeko. Ignacio Zubiri EHUko katedradunak EAEko iruzur fiskala urtean 3725 milioi eurotik gorakoa dela ebatzi du “Ekonomia ezkutua eta iruzur fiskala EAEn” izeneko txostenean. Diru bilketari dagokionean ardura diguna ez da enpresariak hemengoak diren ala ez. Axola diguna da ia enpresa horiek aberastasunaren zein zati partekatzen duten gizartearekin. Honetan ere, emaitza eskandaluzkoa da: errealitateak erakusten diguna da enpresen ia %80ak ez dutela zergarik ordaintzen: 2013ko datuen arabera, aitorpenen %55,2 negatiboak zirelako (hau da, galerak deklaratzen zituzten) eta sozietateen %23ak 6000 euro baino mozkin txikiagoak aitortzean, ez ziren zergak ordaintzeko gutxienekora iristen.

Larrañagak Europako Batasunari ere erreferentzia egiten dio eta bere hitzetan, «Europako batezbestekoan gaude pisuari dagokionez. Bilketa osoaren %6 da sozietate zerga». Europako Batasunarekin konparatzea ariketa egokia izan daiteke, baina honi testuingurua falta zaio. Alderatze horretan, ezinbestekoa da herrialde bakoitzaren tamaina kontuan hartzea. Hau da, sozietate zergaren pisuak alderatu behar ditugu baina herrialdeen BPG aintzat hartuz. Horrek, bestelako datuak jaurtitzen ditu: Europan Sozietate Zergaren pisua BPGaren %2,5 baldin bada (Eurostat), EAEn %1,5 da , askoz gutxiago beraz.

Funtsean, Larrañagaren hitzek ezkutatu nahi dute EAEn Europako Batasunean baino presio fiskal nabarmen baxuagoa dagoela. Presio fiskalaren kontzeptuak harremanetan jartzen du lurralde batean sortzen den aberastasun maila lurralde horretako diru-bilketarekin. 2015 urtean EAEko presio fiskala BPGaren %31,4 zela estimatzen da, maila europarra baino 7,3 puntu beherago. Azken batean EB-28rekiko distantzia horrek bistaratu egiten du, EAEn gure aberastasun mailari dagokiona baino gutxiago biltzen dugula zerga bidez, urtero 5.000 milioi euro gutxiago alegia.

5000 milioi euro urteko EBko batezbestekotik eta ongizate mailatik urruntzen gaituztenak. Eta ongizate mailaz ari garela, ederto dago Larrañagak Gini indizea aipatzea elkarrizketan. Bere aipamenak bidea irekitzen baitu gogorarazteko Gini indizeak herrialde baten barruko errenta desberdintasunak neurtzen dituela. Iruditzen zait, sozietateen zergaren murrizketa baten testuinguruan Gini indizea ahora ekartzea zinikoa dela. Izan ere, errenta desberdintasunak murriztu ahal izateko gastu soziala indartu beharra dago, hezkuntza, osasuna eta DSBE bezalako prestazioak direlako errenta desberdintasunean eragin nabarmena duten politikak. Esan diezagutela, sozietateen zergaren murrizketarekin eta EAEko aurrekontuetarako onartutako gastu-arauarekin, zein aukera geratzen den desberdintasunak murrizteko. Horretarako tarterik ez da gertatzen murrizketak aurrekontuetan eta zerga-bilketan aplikatzen direnean. Ez jauna.

Bila datozenean

Argia, 2018/01/14

Honako esaldi honekin –“naziak komunisten bila etorri zirenean, isilik geratu nintzen, ni ez bainintzen komunista”– hasten den diskurtsoak egin zuen ezagun honako beste hau: “Sindikalisten bila etorri zirenean, ez nuen protesta egin, ni ez bainintzen sindikalista”. Bertolt Brecht olerkari alemaniarrari egokitu izan zaizkio sarri hitzok, baina Martin Niemöller teologo protestanteari zor dizkiogu: “Nire bila etorri zirenean, ez zen inor geratzen protesta egiteko”. Hitzaldi hau 1946 urtean Frankfurten eman zuenetik haren bertsio asko idatzi dira. Izan ere, elkartasunaren eta solidaritatearen ereserkia baita.

Gurera ekarrita, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) ezbaian jarri eta murrizketak iragartzen direnean, denon bila datoz, denok baikara zaurgarri eta hauskor. Den-denok gara DSBE prestazioaren onuradun potentzialak, ez bihar, baizik eta gaur.

Lan merkatua desarautzera datozen erreformak, ez dira bakarrik soldatapekoen kalterako: erreforma horiek ere denon bila datoz. Outsourcing-aren fenomenoa ikaragarria da: ostalaritza sektorean oso nabarmena da, hoteletan gelak garbitzen lan egiten duten emakumeen kasuan. Geroz eta hotel gehiagok lan hori azpikontratatu eta outsourcing enpresen bitartez eskulan merkea kontratatzen dute. Hotelarentzat zuzenean lan egiten dutenek baino lan baldintza askoz miserableagoak dituzte langile azpikontratatuek; hitz gutxitan, lanordu gehiago soldata murritzagoen truke. Bide batez gainera, hoteleko garbitzaile direnen eta azpikontratatuta daudenen arteko banaketa indartu nahi du formula honek. Geroz eta sektore gehiagotan hedatuz ari da outsourcinga, industria sektorean baita esparru publikoan ere.

Dimentsio askotan banatu nahi gaituzte, sakabanatuta eta ahul nahi gaituztelako. Zure bila datozela sentitzen duzunean, zeu bakarrik egon zaitezen. Edo akaso, zu zeu ere ez. Gu-a apurtzeaz gain, ni-a bera ere apurtzera baitatoz. Komunikabideetan nagusi diren titularrak irakurtzea besterik ez dago. “Kontsumitzaileen %60k gehiegi gastatzen duela onartzen du”. Ematen du gizartean badaudela pertsona batzuk, “kontsumitzaile” direnak, eta besterik ez direnak. “Osasun zerbitzuen erabiltzaileen artean inkesta bat egin da” gisako albisteetan berriz, iradokitzen zaigu, gizartean badirela beste pertsona batzuk, aurrekoekiko zeharo desberdinak, “osasun zerbitzuen erabiltzaile” huts direnak. “Gurasoen elkarteek adierazi dute” irakurtzean, beste pertsona batzuk irudikatzen ditugu, ezberdinak hauek ere, “guraso” baino ez direnak.

Zergak ordaintzen dituztenak ere  ezberdinak dira, beste pertsona batzuk dira. Horrela azaldu zidan behin solaskide batek, haserre. “Errekontxo! Neu naiz eta guzti hori! Neu naiz kontsumitzaile, eta guraso, eta osasun zerbitzuen erabiltzaile eta zergak ordaintzen dituena! Eta pertsona ezberdinak izango bagina bezala azaltzen gaituzte komunikabideetan!”. Eta orduantxe irudikatu nuen nik laborategiko mahai batean etzanda gorpu bat disekzionatuta. Geldi eta isilik, hilotz.

Atomo hitzak zatiezina esan nahi du greko klasikoan. Horregatik euskaraz eta mendebaldeko hainbat hizkuntzatan, fisikaren esparruan erabili ohi dugu partikula zatiezin mikroskopikoa izendatzeko. Greko modernoan pertsona izendatzeko ere balio du atomo hitzak gaur egun: pertsonak partitu ezinak garelako. Jendartea adierazteko ostera kinonia esaten dute grekoek. Izan ere, kinos hitzak “komuna” esan nahi du, denena. Ondokoaren bila datozenean, denon bila datoz.

Sintagma

Greko klasikoan, syntagma hitzak, multzokatze edo taldekatze ordenatua esan nahi zuen. Eta hara, greko modernoan Síntagma erabiltzen dute (Σύνταγμα) estatu baten Konstituzio legeari erreferentzia egiteko. Síntagma izena du ere Atenas-eko suminduei esker nazioartean ezagun egin zen plazak: Konstituzio plaza, alegia.

oxi.jpg

Guri sintagma hitzak, sintaxia iradokiko digu eta eskola garaiko gramatika orduak ekarriko dizkigu gogora; perpausa gora,  aditz sintagmak behera, izen sintagmak gora…

Konstituzio lege eta gure analisi sintaktikoen arteko lotura, berriz ere greko klasikoan dago. Izan ere Síntaxis hitzak koordinazioa esan nahi zuen hizkuntza heleniarrean: syn  (elkarrekin, batera) eta táxis (ordenatzea, antolatzea). Era horretan, hitz, aditz eta perpausak ordenatzen ditugun modu berean, herriak ordenatzen dira Konstituzio legeen bidez. Hobeto esanda, herriak ordenatu egiten dizkigute, inposaketaren (eta ordenen) bitartez.

Gaurkoan zer ospatu ez dugunontzat, bitxikeria kuriosoa. Ospatzen ari zaretenoi, bejon deizuela Sintagma egun honetan!

 

Malenkonia

Behazun beltza, horixe da melankolia hitzaren jatorrian dagoena. Grekera klasikoan μελαγχολία (melanjolía) esaten zen, μέλας (melas, beltza) eta χολή,-ής (jolí) beltza) hitzez osatuta. 

Medikuntza modernoa heldu arte, Perikles-en garaiko Hipokrates medikuak eta bere ondorengo mediku hipokratikoek “humoreen teoria” garatu zuten. Teoria honen arabera, giza gorputza lau oinarrizko elementuz osatuta dago, lau (h)umorez edo lau likidoz: behazun horia, behazun beltza, odola eta gorroa edo flema. Lau hauen arteko orekan eta desorekan datza pertsona baten osasun egoera.

Behazun—beltza (h)umoreko dagoen pertsonak bizi zitue tristezia eta malenkonia sentipenei egiten die erreferentzia, beraz, malenkoniak.

Kukua

Argia, 2017/12/03

Kukuak maiatz aldera jotzen duenean, poltsikoan gordetako txanponen arabera urte osorako zoria neurtzen duenik badago. Kukuaren kantarekin batera heldu ohi zaigu ogasuneko errenta kanpaina eta horren neurria egiten dugu beste askok balorazioa: iaz baino gehiago edo gutxiago itzuliko diguten, ordaintzea egokituko ote zaigun… Tamalez, sinple bezain sinplista dira bai kukua eta baita zergen likidazioaren arau hori ere.

Abenduan, kukuaren kanturik gabe, onartu ohi dira urte berrirako aurrekontuak, eta Eusko Jaurlaritzak aurkeztu du honezkero 2018rako aurrekontu-proiektua. Aurretik dugun urtea baloratzerako orduan, diru-kontu horien atzean ezkutatzen denak era fidelagoan hurbiltzeko gaitu errealitatera. Badakit, erromantikoagoa da kukuaren kantua, eta askoz nekezago eta ulergaitzago zero asko duen zifra handiak baloratzea. Gainera, zifrak ezin dira era absolutuan konparatu: aurrekontuetako gastuen zenbatekoa herrialdearen aberastasun mailarekin eta bildutako zergekin lotuta ere badagoelako.

argia.jpgEsate baterako, 2017ko diru-bilketan hazkundea egon den arren, aintzat hartu behar da aurtengo diru bilketarekin 2007an genuen mailan kokatu garela. Beraz, ez gaitezen gehiegi emozionatu! Hamar urte behar izan ditugu 2007an genuen diru-bilketa maila berreskuratzeko eta bitartean, noski, aurrekontuak murriztu eta zorra handitu egin dira.

Horretaz gain, 2018ko aurrekontuproiektua baloratzeko orduan badaude baztertu beharreko bi kontu, aurrekontuen izaera goitik behera itxuragabetzen dute eta. Izan ere, aurrekontuaren tamaina %15ean murrizten da zorraren ordainketa eta AHTren tamainako lanak finantzatzeko diru aurrerapenak deskontatzen baditugu.

Hortik aurrera, aurrekontua mugatzen duten beste bi freno handi daude. Lehena 2011ko abuztutik datorkigu: kukua eta lurtar asko udako oporretako lozorroan ginen bitartean, Konstituzioaren 135. artikulua aldatu zuen Zapaterok Alderdi Popularraren sostenguari esker. Erreforma honen bitartez, instituzio guztiek lehentasun gorena eman behar diote zor publikoaren ordainketari. Hau da, tokian tokiko gobernuei, benetako aurrekontu-politika aurrera eramateko egundoko oztopoa ekarri du erreformak. Arau neoliberalen instituzionalizazioan pauso garrantzitsua izan da eta era berean, 155. artikulua aplikatu beharrik gabe, erkidegoen autonomia bete-betean murrizten duen araua dugu.

Bigarren galga, 2017ko uztailetik dator eta Espainiatik datorkigun arren, Eusko Jaurlaritzari ez zaizkio inposatuak izan. Izan ere, EAJren sostenguari esker finkatu da, alde batetik, administrazio guztietako aurrekontuek izan dezaketen gehieneko defizita: autonomia-erkidegoen defizitak ezingo du BPGaren %0,4 gainditu 2018. urtean. Era mailakatuan, 2020. urterako defizitik ezingo dela izan adostu da. Defizita debekatzearekin batera, superabitari ere jartzen dizkio mugak “gastu-araua” delakoa. Diru-bilketa ondo ez doanean, gastua murriztu beharra dago, defizitaren muga betetzeko. Ostera, diru-bilketa ondo doanean eta superabita dagoenean ere, gastua ezingo da BPGa baino gehiago hazi. Horrek esan nahi du, gastu publikoa, errenta mailaren hazkundearen azpitik haziko dela. Horrela urterik urte, sektore publikoaren tamaina murriztuz joango da. Finean, Keynes-en politika antiziklikoak gauzatzeko eta sektore publikoan pausu aurrerakoiak emateko legezko muga da. Maila bat gorago, arau neoliberalen instituzionalizazio prozesuan.

Ez gara oraindik heldu baloratzera, hezkuntzan, osasunean edota gizarte politiketan zenbat gastatuko den, baina honezkero susmatzen dut, aurrekontuaren muga guzti horiek ikusita, 2018. urtea ez dela hobea izango. Urte berria datorkigu  ku-ku ku-ku eta patrikak, tamalez, harriz beteta ditugu.

 

Euskalgrek

Hitzekin eta hizkuntzekin jolastea gustoko dut oso eta (inondik inora hizkuntza klasikoetan eta hizkuntzalaritzan aditua izan gabe) euskal-grek izeneko atal hau bitxikeria bilduma izango da.

Greko klasikoak gure hizkuntzari, euskarari, lagatako ondarea sekulakoa da. Gure ohiko hizketaldietan erabiltzen ditugun hainbat eta hainbat hitzek, aurrizkik, atzizkik, greko klasikoan dute jatorria. Bitxia dena zera da: greko modernoak klasikotik datozen hitz asko beste zentzu edo esanahi batekin erabiltzen dituzte. Hortik hamaika  xelebrekeri  sortzen dira!

Kosmos

Kosmos hitza, greko klasikotik datorkigu, κόσμος (kósmos), eta ordena esan nahi du.

Unibertsoa esateko erabiltzen dugu euskaraz,  espazio zabal eta infinituari erreferentzia egiteko.

Greko modernoan baina, bi zentzu hartzen ditu gaur egun hitzak. Zentzu zabal batean, kosmos, “lurra planeta” edo “gure mundua, gure gizartea” litzateke.  Maila lurtarragoan berriz, “jendea” da.  Gure unibertsoa deitzeko beste hitz bat dauka greko modernoak, σύμπαν (síban),  denaren batuketa esan nahi duena.

kosmosBitxikeria moduan, greziarrez kalean jende asko dagoela adierazteko, kalean kosmos asko dagoela esaten dute.

Bapatean, amoma.

Etxeko atarian Mari auzokidearekin topo egiten dudanero, nire aurrean sentitzen zaitut. Bere txorierriko bizkaitar euskara entzutean dudanero, zu agertzen zatzaizkit, goxo, maitakor. Bilbon Plazara noanean bertan lan egiten zenuela presente dut beti baina baserritarren postura porru bila noanean, berriro ere, bizi bizi zu agertzen zara, beste behin. Etxeko sukaldean ere gutxien espero dudanean somatzen zaitut, zuk egindako puntuzko azken jertsea, ilobei txiki geratu zaiena, semeak noiz jantziko zain zintzilik ikusten dudanero. Zure urtebetetze eguna da ostiralean, bigarren aldia izango da zurekin ospatu ezin duguna. Bapatean… amoma!

Subirano…zer?

Argia, 2017/10/29

Asteotan subiranotasunaz ari gara han-hemenka, berau aldarrikatuz eta defendatuz batzuk, ukatu eta zokoratuz beste batzuk. Subiranotasun kontzeptua mitoa dela esan ohi du Immanuel Wallerstein soziologoak. Termino hori erabiltzeak mundu-sistema honetan ondorio desberdinak ditu, erabiltzen dugun unearen arabera, ez baita berdin Donald Trumpek edo Carles Puigdemontek erabiltzen dutenean. Terminoak berez ez du ezer esan nahi, erabat ados nago. Izan ere, kontzeptua edukiz jantzi beharra dago, testuinguru batean kokatu. Berdin gertatzen da ere erabakitzeko eskubidearekin: gehiagorik zehazten ez dugun bitartean lausoa da eta kontzeptua gorpuzteko esparru eta lurralde jakinetan lekutu beharra dago.

Kataluniara joan gabe, goazen lan harremanen euskal esparrura eta kokatu gaitezen ostalaritza sektorean. Sektore horretan 45.000 pertsona inguru ari dira lanean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Horietatik 12.000 langile ospitale, erresidentzia eta eskoletako jantokietan ari dira “kolektibitateak” izeneko azpimultzoan.

Azpisektore jakin horretan EAEko Ostalaritzako I. Akordio Markoa sinatu zuten sindikatu nagusiek joan den urtarrilean. Honen bitartez Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako ostalaritzako langileei lehentasunez hemengo hitzarmen kolektiboa aplikatzea adostu zen. Akordioa, aseguru modukoa da, hemengo langileei hemen adostutako itunak aplikatuko zaizkiela bermatu eta Madrildik etor litezkeen murrizketen aurrean babesteko, bertako lan harremanak bertan erabaki daitezen. ELA eta LAB dira sinatzaile nagusiak eta sektore horretan ordezkaritza sindikalaren %77,48a dute beren esku. Zalantzarik gabe, gehiengo oso zabala ordezkatzen dute, edozein legebiltzarretako gehiengo kualifikatua baino are zabalagoa.

Bada, gure lan harremanen esparruan gutxiengo diren sindikatuek, CCOO-ek eta UGT-k alegia, erabakitzeko eskubidearen aurkako eraso benetan larria egin dute: Ostalaritzako I. Akordio Markoa inpugnatu egin dute estatuko patronalarekin batera. Jokaldi horrekin, lan harremanen euskal esparrua ukatu eta estatuko lan hitzarmenak inposatu daitezen eskatzen ari dira. Inpugnazioak aurrera egitekotan, latza izango litzateke kolektibitateetako langileentzat: hemengo lan hitzarmenen ordez estatukoak aplikatzeak soldataren %50eko murrizketa ekar dezake, eta urtean 50 lan ordu gehiago egin beharra. Finean, estatuko sindikatuek estatu mailako marko baten defentsan, ordezkaritza sindikala monopolizatzea dute helburu. Estatalizazioak lan baldintzen homogeneizazioa dakar berarekin eta CCOOek eta UGTk horren aldeko apustu garbia egiten dute, baita langileen kalterako denean ere.

EAEko lehendakari Iñigo Urkullu jaunak autogobernuaz asko hitz egiten du, solemnitate handiz. Baina jarrerak ekintzekin neurtzen dira eta lehendakariak akordioak egiten jarraitzen du norekin eta lan esparruko autogobernuaren aurka egiten duten sindikatuekin. Ez hori bakarrik, gurean gutxiengoa duten sindikatuekin hitzarmenak adosten segitzen du, gehiengo sindikala ukatuz eta zokoratuz. Aliantza horiekin joko demokratikoaren eta autogobernuaren aurka egiten du aldi berean. Baina lehendakaria eroso dago, hain zuzen ere aliantza horrek bake soziala bermatzen diolako.

Eta bai, Wallersteinek arrazoi du: erabakitzeko eskubidea oso kontzeptu ausoa da. Ez da berdin Urkulluk erabiltzen duenean edota euskal gehiengo sindikalak gauzatzen duenean. Galde diezaiegun bestela, kolektibitateetako langileei ea ezberdintasunik ikusten duten. Lehendakariak entzungor egiten duen arren, berak ere badaki, negoziazio kolektibo propiorako eskubiderik gabe, autogobernurik ez dagoela.

 

Blog at WordPress.com.

Up ↑